Etchegarayk eutsi dio abertzale eta ezkertiarren erronkari mapa berrian
Jean-René Etchegaray Baionako auzapez hautatu dute herritarrek berriz, Elkarrekin Baionarentzat zerrendaren bultzadari eutsiz. Abertzale eta ezkertiarren aliantzak ez du aurrerapenik egin. Serge Blanco errugbilari ohia gailendu da Biarritzen, Arosteguyri aurrea hartuz. Bokale izan da abertzaleentzat albiste pozgarriena, lehenengo itzuliko gainerako garaipenak osatuz.

Baionan ia ustekabean sortutako lehiak Jean-Rene Etchegarayren aldera egin du bigarren itzulian. Jean-Claude Iriart buru zuen Elkarrekin Baionarentzat zerrendak zekarren abertzale eta indar ezkertiarren batuketa ez da Etchegaray kargutik alboratzeko nahikoa izan.
Boto portzentajean nabarmen gora egin du Euskal Elkargoko lehendakariak, aurreko igandean baino zortzi puntu gehiago lortuz. Eskuin muturrari keinua egina zion Etchegarayk, ezkerraren aurka egiteak lehentasuna izan behar zuela adieraziz. Bistan da hainbat boto-emailek jaso dutela mezua.
Horrekin bozen %50aren gainetik kokatu da Etchegaray eta neurri batean indarberriturik atera dela ondorioztatu daiteke. Horrela ulertu du berak, behintzat: «Gehiengo osoa lortu dugu. Egonkortasuna atxiki nahi izan dute herritarrek», adierazi zuen Etchegarayk.
Bere aldetik, Jean-Claude Iriartek aitortu zuen «nahiko argiki» erabaki dutela Baionako herritarrek momentuz behintzat ez dutela aldaketarik nahi. «Ez dugu dolurik, kontent gara aitzinera eraman dugun kanpainarekin eta sorrarazi dugunak zerbait emango duela uste dugu», baloratu zuen.
Bigarren arretagune nagusia gertu zegoen, Biarritzen, politikoki hain esanguratsua izan ez arren. Aurreikusi baino aiseago nagusitu zen agian Serge Blanco errugbilari ohia, bozen ia %42 lortuz. Maider Arosteguy orain arteko auzapezak ia hamar puntu gutxiago batu zituen. EH Baik eta ekologistek babestutako Ana Ezcurra hirugarren izan zen, baina lehia estu horretan portzentaje aipagarria lortuz: bozen ia %28.
BOKALEN ABERTZALEAK
Beste udalerriei begiratuta, Baionako txanponaren beste aldea Bokale da. Langile herria izan den honetan ustekabean abertzale eta ezkertiarren aliantza gailendu zen; Mathieu Horn izango da auzapez berria, EH Baik babestu duen eta abertzaleak eta ezkerreko ordezkariak batu dituen taldekoa.
Donibane Lohizunen eskuinak irabazi zuen erraz eta Jean-Francois Irigoyen izango da auzapez. Azkainen Benedicte Luberriaga hautatu zuten, zentrokoa, baina Azkaine Baiko Elorri Manterola ez zen urrun ibili; lau puntuko aldea. Urruñan, jada aurreikusten zen bezala, Filipe Aramendik galdu egin zuen auzapez kargua, Sebastien Etchebarne zentristaren mesedetan, alde nabariaz.
Kanbon, Peio Etxeleku nagusitu zen arazorik gabe. PNBk lagundutako zerrendaburuak, baina, Etchegarayren garaipena du albiste txar, Euskal Elkargoa gidatzeko bere asmoari ateak ixten zaizkiolako.
Mauleko herritarrek ezkerreko indar baten alde egin zuten berriz, eta Louis Labadot beteranoak eutsi dio karguari. Maulen ere abertzaleak izan ziren bigarren indarra.
Hendaian, lehen itzuliaren ostean zalantza batzuk izan arren, Kotte Ezenarrok karguari eutsi dio, nahiko erraz. «Gure zerrenda oso hendaiarra zen, Hendaiaren osotasuna ordezkatzen zuen», adierazi zuen.
MOSAIKOA OSATUZ
Bigarren itzuliaren mosaikoa lehenaren piezekin osatu behar da, jakina, herriko bozen argazkia argiago ikusteko. Lehenengo itzuliko emaitzak eskutan, 35.611 boto zenbatu zituen Euskal Herria Baik, duela sei urte baino 16.611 boz gehiago beraz, eta Senperen, Uztaritzen edota Donapaleun nagusitu ziren abertzaleak, Ziburun aurreko garaipena berresteaz gain.

Alerta por el nivel de arsénico y plomo junto a la planta de Sader en Zorrotza

«La capacidad de respuesta de Irán ha sorprendido a todo el mundo»

En Euskal Herria cada vez es más fácil contagiarse de ITS

Ejemplo de la traslación del eje del país
