Martxoaren 3ko sarraskian prentsak izan zuen papera, erakusketa batean Gasteizen
Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak prentsak 1976ko martxoaren 3ko sarraskian izan zuen paperari begiratua ematen dion erakusketa hartuko du martxoaren amaierara arte. Martxoak 3 elkarteko kideek eta komunikazio arloko zenbait profesionalek elkarrekin egindako lanaren emaitza da.

“Komunikazioa eta Memoria. Prentsa eta sarraskia: begirada kritikoa” izenburupean erakusketa zabaldu zuten atzo Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. Sei astez egongo da ikusgai, martxoaren 31ra arte. 1976ko martxoaren 3ko gertakizunen 50. urtemugako ekimenen parte da.
Azken sei hilabeteotan Martxoak 3 elkarteko zenbait kidek eta komunikazio arloko profesionalek gauzatu duten elkarlanaren emaitza da erakusketa. Helburua duela mende erdi bat Gasteizen gertatu zen sarraskiaren oroimena egungo belaunaldiei transmititzea da.
Horretarako, martxoaren 3 haren inguruan komunikabide garrantzitsuenek argitaratu zituzten lehen orrialdeak bildu dituzte, Euskal Herrian zein atzerrian publikatu zirenak. Bilduma lau multzotan banatu dute: Euskal Herrian argitaratutako prentsa, Estatu espainolean publikatutakoa, boterearen kontrolpetik at zeuden argitalpenak eta beste herrialde batzuetako prentsa. Guztira 25 lehen orrialde edo azal nabarmendu dituzte.
Horien osagarri, Luis Ziarrusta argazkilari gasteiztarrak garai hartan eginiko zenbait lan esanguratsu ere ikusgai izango dira, bai eta ikus-entzunezko labur bat ere. Horietaz gain, beira-arasetan, gertaera haiei buruz plazaratu ziren beste zenbait aldizkari, objektu, liburu, sasi-albiste eta gogoeta interesgarri ere jarri dituzte.
Erakusketa azalpenak entzunez ikusteko bisita gidatuak egingo dituzte asteazkenero. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta gehienez 15 lagunentzako tokia egongo da. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da.
Erakusketaz gain, bi mahai-inguru izango dira, otsailaren 18an eta 25ean, 19.00etan. Lehenean, garai hartan berriemaile jardun zirenak eta egungo kazetariak mintzatuko dira. Bestean, orduko hiru langilek asanbladaren balio sozial eta komunikatiboaz hitz egingo dute.
Bestalde, Zaramagako San Frantzisko Asiskoaren elizako obrak hasiak dira dagoeneko, eraikinaren egoera hobetzeko. Gogora Institutuak atzo ohar baten bidez gogorarazi zuenez, Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioaren patronatuak premiazko hainbat jarduera egitea onartu zuen abenduan, elizaren narriadura-egoera konpontzeko berehala esku hartu ezean kalteak areagotzeko arriskua zegoela eta.
54.000 euroko aurrekontuarekin eta sarraskiaren 50. urteurrena hurbiltzen ari denean, eraikinean «gutxieneko eta errespetuzko» lan batzuk egiten hasi dira, degradazioa saihestearren, birgaitze-lan osoago bati ekiteko moduan izan bitartean.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
