GARA
TOLOSA

«Ertzaintzaren inpunitatea» amaitzeko deia Tolosan

Bi urte bete ziren bart Tolosako inauterietan Ertzaintzaren pilotakada batek Xuhar Pazos larriki zauritu eta begi bateko ikusmena galarazi zionetik. Elkarretaratzea egin zuten atzo zauritua izan zen lekuan eta «Ertzaintzaren inpunitatea» amaitzeko eskatu zuten.

Elkarretaratzea egin zuen atzo Xuhar Herri Plataformak Tolosan.
Elkarretaratzea egin zuen atzo Xuhar Herri Plataformak Tolosan. (Jon URBE | FOKU)

Xuhar Herri Plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Tolosako Soldadu kalean, duela bi urte Ertzaintzak botatako foam jaurtigai batek Xuhar Pazos zauritu zuen tokian bertan. Inpaktuaren ondorioz, eskuineko begiko ikusmena galdu du gazte billabonatarrak. Inauterietan gertatu zen, gaur bezala herria festa giroan murgilduta zegoen egun batean. Tolosako epaitegiak auzia bigarren aldiz artxibatzea erabaki zuen iragan abenduan.

Elkarretaratzean plataformako kideek nabarmendu zutenez, «bi urte dira Xuharren lagunentzat, familiarentzat eta Xuharrentzat berarentzat inoiz pentsatu ezina zen infernu bat hasi zenetik. Festa giroan eta inauteriez gozatzen ari zen kale honetan, ustezko istilu batzuei aurre egiteko asmoz sartu zen Ertzaintza; beraien esanetan gainera, bertan zeuden gazteek botilak bota zizkieten ertzainei».

Gogora ekarri zituzten orduko Segurtasuneko sailburu zen Josu Erkorekak esanak ere, eta salatu zuten sailburu ohia gazte billabonatarra ere «botilak botatzen ari zelako errelato gezurtia inposatzen» saiatu zela komunikabideetan, baina gerora irudietan «argi» ikusi ahal izan zela Xuhar ez zegoela inondik ere istiluetan parte hartzen eta distantzia batera gertatzen ari zena ikusten besterik ez zela ari. «Edonor izan gintezken Xuhar», zehaztu zuten.

PROPORTZIONALTASUNIK EZA

Plataformak atzo adierazi zuenez, beraiek «lehenengo momentutik» saiatu ziren «proportzionaltasuna ezbaian jartzen eta bertan zeuden agenteak auzibidean jartzen».

«Agerikoa da festa giroan eta jendez lepo dagoen kale batean segurtasun neurriak errespetatu gabe tiroka hastea ez dela proportzionaltasunez jokatzea. Baina, argi geratu zaigu beste behin, Ertzaintzaren jokabidea neurtu eta epaitu behar duten sailburu eta epaileek asmo argiak dituztela auzi hau, beste askoren moduan, artxibatu eta beste behin Ertzaintzari eta bere jokabide biolentoei inpunitate osoa eskaintzeko», hausnarketa plazaratu zuten, herritar andana bildu zuen agerraldian.

Plataformako kideen ustez, «arazo larria da herritarron segurtasuna bermatu behar duten horiek, gure osasuna eta ongizatea arriskuan jarri ez ezik, herritarrak larriki zauritzea ere». Xuhar ez dela «lehenbizikoa izan» eta «tamalez, ezta azkena ere» deitoratu zuten. Ildo horretan, Rosa Zarra, Iñigo Cabacas, Remi Ayestaran, Amaya Zabarte, Iker Arana eta Aritz Ibarra ere aipatu zituzten, «beste hainbaten artean» horiek ere Ertzaintzak zauritu zituela salatzeko.

«POLIZIA EREDUA EZBAIAN JARRI»

Horregatik, «polizia eredua ezbaian jarri eta Ertzaintzak biolentzia erabiltzeko duen inpunitatea amaitzeko unea» dela deritzote, eta horixe bera eskatu zieten arduradun politikoei. «Ertzaintza bera kontrolatzeko gaitasunik ez duen Segurtasun Sailari eta egun sailburu den Bingen Zupiriari biolentzia katea zuritzeari utzi eta biktimekiko errespetua adieraztea eskatzen diegu», egin zuten eskakizuna. Era berean, Ertzaintzak ezin duela bide horretatik jarraitu salatu zuten: «Ertzaintzak ezin du modu anakronikoan herritarrak larriki zauritzen jarraitu. Kalte atzeraezinak utzi zizkion duela bi urte Ertzaintzak Xuharri eta gaur egun oraindik oinazea sortzen jarraitzen dute zauri horiek Xuharrengan, zer esanik ez ikusmena erabat galdua duela eskuineko begian».

Bi urte hauetan babesa eskaini dietenei eskerrak eman zizkieten, eta iragarri zuten lanean jarraituko dutela aitortza eta erreparazioa lortu arte: «Xuhar eta gainontzeko zaurituek horren beharrezkoak dituzten aitortza eta erreparazioa jaso ditzaten, behar duen bidetik igaro arte auzibidea, biolentzia poliziala amaitu arte. Ezin da-eta gehiago luzatu».