Akats sistemikoen aurrean, aldaketa sistemikoa
Osakidetzako hainbat osasun etxetan txerto iraungiak jarri zituztela jakitera eman ostean, Osasun sailburuak Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea sortu zuen, Osakidetzako txertaketa prozesua aztertzeko. Horrek dagoeneko amaitu du lana eta plazaratu dituen ondorioak kezkagarritzat jo daitezke, txostenak Osakidetzako sistemaren akatsak agertzen baititu, noizean behingo hutsegiteetatik harago. Beraz, gertatu dena irudi lezakeen baino larriagoa da.
Hexabalente iraungien inguruan gertatutakoa ez ezik, txertoen trazabilitate sistema orokorra aztertu du batzordeak, txertoak erosten direnetik jartzen direnera artekoa, eta akats sistemikoen segida bat deskribatzen du. Informazio, trazabilitate eta benetako beharren balioespena egiteko erregistro sisteman mugak daudela dio dokumentuak, eta aurrekontura «ahalik eta gehien» mugatzea bilatzen dela; horren ondorioz, ohi baino txerto gehiago biltegiratu dira, eta ohi baino iraungitze-tarte laburragoa duten txertoak banatu dira; txerto loteen arrastoa farmazia-zerbitzutik galtzen da ESI gehienetan, txertoak bidaltzeko unean; ez dago definituta ESIetatik txerto-eskaerak egiteko prozedura komun eta zehatz bat, ezta gero zentro bakoitzari nola banatzen zaizkion ere, eta ESI bakoitzeko farmazia-arloak ez daki osasun-zentro bakoitzak zenbateko stocka duen; era berean, ez dago zehaztuta ESI guztietan prozedura komun bat hozteko ekipoen eta iraungitze-daten berrikuspen sistematikorako... Ikerketa batzordeak aurkitutako akatsetako batzuk dira.
Akats segida bat, oraintsu sortutako batzorde horrek detektatu arte, harrigarriro, haren zantzurik sumatu ere egin ez dutena. Kontu larria da, eta dagokionak bere gain hartu beharko luke erantzukizuna, ahal bada besteen ustezko xede ilunen lainoa alde batera utzita. Aldaketak egin eta neurriak hartu beharra dago, jakina, berriro halakorik gerta ez dadin, baina beharrezkoa da gauzak bestela egiteko borondatea erakustea ere. Hanka sartzen denean, onartu beharra dago, eta hanka-sartze huts bat baino larriagoa denean, erantzukizunei aurre egiteaz gain, zuzendu beharrekoa zuzendu beharra.

Buscan testigos que pudieron ver a «Basajaun» con vida en Bilbo

Krisiaren ondorioz lur jota, «pagozelaia» astindu nahi dute

El giro del PNV da aire al PSE y evita pedir responsabilidades al Estado
17 de marzo, huelga general
