Ion GARATE
OIARTZUN
Entrevue
UNAX LANDA
Baiko taldeko pilotaria

«Pilotaren jarraitzailea izan naiz txikitatik, odolean daramat»

Pilotari oiartzuarrak edozein pilotazaleren ametsa bete zuen urtarrilean: maila gorenean debut profesionala egitea. Olatu gainera igo zen urte hasieran eta ez da hortik jaitsi. Baikok itxaropen handia du Landarengan, eta bi urteko kontratua sinatu dute. Aimar Olaizolak esan zuenez, azken urteetako «atzelari inportanteenetariko bat» izan da afizionatuetan.

 

Madalensoro pilotalekuan, etxean, egin zuen debuta Unax Landak (Oiartzun, 2005) urtarrilaren 25ean. Urte oparoa osatzen ari da; izan ere, aurten jokatu dituen sei partidetatik bost irabazi ditu.

Gaur, Ruben Salaverriren lekua hartuko du; min hartuta dago errioxarra. Hortaz, Jon Ander Peñaren bikotekidea izango da, eta Salaberria-Gaskue bikotea izango dute aurkari. B Serieko finalerdietako partida izan arren, Oiartzungo pilotari gazteak urtarrilean salto egin zuen lehen mailara, Mariezkurrena ordezkatzeko, hain justu.

NAIZ Irratiak pilotari gaztearekin izan duen solasaldian azken hilabeteko sentsazio paregabeaz mintzo da.

Azken partida irabazita, pozik egongo zara. Gainera, garaipen erosoa lortu zenuten (Zabala-Bikuña 7 / 22 Larrazabal-Landa).

Bai, oso gustura. Markagailuaren aldetik ematen du ongi egin genuela, baina lan handia dago atzean. Oso pozik nago alde horretatik.

Pozik egongo zara azken egunotan bizitzen ari zaren guztiarekin, ezta?

Egia esan, azken hilabete hau oso polita izan da niretzat... Lehendabizi, debut profesionala; segidan, B Seriean Josu Eskiroz ordezkatu nuen; eta gero, Mariezkurrena lehen mailan.

Oso azkar joan da dena. Asimilatzeko astirik izan al duzu? Nahiko lasai hartu dut, partidaz partida gozatuz. Baina, bai, azkarregi joan da dena, eta

batzuetan momentu handi hauei ez zaie behar bezalako garrantzirik ematen.

Mariezkurrena ordezkatzen aritu zinen maila gorenean. Partida hartan, kanpotik nahiko lasai sumatzen zitzaizun. Nola sentitu zinen kantxan?

Nahiko lasai sentitu nintzen, egia esan. Horretan Larrazabalek asko lagundu zidan. Nik uste dut gustura geratzeko moduko partida egin genuela, baina ikusi zen lehenengo mailako abiadura beste bat izaten dela eta beste maila bat exijitzen dizula. Dena den, ikasteko, partida aproposa izan zen.

Zein motatako pilotaria zarela esango zenuke?

Atzelari jotzaile gisa definituko nuke neure burua. Eskuina izan arren, ezkerrarekin nahikoa konfiantza daukat. Batzuetan akaso eskuinarekin baino hobeto ere moldatzen naiz. Momentuz, alde horretatik gustura sentitzen naiz neure buruarekin, baina hobetzeko tartea daukat oraindik.

Izaera aldetik, kanpotik ikusita nahiko lasaia zarela ematen du. Halakoa zara?

Nahiko lasai ibiltzen naiz, bai. Astean zehar gustatzen zait lasai egotea, eta partida hori prestatu nuen beste bat izango balitz bezala. Testuinguruaren edo egoeraren arabera, gehiago edo gutxiago nabaritu daiteke urduritasuna, baina hori barrutik kudeatzen da.

Urtarrilaren 25ean egin zenuen debuta, eta 2026 ederra doa kirol arloan zuretzat.

Polita izango litzateke maiatzera arte horrela jarraitzea; batez ere eskatzen dut lesiorik ez izatea eta hobeto jokatzea.

Ezustean harrapatu zintuen profesional bilakatzeko aukerak?

Ez. Azkenean beti amesten duzu salto hori ematea, eta azken urteetan maila ona erakutsi dudala esango nuke, eta, gainera, emaitzek lagundu dute. Dena den, beste atzelari batzuk kristoren maila erakusten ari dira. Horregatik, nigan konfiantza hori jartzea polita izan da; oso eskertuta nago.

21 urte dituzu, baina urteak daramatzazu pilotan. Nola erantzun dizute eskuek?

Zortea izaten ari naiz alde horretatik, gutxi ari bainaiz sufritzen. Kimu eta gazte mailako etapetan okerrago pasatu nuen, pilotari askori gertatu zaien bezala. Hori ere kudeatzen ikasten da eta ikasteko tartea daukat aurretik; adibidez, ikasi dut takoak beste era batera ipintzen. Garai txarrak pasa ditut, baina irakaspenekin geratzen naiz.

Maila profesionalera salto egindakoan, zertan nabaritu duzu aldaketa handiagoa?

Aldaketa nabarmenena erritmoan antzeman dut; beste abiadura batean jokatzen da maila gorenean. Bestetik, pilotan ere aldaketa nabaritu dut. Pisutsuagoak dira.

Pilotaria zaren heinean, pilotazalea ere izango zara.

Txikitatik izan naiz pilotaren jarraitzailea; odolean daramat.