GARA
GASTEIZ

Aberri Eguna instituzionalizatzearen alde egin du Euskal Herria Baterak

Lizarran ospatuko du Euskal Herria Baterak aurtengo Aberri Eguna, martxoaren 28an. Foruen abolizioaren ostean Lizarrak izan zuen garrantziagatik erabaki dute bertan egitea. Gasteizen egindako agerraldi batean ospakizuna instituzionalizatzeko pausoak eman daitezela eskatu zuten, jai ofizial eta ospakizun bilakatu dadin.

Ekhine Atorrasagasti, aurrean, eta Mireia Epelde eta Carlos Etchepare, atzean.
Ekhine Atorrasagasti, aurrean, eta Mireia Epelde eta Carlos Etchepare, atzean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aberri Eguna instituzionalizatzeko bidean pausoak ematera deitu du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Aurkezpenean Ekhine Atorrasagastik, Carlos Etcheparek eta Mireia Epeldek hartu zuten hitza.

Aberri Egunean martxoaren 28an Lizarran egingo duen ekitaldia aurkeztu zuen atzo Euskal Herria Baterak, Gasteizko Foruen plazan egindako agerraldian. Aukeratutako lekuak badu zergatia, aurten 150 urte beteko direlako foruak abolitu zituztenetik eta gertaera horrek euskal pentsamendu nazionalean eragina izan zuelako.

Euskal Herria Baterak Aberri Eguna jai ofizial eta ospakizun egun bihurtzea nahi du: «Euskal herritarrok badugu egun nazional bat, ospa dezagun batera, eta landu dezagun denok, instituzioek zein mota guztietako eragileok, egun horrek merezi eta behar duen instituzionalizazioa», aipatu zuten.

«Nazioa gara eta nazioek bere nazio izaera ospatu eta aldarrikatu behar dute. Gainerakoek bezala, guk gauza bera egin behar dugu. Aberri Eguna balioan ezarri, sustatu eta instituzionalizatu dadin saiatu gara eta saiatuko gara», azpimarratu zuten.

Horretarako, euskal herritarrei dei egin zieten «nazioa egin eta nazioa ospa dezaten. Denboraren eta egungo egoera sozialaren poderioz sektore berrietara, aldarrikapen berrietara, hurbildu behar da Aberri Eguna».

LURRALDE BAKOITZAREN ESKUMENAK

Sustapenari dagokionez, Euskal Herria hiru lurraldetan banatuta dagoela gogorarazi zuten (EAE, Nafarroa eta Iparraldea), eta «euskal lurralde bakoitzak du eskumen nahikoa euskal nazioaren egunari eman behar zaion ofizialtasun eta aitortza maila emateko».

«Instituzioei soilik ez dagokie lan hori. Eragile guztioi dagokigu nazioa eta Aberri Eguna gure egutegi politikoetan kokatzea», esan zuten.

Azkenik, konbergentziaren aldeko dei berezia egin zuen Euskal Herria Baterak: «Askotariko ezberdintasunek zeharkatzen gaituzte, proiektu politikoetan, lurraldetasunean, izaera zein jatorrietan. Aberri Egunaren inguruan batzen gaituenarekin mezu bat helarazi nahi diogu euskal jendarteari eta munduari: Hemen Euskal Herria dago».

Hala, Aberri Eguna Lizarran ospatuko dute martxoaren 28an, eta bertan ospatzea erabaki dute, hain justu, Nafarroako udalerri hori foruen abolizioaren ondorioei aurre egiteko instituzionalizazio ahalegin politiko garrantzitsuenetako baten harrera- eta babes-leku izan zelako; alegia, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako Lizarrako Estatutuarena.

Datozen asteetan xehetasun gehiago emango dituzte ospakizun horren nondik norakoez.