«Batbatean», tokiko eszenatik jendearekin bat egiteko jaialdia
Jimmy Jazz aretoak antolatutako Batbatean jaialdiak 45 talde eta 19 DJ bilduko ditu maiatzaren 15 eta 16an Gasteizko Mendizabalan, Euskal Herri osoko musika komunitatearentzat belaunaldiarteko topagunea berreskuratze aldera. Jaialdiaren helburu nagusia da tokiko taldeei garrantzia eman eta Euskal Herriko musika eszenan dagoen estilo aniztasuna agerian uztea, nortasun artistikoa eta publikoarekiko lotura erdigunean jarriz.

Abian da Batbatean jaialdiaren prestaketa, eta atzo aurkeztu zuten maiatzaren 15ean eta 16an Gasteizko Mendizabalan batuko diren musika talde eta DJen kartela, Gasteizko eta Euskal Herri osoko musika komunitatearentzat belaunaldiarteko topagunea berreskuratzeko lehen pausoa izango den jaialdiaren lehen edizioan.
Abenduan, jaialdiaren berri eman zutenean, 21 talde eta bost DJk osatzen zuten kartela. Atzo, «harro» esan zutenez, guztira 45 talde eta 19 DJ izango dira, bost agertokitan banatuta, eta musika elektronikoari eskainitako gune berezi bat, food truck gune bat eta kanpaleku bat ere egongo dira.
Batbatean tokiko eszenatik sortutako proiektua da, «aretoetatik, asteburuero kontzertuetara doan jendearengandik, urte osoan zehar musika zuzenean bizirik sostengatzen duen komunitatetik», eta helburu argia du: tokiko taldeei garrantzia eman eta Euskal Herriko musika eszenako estilo aniztasuna agerian uztea.
Kartelak nabarmen erakusten du aniztasun hori. Euskal Herriko eta Estatuko askotariko artistak daude; horietako askok «aretoak betetzen dituzte, badute publikoa, ibilbidea eta diskurtsoa, baina askok ez dute tokirik aurkitzen jaialdi handietan; izen txikiak haietatik kanpo geratzen dira». Hala, Batbatean jaialdiak «hiriko esparru klasiko bat» itzuli nahi dio tokiko eszenari, Gasteizko eta Euskal Herriko musika komunitatearentzat adin guztientzako topaketa bihurtuta.
«JENDE TXIKI ASKOK MUNDUA ALDA LEZAKE»
Egun musikan gertatzen ari dena islatu nahi du jaialdiak «hierarkia artifizialik» gabe, nortasun artistikoa eta publikoarekiko lotura erdigunean jarriz. Eduardo Galeanoren esaldi bat aukeratu dute proiektuaren espiritua laburbiltzeko: «Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda lezake».
Atzo iragarritakoak batuta, banda hauek osatzen dute jaialdiaren kartel potoloa: Aimarz, Ajou!, Annekdotas, Añube, Apotheke 90, Ateri, Bellum, Brigade Loco, Bull Brigade, Dinamita, Edu Zarfdoya, Etxeple, Ganibet, Gozategi, Hell Beer Boys, Hofe, Jarfaiter, Juantxo Skalari & La rude Band, Kaos Etiliko, Kaparrak, Lablackie, La Elite, La Txama, Lehen Lerroa, Los Zopilotes Txirriaos, Lukiek, Malakias, Malko, Maruxak, Metrika, Mikosis, Mirotz, Nafarroa 1512, Nerve Agent, Nevadah, No Limitsd, Roy Ellis, Safu, Santa Salut, Sedientos de Cumbia, Segismundo Toxicomano, Skabildean, Sustrai Berriak, Tatta eta Xiberoots. DJak ere ugari izango dira: Aida Blanco, Azken Erromantikoak, Brava, Carlos Perez, Gate-k, Iskra Selector, Lobas, Malandro, MDM b2b Mario Boss, Nelson, Pineaple Sweets, Posse b2b Noetika, Reimy,Rosa Mari, Saturday's Kids eta Wary.
Abonuak salgai daude www.batbatean.eus webgunean, eta sarrera fisikoak ere eskuragarri Hor Dago! tabernan (Jimmy Jazz aretotik hur). Aurreikusitako jende kopurua aise gaindituko dela uste dute.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
