Markel GARZON GOITIA
KOPA

Finalerdietan euskal derbia eta finalean euskal ordezkari bat

Athleticek eta Realak neurtuko dituzte indarrak joaneko partidan, otsailaren 11n, San Mamesen eta, itzulikoan, martxoaren 4an, Anoetan.

Marin eta Paredes, baloia harrapatzeko lehian.
Marin eta Paredes, baloia harrapatzeko lehian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Xabi Prietok, Realeko jokalari ohi handiak, egin zuen iragarpena atzo eguerdian Madrilen, zozketako bolatxoak atera zituenean: Athleticek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute Kopako finalerdietan. Beraz, nahitaez euskal talde bat izango da finalean. Bide batez, atzo zehaztu zuten finala apirilaren 18-19ko asteburuan jokatuko dela.

San Mamesen jokatuko dute joaneko partida datorren asteko asteazkenean, 21.00etan. Azken hitza Anoetak izango du, itzuliko partidan, martxoaren 4an; hori ere gaueko 21.00etan.

Bestetik, Atletico Madril eta Bartzelona jardungo dira elkarren aurka, lehendabizi Metropolitanon, eta, martxoan, Nou Campen.

1987an jokatu zuten zuri-gorriek eta txuri-urdinek azken aldiz Kopako kanporaketa bat elkarren aurka. Atotxako zelaian berdindu ostean, San Mamesen irabazi zuen Realak Bakeroren gol bati esker. Donostiarrek Zaragozan jokatu zuten urte horretan Kopako finala eta garaile atera ziren.

Denboraldi honetan birritan neurtu dituzte indarrak Ligan. Anoetan, Realak irabazi zuen azken minutuan, Gorrotxategik sartu zuen gol erabakigarriarekin. San Mamesen, Athleticek berdindu zuen dema Galarretaren gol bati esker.

Dena dela, Kopako lehen partida jokatu orduko, Ligan ipini beharko dute arreta biek. Txuri-urdinek gaur jokatuko dute, Anoetan, Elxen aurka. Zuri-gorriek, berriz, bihar jokatuko dute, San Mamesen, Levanteren aurka.

Zozketa amaitu ostean, Remirok hartu zuen hitza kanporaketa baloratzeko: «Bolada onean gaude, sentsazioak oso onak dira. Ilusioz gainezka gaude, berriz ere final baterako sailkatu nahi dugu; gure zaleek merezi dute final bat bizitzea».

Bestetik, Nico Serranok Mestallan erdietsitako garaipenaren balioa nabarmendu zuen: «Taldeak azken unera arte borroka egin zuen, buru-belarri aritu ginen garaipena eskuratzeko eta azkenean lortu genuen. Behar-beharrezkoa zen horrelako garaipen bat, finalerdietan egoteko eta San Mamesen horrelako partida bat jokatzeko».