Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
MAMLAKET AL-QASAB

Eguneroko erresistentziaren metafora indartsua

Buda az sharm foru rikht” eta “Turtles Can Fly”, esaterako, errealitate gogorretan sustraitutako filmak dira, baina haurren ikuspegitik kontatzen direnez, haien gainean samurtasun laino arin bat zabaltzen da. Pelikula horiek amaierara heltzen direnean, ordea, aipatutako samurtasun hori itzali eta kolpe bortitz bihurtzen dira.

“Mamlaket al-qasab” film irakiarra multzo horretan sar daiteke. Komedia eta drama nahasten ditu; naturalismoaren zuztarretatik abiatu eta alegiaren lurraldean barna dabil. Lamia izeneko bederatzi urteko neska baten begiradatik kontatuta dago, Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotuta, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, eta gosea latza da herrialde osoan. Eskolan antolatutako zozketa batean, Lamiari tarta bat eramatea egokitu zaio; baina ez du ez osagairik, ezta horiek erosteko dirurik ere.

Narrazioaren ardatza osagaien bilketa da; bilaketa hori aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatzen da eta ikuslea, kale estuetan, errepide hautsietan eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtzen da. Filmak erakusten du nola erregimen totalitarioak eguneroko bizitza eta eskola bere mende hartzen dituen, eta nola behartzen dituen haurrak obedientzia politikoko erritual zentzugabeetan parte hartzera. Irudiek naturaltasuna bilatzen dute, baina egunerokotasun xumeenetik abiatuta atmosfera hertsi eta estua eraikitzen dute.

Istorio xume eta sinplea dirudiena duintasunaren eta eguneroko erresistentziaren metafora indartsu bihurtzen da horrela.

Bikaina da. Ez galdu.