«Baskonia izaera» taldeak nortasuna berreskuratu duenean soilik agertu da
«Biziraule bat naiz», esan zuen Paolo Galbiatik Kopa irabazi berritan kazetarien aurrean. Birritan egon ei da entrenatzaile lonbardiarra kalera joatekotan denboraldia hasi denez geroztik, eta bere taldeak bizirauteko sen hori berreskuratu du Kopan, arazo guztien gainetik arrakastatsu aterata. Horrela lortu du etetea Baskoniak Kopako titulurik gabeko 17 urteko bolada horren luzea.

Desengainaturik nago, pozik nagoen arren. Zergatik ez dago nire talde tekniko guztia prentsa areto honetan titulu hau ospatzen? Bai, badakit aldagelan ari direla horretan, baina nire ondoan izan dira honaino iritsi bitartean eta hemen ere neure ondoan nahiko nituzke. Ez dakizue zenbat maite ditudan!». Horra Paolo Galbiatiren aipua Kopa irabazi berritan, pozarren, harmailetan zeuden zaleengana igotzeko amorratzen -antolakuntzak ez zien laga ez berari, ez jokalariei, ez eta zaleei kantxara jaisten ere- eta bere taldearekin halako balentria lau haizeetara ospatu guran. Ezin da ezkutatu denboraldi gogorra izaten ari dela Saski Baskoniarentzat, nahiz eta 17 urteko gabezia boladaren ostean Kopa irabazteak denboraldia goitik behera aldatzen duen.
Aurtengo Euroliga aspaldi joan zen komunzulotik behera eta ACB Ligako play-offetan halako balentria bat errepikatzea kostatuko zaio Saski Baskoniari, ezin baita ahaztu Valentziako Kopa honek alde fisikoan orban asko utzi dizkiela gasteiztarrei. Khalifa Diop denbora puska baterako jokatu ezinik -Bilbon lesionatu bazen ere, Rodions Kurucs bezala-, Kurucs-en orkatilak noiz edo noiz tregoa beharko du, baina Tadas Sedekerskis itzuli aurretik hartzen baldin badu, Diakite, Omoruyi eta nor gehiago aritu beharko dira uztaipean? Josean Kerejeta, bera galtza motzak jantzita?
BADU BURUHAUSTERIK
Saski Baskoniak hemendik aurrera ere, asteburu honetan bere historiako zazpigarren Kopa bereganatu badu ere.
Galbiatik berak onartu zuen igandeko prentsaurrekoan, batean ez, birritan egon zela talderik gabe geratzeko zorian. «Biziraule bat naiz», bota zuen gero; denboraldi hasieran eta azaro madarikatu horretan bolada txarrak tarteko, Euroligan ezertarako aukerarik gabe geratzeaz gain, Koparako sailkatzea bera ere kolokan izan zen garai horretan, bere buruak azpil baten amaitzeko gutxi behar izan omen zuen.
Esan liteke abendu hasieran Unicajaren aurka Malagan irabazitako partida hark gauzak asko zuzendu zituela Baskonian; jokalarien rolak behin betiko finkatu zirela; denboraldia hasi ostean iritsitako Simmons, Omoruyi eta Radzevicius, bakoitza bere mailan, taldeari ekarpena egiten ari direla, Xevi Pujol kirol zuzendari berriak Manresatik zekarren ospea eta izen ona berretsiz.
EGIAZKO ITXURA
Natxo Mendaza kazetari gasteiztarrari entzutea beti da gomendagarria. Atzo Valentziatik etxerako bidean Radio Vitoriarentzat egin zuen gogoeta aintzat hartzekoa izan zen. «Baskoniak garaipen hau lortu du Baskonia izatera iritsi delako. Arazo ororen gainetik jartzea lortu du eta horrek eman dio arrakastarako giltza».
Urteak eta urteak dira Saski Baskoniak «Baskonia izaera» eta «nortasuna» kontzeptuak hitzetik hortzera darabiltzala. Buesa Arenan jokatzen den partida santu bakoitzean, zenbat aldiz errepikatzen ote du Joxe Felipe Auzmendi ezagunak «nortasuna!» berba? Eta ezin zaio Auzmendiri aurpegiratu errepikakorra dela, horixe baita talde gasteiztarrak kanpora begira saltzen duen irudia: izaera, nortasuna, eta Dusko Ivanovicek prentsaurreko batean euskara garbian gehitu zuen bezala, «nortasuna eta harrotasuna». Ez da “Red” Auerbach zenaren Bostoneko «Celtic Pride» hura, baina ez dago oso urruti.
Izaera hori ere garatu egin behar da, ordea. «Proiekturik onenak, funtzionatuko badu, denbora eta pazientzia behar ditu. Ideiarik onena izanda ere, ez du bihar emango fruitua, bere denbora behar baitu» esan zuen David Gil entrenatzaile ohiak elkarrizketa batean. Hara, behingoagatik, emaitza.
Kopa honetan nortasuna egiazkoa izan da, ez tarteka errepikatu beharreko leloa. Marcelinho Huertas gabe jokatzen ari zen Tenerife final-laurdenetan, baina 66na berdintzeko gauza izan zen partidak aurrera egin ahala, eta gasteiztarrengan urduritasuna hezurretaraino sartu zuen; aurrera egiteko kapaz izan zen, ordea. Bartzelonaren aurka 19-7 galtzen hasi ziren Paolo Galbiatirenak eta, atsedenaldira 37-38 aurretik ailegatu arren, azken laurdena hasi eta berehala 61-51 atzetik ziren.
ELKARRI LAGUNDUZ
«Gugan sinesten jarraitu dugu. Jokalari bakoitzak bestea babestu du eta lagundu dio. Gure arteko harreman onak eraman gaitu finalera; talde honetan ‘ego’ askorik ez dago, bat eginda dagoen taldea baikara», adierazi zuen Rodions Kurucsek igandeko finala jokatu baino ordu batzuk lehenago. Ikustekoa zen letoniarraren herrena hitzordura hurbiltzen ari zela. Horrela, herrenka, egin behar al zien aurre Tavares, Len, Garuba eta enparauei?
Zer esan finaleko hasierako 13-2 partzial horri buruz? Edo hirugarren laurdenaren amaieran Real Madril 72-64 aurreratu zenean? Oso ulergarria da zaleek nola ospatu zuten titulua eta nola ospatuko duten gaur. Baina, era berean, ulergarria da nolako zama kendu duten gainetik Paolo Galbiatik eta bere lantaldeak. Ulergarriak eta hunkigarriak ere, Kurucsen malkoak.
«Sufrimenduari zentzua aurkitzen badiozu, horrek gozamena dakar berarekin», esan du Dusko Ivanovicek. Esaldi huts eta soil izan litekeen hori hezurmamitu du Baskoniak Kopa honetan, eta horrek eraman du arrakastara.
Alde horretatik, dagoen tokian dagoela, pozarren egongo da Xabier Añua maisua ere. Baikorra azkeneraino, beti zuen itxaropena bere bihotzeko Baskonia -eta Bartzelona- edozeini irabazteko gai izango zela. «Energia ematen digun jendea gurekin dugun bitartean, borrokan jarraituko dugu», esaten zuen. Eta Kopa honek beste behin erakutsi du maisuak arrazoi osoa zuela.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El negacionismo de la Berlinale acaba en fuego cruzado: dejemos que arda

Denuncian la «desproporcionalidad» de la actuación sobre los aficionados
