Korrikak gogoan
Gezi batek irudikatzen zuen edizioaren zenbakia hondo horian arrosaz margotu genuen, marretatik ez ateratzeko esfortzua eginez, eta egunetan landutako paperezko peto hori soinean jarrita zeharkatu genituen oihuka gure herriko kaleak. Etxean, ikasgelan eta lagunartean euskaraz aritzen ginen orduan eta, bota genituen aldarrietako askok ziur asko ez ziguten balio izan hain gertu genituen beste egoera batzuk begiztatzeko. Seigarren Korrika izan zen hura, gogoan dudan lehena, eta pauso haien oroitzapenak iltzatuta geratu zaizkit.
Lausoago hurrengo batzuk, Arantzazutik abiatu zen 10. edizioak nerabezaroari kantua jarri zion Gozategiren eskutik. Fermin Muguruzak osatu zuen “Big Beñat” abestia ere uste dut makina bat herritarren bizipenen sintonia izan dela. Ordurako, sentitzen genuen ageriago jendea euskarara biltzeko premia eta gu geu ere eremu batzuetan sakabanatuago genbiltzala ohartzen hasiak ginen. Goizaldeko ordu txikitan zein arratsaldez, norabide batean zein bestean herria gurutzatuz, korrika edota horretan ari zirenen pausoen kronika eginez... irudiak asko dira. Edizioz edizio, balio izan du jaia, aldarrikapena eta, batez ere, hausnarketa uztartzeko, tresnarik indartsuena baliatuta, emozioa. Gerora hartu nauen herrian egindako lehen Korrika ere oroitzen dut bereziki, bi bihotz batean, jaiotzear zegoen haurrak zer-nolako ingurua ezagutu zuen jada pentsakizunei batuta.
Aurtengoak bihar egingo ditu lehen pausoak Atharratzen eta Bilbora iritsi bitartean, ziur nago, aurrekoetan bezala, irudi, une eta sentimendu gogoangarriak utziko dituela, emozioak eta pentsakizunak eragingo dituela, eta arrasto indartsua opa diot. Urteak pasata, gogoratu nahiko nuke euskaraz aritzen direnek bide zuzena hartua dutela ohartu zirelako; euskarari jende berri asko batu zitzaiolako; gure haurrek lilura euskaraz eta euskaran topatu zutelako eta gazteek eskubidea ez ezik euskaraz aritzea konpromisoa ere badela ulertu zutelako, eragin eta egin. Irrintzia, oihua, kantua zein arnasestua euskaraz egin genituelako.

Harro agertu da euskararen aurkako helegiteak bultzatu dituen taldea

Auzapezen kontrako zigorraren eskutik, aldaketa franko lehen itzulian

Langabetuek eta ikastolek Korrika abiatu zutenekoa

«Los abusos judiciales que nacieron en Euskadi alcanzan hoy al PSOE»
