IKER GURRUTXAGA
Entrevue
Ane Barrenetxea
Sua taldeko abeslaria

«Heldutasunak eta esperientziak ematen dizunetik sortutako diskoa da»

Besapean estudioko hirugarren diskoa dakarrela sartu da NAIZ Irratiko estudioetara Ane Barrenetxea, Sua taldeko abeslaria. “Bide ilunek argitzen zuten dena” (Balaunka, 2025) lana izan du hizpide, baina baita euskal eszena eta etorkizunera begira dituzten asmoak ere.

(Iker GOZATEGI)

«Sutea» izan zen lehen singlea, palestinarren genozidioari egindako kantua.

Momentu horretan guk musika erabili genuen ahotsa altxatzeko, musikaren balioa hori baita, aldarrikapena eta ikustea zelan kontziente garen gertatzen ari denaz, eta kritika. Denok dakigu zer gertatzen ari den eta guk musika egiten dugu, salatu egiten dugu, baina benetan egiten dugu zer edo zer hori ekiditeko? Ba, ahal dugun neurrian, ze batzuetan ezin da.

Bigarren kantuan, «Etsaiek», itxaropen mezu bat helarazi nahi duzue, baina doinuetan iluntasun dezente dago.

Sua nahiko ilunak gara betidanik. Diskoen izenak kontuan hartuta (“Ordu beltzak”, “Gorde genituen beldurrak” eta “Bide ilunek argitzen zuten dena”), zirkulu baten modukoa da, azkenean zerratzen dena, eta esperantza hor dagoela demostratzen duena. Iluntasun fase guztietatik azkenean argitasuna ere heltzen da.

Zuentzat trilogia bat ixtea bezala izan da?

Izan daiteke, bizitza beti da zirkulu baten modukoa.

1990eko hamarkadako soinuak badaude. Burura etorri zaizkit The Cardigans, Dover, Sixpence None the Richer, Avril lavigne edota Jet, baita Baboon Show bera ere.

Ados, nik horiek guztiak entzun baititut. Badu zentzu bat. Guk tankera horretako abestiak kontsumitu ditugu eta orduan nahi edo ez gure eraginetan ageri dira guk gure musika sortzeko orduan. Azkenean, zuri gustatzen zaizun hori da bilatzen duzuna. Kuriosoa da, ze “Loratzen” abestia, adibidez, nahiko alaia da, oso dibertigarria, eta lagunen batek esan digu, “baina hau ez da oso rockeroa, ezta?”. Alaiegia omen da guretzat. Baina iluntasunetik argitasunera, dena dantza bat da.

Nostalgia sortzen du kantu horrek, bideaz hitz egiten digu, lore ederrenak ere arantzak izan ditzakeela. Zuentzat badu nostalgia ukiturik?

Abesti horrekin nik asko konektatzen dut, nire bizitza pertsonalean bizi izan dudan momentu txar batekin. Ez nuen ikusten argitasunik, eta bukle negatibo horretan esperantza dagoela ikustea oso zaila da, baina gero konturatzen zara letrak esaten duenaz: “ni nintzen nire salbatzaile bakarra”. Ze hortik irtengo den bakarra zu zara eta behar duzuna da konfiantza eta denbora. Oso erraza da besteek zuri gertatzen zaizkizunak epaitzea eta aholkuak ematea, baina, iritziak iritzi, hori zu ari zara bizitzen. Eta letrak hori dio.

«Santu eta heroi» kantuan, protagonista baxua da.

Nik, musika egiten hasi aurretik, baxu lineak ez nituen ezberdintzen, niretzat denak ziren gitarrak. Orain ezin dut baxurik gabe egon. Niretzat asko biltzen duen instrumentua da eta kantuetan gehiago botatzen dut faltan baxua gitarra baino.

«Know It All»: ingelesezko kantuek ezin zuten huts egin.

Bai, abesti batzuek ingelesera eramaten naute. Saiatzen naiz euskaraz egiten, baina ez, batzuek ingelesa eskatzen didate.

Mezuari dagokionez, hasieratik diozu artea sortzea erresistentzia modu bat badela, baina eszenako matxismoari kritika argia eta lehiakortasunari zeharkako aipamena ere badaude.

Hasieran “Mr. Know It All” izendatzea pentsatu nuen, hau da, pertsona bat beti kritikatzen dabilena era sotil batean, “esaten dizut hau, baina ez hartu txarrera”. Ba, esadazu, badakit eta esango didazunak ez duela kutsu positiboa. Lehiakortasuna egon daiteke bi aldeetatik; esadazu, baina nik itzuliko dizut.

Oraindik ere, benetan hori pairatzen ari zarete?

Ba bai. Emakumeok ez dugu zertan kolpe bat jaso ikusteko hor indarkeria dagoela. Indarkeria modu askotara bizi daiteke, baita dosi txikietan ere, eta hori salatu egin behar da. Gauza txikietan ere indarkeria dago. Gu oholtza gainera igotzen garenean, nik badakit ez nautela epaituko soilik musikalki, epaituko dute fisikoki zelan nagoen, zelan janzten naizen, zelako jarrera dudan... Aldiz, mutil batek berdina edo zerbait esajeratuagoa egiten badu, ez du kritika bera edukiko. Oholtzara igotzen garen guztiak gara artistak, baina ez digute ematen balio bera. Errespetu bera, adibidez erreseinak eta idazten direnean.

Zuek rockean zaudete. Eszenan emakumeok asko hitz egiten duzue zuen artean. Alderik ikusten duzue pop eszenan dabiltzanekin? Rocka matxistagoa da?

Tratuan, guk edo popera batek jaso ahal duena berdina izan daiteke, baina bai esango nuke adibidez guk egiten dugun musika aurkezten dugunean gizonezkoek esan izan dutela, “ostras, neskak egiten ari dira rocka!” edo “neskak izateko ez dira horren txarrak”. Komentatu izan da. Eta nahikoa da.

Bestelako esperientziak ateratzen dituzue ahizpatasunetik. «Elektrizitatea 25» kantaren grabazioan parte hartu zenuten adibidez, edota BECeko indar erakustaldian.

Esperientzia horiek oso aberasgarriak dira; sentitzen zara komunitate baten parte. Baina ekitaldi handietan emakume piloa elkartzen gara abesti baterako, ikusten da emakume asko daudela musika sortzen, eta gero nik dudan sentsazioa da beti berdinak entzuten direla. Beste batzuei ere ahotsa eman behar zaiela uste dut.

«Rollercoaster» kantua single modura etorri zen. Cecilia Broström agertzen da bertan. Zenbat aldiz ikusi ote duzuen eta orain zuen kantu batean dago! Akordeetan nahiko bluseroa da segida, kantua sortu zenutenean pentsatu zenuten Ceciliarengan?

Ez. Abestia sortu genuen eta gero esan genuen oso Baboon Show zela. Kolaborazio bat egiteko ez zegoen hautagai hoberik. Eta hala izan da. Kontzertu askotxo eman genituen, Alemaniatik ere geratu zen zer edo zer, eta uste dut hor gertatu zela zerbait. Nik esango nuke haien eragina izan dugula.