GARA
ROJAVA

Rojavako egoera «oso larria» dela salatu dute lau euskal ordezkarik

Siriaren menpeko Kurdistango Rojava eskualdera joan da Euskal Herriko ordezkaritza bat, han bizi duten gerra eta su-eten hauskorra bertatik bertara ezagutzera. Ohartarazi dutenez, oso litekeena da bertan daudenen aurkako «sarraski bat gertatzea».

Rojavara joan diren lau euskal herritarrak.
Rojavara joan diren lau euskal herritarrak. (GARA)

Euskal ordezkaritza bat iritsi zen joan den igandean Siriaren menpeko Kurdistango Rojava eskualdera, hangoek bizi duten gerra eta su-eten hauskorra bertatik bertara ezagutzera. Ohar baten bitartez azaldu dutenez, Rojavako zenbait gizarte eragile Euskal Herriko hainbat aktibistarekin harremanetan jarri ziren, laguntza eske, bizi duten muturreko egoera dela eta.

Bertaratutako lau kideak hauek dira: Mikel Zuluaga Uriarte, Global Sumud Flotilla eta Artea Sareko militantea; Garbiñe Elizegi Narbarte, mugimendu feministako kidea eta erizaina; Jose Javier Oses Carrasco, Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko, Irakasleok Palestinarekin eta GMG EH mugimenduetako kidea eta irakaslea; eta Lander Arbelaitz Mitxelena, euskalgintzako kide eta “Argia”-ko kazetaria. Adierazi dutenez, egoera «oso kritikoa» da bertan. Gaur egun indar kurduek Siriako Gobernuarekin su-etena sinatuta badaukate ere, oso hauskorra da akordioa. Kobane hiria setiaturik izan dute Siriako Gobernuko indarrek eta gaur egun inguratuta dago. «Beren bizkarrean, Turkiak eraikitako harresi izugarri bat dute, eta hortik ezin da ihes egin. Beren aurkako sarraski bat gertatzeko aukerak oso handiak dira», ohartarazi dute.

«Gainera, azkenaldian milaka pertsona iritsi dira bertara jihadisten sarraskietatik ihesi. Jakinarazi digutenez, Kobanen beldurra dute jihadistek akordioa apurtu eta hirian sarraski bat eragingo ote duten, dagoeneko drusoekin eta alaui komunitateekin egin duten bezala», gaineratu dute euskal ekintzaileek.

EZAGUTARAZI NAHIA

Gauzak horrela, Euskal Herriaren «berotasuna» eramaten saiatuko dira. «Ez daudela bakarrik esango diegu, eta hango egoeraren berri Euskal Herrira ekartzera goaz. Asmoa da bertako herritarren etxeetan lo egitea eta, bertako eragile politiko eta sozial ugariren bitartez, beren proiektuaren xehetasunak jaso eta gaur egun egoera nola dagoen ulertzea», azaldu dute.

Kobanek 2015ean erakarri zuen nazioartearen arreta, zenbait hilabetetako borrokaren ostean armada kurduak Estatu Islamikoa kanporatu zuelako. Garaipen hartan paper nabarmena izan zuten emakumeen unitate armatuek. «Ordutik, feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak ardatz hartuta, proiektu politiko hau asko garatu da eta erreferente eztabaidaezina bilakatu da nazioartean. Mundu justuago baten alde gauden herritar guztiok defendatu behar genukeen proiektua dela uste dugu, eta gaur egun erabat mehatxatua dago», esan du Rojavara joan den euskal delegazioak.