«Zabortegia zergatik amildu zen argitzea da garrantzitsuena»
Zaldibarko zabortegian gertatutako hondamendiaren seigarren urteurrenaren atarian, Zaldibar Argitu plataformako kide Gaizka Zabarte NAIZ Irratian izan da. Auzi judizialen egoera, Lakuako Gobernuaren ardurak eta gertaera ahazteko arriskua izan ditu hizpide. Amiltzearen arrazoiak argitzeaz gain, Zabarteren ustez, «ardurak norenak diren» jakin behar da.

Zaldibarko zabortegian jazotako hondamenditik sei urte igaro direnean, oraindik ere galdera nagusiek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu du Gaizka Zabartek. Zaldibar Argitu plataformako kideak ohartarazi du auzia berriz ere aktualitatera ekarri duten azken informazioek ez dutela zertan egia argitzeko balio.
Zabarteren hitzetan, «azken asteotan gertatu denak begirada beste norabide batera eramateko arriskua dakar», eta azpimarratu du lehentasuna argia dela: «Zergatik amildu zen zabortegia eta noren ardurapean gertatu zen argitzea».
Plataformak gogorarazi du 2020tik zabalik dagoen ingurumenaren aurkako delituen auzia oraindik instrukzio fasean dagoela, eta etengabe luzatzen ari dela. Egoera horren aurrean, Zabartek adierazi duenez, «sei urte eta erdi igaro ondoren, ezinbestekoa da epaileak ikerketaren ondorioak argitara ematea eta ardurak seinalatzea».
Lakuako Gobernuaren papera bereziki azpimarratu du Zaldibar Argituko kideak, ikuskaritzan izandako hutsuneak direla eta. «Hau ez da enpresarien diru gosearen ondorio hutsa; administrazioak ahalbidetu egin zuen gertatutakoa», esan du.
Ardurak argitzeko itxaropenari buruz, Zaldibar Argitu plataformak jarrera zuhurra du. «Eszeptikoak gara, nahiz eta ikerketa epaitegien esku egoteak aukera bat irekitzen duen», esan du Zabartek. Gaur-gaurkoz Lakuako hiru teknikari daude ikertuen artean, baina ez dago arduradun politikorik.
Bestalde, zabortegiaren zigilatze eta berreskuratze lanek izan duten kostu ekonomikoari ere erreparatu dio Gaizka Zabartek. «Inork ez du sinisten enpresek milioika euroko kostu horiek ordainduko dituztenik», esan du, eta uste du gastu horiek «herritar guztion bizkar» geldituko direla.
Azkenik, Zaldibarrek betetzen zuen funtzioari buruz galdetuta, aitortu du ez dagoela informazio argirik gaur egun hondakin industrialak nora bideratzen diren jakiteko: «Galdera ona da, baina guk ere ez daukagu horrentzako erantzunik».
Ezbeharraren seigarren urteurrena dela-eta Zaldibar Argituk biharko deitutako elkarretaratzera batzera eta egia, justizia eta erantzukizunak exijitzen jarraitzera deitu du, Zaldibarko hondamendia ahaztuta gera ez dadin.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
