Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Banaketa (I)

Berlinen bizi den Basma al-Xarif artista palestinarraren “Morgenkreis” (Goizeko zirkulua, 2025) film laburrean bada eszena bat haurtzaindegi batean gertatzen dena. Haur batek aitaren berokiari heltzen dio indar handiz eta aita umearen eskuak kontu handiz berarengandik askatzen saiatzen da, haurtzainetako batek haurraren arreta desbideratzen duen bitartean. Gertaera arrunta ematen du eta umeak eduki edota haien zaintzan ibili den edonori ezaguna egingo zaio. Banaketaren beldurra da nagusi eszenan, banaketa onartzera behartua izatearen beldurra. Eszena politikoa da eta horretan badu kokalekuak zerikusirik. Haurtzaindegia (kindergarten) XIX. mendean asmatu zuten Alemanian eta denbora gutxian Europaren proiektu liberalean giltzarri bihurtu zen. Zaintzarako espazio neutrala izatetik urrun, haurtzaindegia historikoki umearen gizarterako sarbidea antolatzeko estatuak erabilitako lehenengo erakundeetako bat izan da. Diziplina-errutinen bidez (egunero egiten den goizeko zirkulua edo klase bilera, adibidez) umeak herritar bilakatzea da helburua. Ardura handiz kudeatutako banaketa prozesu bat dago bilakaera horren oinarrian: gurasoengandik banatu behar da haurra erakundearen parte izateko, etxea utzi behar du nazioan sartzeko, intimitate pribatua alboratu behar du ordena publikoan parte hartzeko.