Iñaki Viñaspre, finaleko beteranoa, txapeldun
Iñaki Viñasprek jantzi du Arabako txapela. Unai Anda eta biak iritsi ziren buruz burukora eta txapelak buru ezaguna topatu zuen, Viñasprek 2019an ere lortu baitzuen buru gaineko uztaia. Martxoak 3 elkarteko Santi Diaz de Espadak eta Nura Elorriagak jantzi zioten txapela. Txapeldunak ez ezik, txapel emaileek ere plaza zutik jarri zuten.

Korrikaren taupada sentitzen zen Gasteizko Europa Biltzar Jauregian atzo arratsaldean, Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. Ordu batzuk lehenago pasatu zen Korrika Gasteiztik eta euskara olatu gainean zetorren. Eta horrela osatu zuten finala bertsolariek, aparretan. Aretoa lepo beteta, bizi-bizi joan zen saioa. Iñaki Viñasprek hasieratik erakutsi zuen baduela ofizioa, ez alferrik 14. finala zuen atzokoa. Ariketa guztietan fin eta tarteka puntada oso zorrotzak emanez, buruz burukorako hautagai begitantzen zen. Alboan izan zuen saioaren azken txanpan Unai Anda, Zuiako bertsolaria eta finalista berria. Andari ez zitzaion igarri finalaren zama eta freskotasunetik eta ausart aritu zen. Sari ederra lortu zuen buruz burukoarekin. Segidan geratu ziren Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta. Biek ala biek egin zioten marka propioa finalari eta kinieletan ez zebiltzan oso urrun. Lau horiek lortu dute Txapelketa Nagusirako txartela. Bosgarren eta seigarren tokiak Maddi Agirrerentzat eta Martin Abarrategirentzat izan ziren, hurrenez hurren. Postuak postu, asmatu zuten plaza gozatzen eta goratzen.
TXAPEL EMAILEEI OMENALDI SENTITUA
Txapeldunari Martxoak 3 elkarteko kideek jantzi zioten txapela. Santi Diaz de Espada eta Nura Elorriaga igo ziren oholtzara elkartearen izenean, belaunaldiartekotasunaren erakusgarri. Aurten 50 urte bete dira martxoaren 3ko sarraskitik eta finalean zehar presentzia handia izan zuten 1976ko gertaera latz haiek. Aretoak zutik eta hunkituta egin zien harrera Martxoak 3 elkarteko kideei. Txalo zartada luze eta sentituaren ondoren abestu zuen txapeldunak txapelaren eskaintza: «Ze publiko ederra dugun ta ze boskote itzela/ egitan pentsatzen nuen aukerarik ez nuela/ martxoak 3 gogoan denok gaur arte bezela/ ta behin hasita hobeto bota ezkero kartzela/ ama etorri zait burura ezin zen izan bestela/ maite dut bere bisita, maite dut bere epela/ ta nahiz aspaldi dugun beste erdia joan zela/ aitarentzat ta zuretzat izan dadila txapela».
Viñaspre zen finaleko beteranoa, bai adinean eta bai final kopuruan. Ariketa guztietan puntuazio onena lortu zuen, seiko motzean izan ezik. Ariketa horretan Unai Anda nabarmendu zen eta segur aski hortxe lortu zuen buruz burukorako txartela. Buruz burukoan, eskarmentuaren eta ofizioaren patxadarekin, Abetxukukoa gailendu zen.
“Iparragirre abila dela” doinuan abiatu zuten buruz burukoa. Arabako finalaren ezaugarri da ariketa hori. Hauxe zuten gaia: «Duela gutxi hasi zineten elkarrekin lanean. Gaur, bazkarian elkarrekin hizketan, konturatu zarete pertsona beraren bikotea eta maitalea zaretela».
Viñasprek bikain ekarri zuen aurreko bakarkako lanaren haria. Bikoteari giltzurruna eman zion aurreko ariketan, maitasun erakustaldi eder batean. Bertsozaleak hunkitzea lortu zuen gainera. «... baina segitu nahi dut eraikitzen gu bion etorkizuna/ bihotza aspaldi eman banion zer dugu ba giltzurruna» amaitu zuen lehen bertsoa. Eta buruz burukoan, hauxe lehena: «Lehengo zerua gaur bapatean bilakatu da infernu/ buru barruan ze amorrua, zenbat kezka, zenbat mamu/ asko maite nuela/ esaten nun bezela/ orain guztia da damu/ giltzurruna ez nioke emango guzti hau jakingo banu». Unai Andak ere dotore josi zuen ariketa hori. Umoretik asmatu zuten biek plaza pizten. Azken ganbarakoan, berriz, Viñaspre goragotik aritu zen.
FINALISTA BERRIAREN FRESKOTASUNA
Unai Andak freskotik osatu zuen finala, aske aritu zen. Seiko motzean osatu zuen ariketa horren adibide da. Martin Abarrategi eta biak lankideak ziren, laneko bilera batean zeuden bakoitza bere telefonoarekin eta Tinderren match egin zuten. Bilera amaieran biak bakarrik geratu ziren. Abarrategik ireki zion bidea: «Eskuina eta ezkerra/ horixe dugu tinderra/ apur batean bilatu nahian norbere plazerra/ mezua ez da okerra/ ta hasi dagigun gerra/ lehen zitarako Unai ez dugu hau toki ederra». Eta Andak erantzun, «Ze toki match izateko/ baina hemen dagoeneko/ bakarrik gaude ta nire ustez gabiltza ederto/ astea ondo ixteko/ behar denera iristeko/ niri gogoa sartu zait ordu estrak egiteko».
Lehen bakarkakoan ere ederki asmatu zuen Andak. Gai jartzaileak azaldu zionez, droga mendekotasuna gainditu zuen berak, baina bere lagun minak ez. Hauxe Andaren lehena: «Herrian horrenbeste jai ta horrenbeste taberna/ goizean resaka baino etorri ohi zen galerna/ horixe zen gaztaroa ustez genuen onena/ eskutan hartzen genuen guk biok baso gardena/ kokainarekin hasi eta sartu behar dena/ beti ibili ohi ginen gu komunetan barrena/ genioen zer da gerta dakigukeen txarrena».
PERU ABARRATEGI, HIRUGARREN
Hirugarrena Peru Abarrategi izan zen. Goitik osatu zuen saioa eta buruz burukorako kinieletan bere izena ere entzuten zen. 17 puntuko aldea atera zion Andak saioaren lehen zatian. Seiko motzean perla ederrak utzi zituen Maddi Agirrerekin batera. Hauxe zuten gaia: «Lagunak zarete. Gazte garaian asko tatuatu zineten. Jada jubilatuta, kresta galduta eta azala flojo xamar. Gaur hondartzan horri buruz hizketan hasi dira».
Maddik ederki abiatu zuen bidea: «A ze gaztaro polita/ baina aldatu dut txipa/ lehengo ekintzen egin behar zaie gaur egun kritika/ denbora pasa da ti ta/ ikusiak ikusita/ iztar barnean beltz-beltza daukat Peru idatzita«. Hauxe Abarrategiren erantzuna: «Kristauen fedeak fede/ tatuatzea zen xede/ lehen ginenak gorputz lirainak, lehen ginenak trebe/ zahartzaroa bizilege/ ez dizu egin mesede/ nahiko lan daukat jartzen duena irakurtzeko ere». Eta bigarrenaren amaiera: «... nago aitortu beharrean/ kamisetarik ez dut kentzen nik iloben aurrean».
Laugarrena Aroa Arrizubieta izan zen, 2024ko txapelduna. Lorratz propioa utzi zuen oholtzan. Hamarreko txikian, Peru Abarrategi eta biak egokitu ziren elkarrekin. Gaia, berezia: «Pertsona berdinaren bi zapi zarete. Aroa mukizapia eta Peru zetazko fularra. Oporretarako maletan ezagutu duzue elkar». Aroak abiatu zuen ariketa: «Oporretara goaz hor biok jotasu/ ta ez diogu elkarri egin enbarazu/ zalantza bat sartu zait eta egin kasu/ mukizapia ni naiz edota zara zu/ ze zuk nik baino muki gehiago dauzkazu». Ez da makala mukizapi baten ahotik aritzea eta Arrizubietak irudimen ariketa oso jostalaria osatu zuen.
UMOREAK ALTXATUTAKO UNEAK
Hamarreko txikiko ariketan gaiak norabide horretan joan ziren eta emaitza ederra utzi zuten. Adibidez, Maddi Agirre eta Unai Anda abesti sonatu baten estribilloaren eta gainontzeko estrofen ahotik aritu ziren, eztabaidan ea zein zen garrantzitsuago. «Hemen estribilloak dira beti moda/ gogoratzen gaituzte guztiek gerora/ ai ta nire kantuan nago hain gustora/ Unai tarteko hori ez doa inora/ baina mundu guztiak daki ‘Aldapan gora’». Unai Andaren erantzuna ere, primerakoa: «Abestian daukazu luzea itzala/ baina amaitzen zara hasi eta berehala/ mezua nik neuk daukat hori da normala/ etorri zara hona zu harro bezala/ baina erdia larala larala».
Martin Abarrategik lehen finala zuen -Agirrek eta Andak bezala-. Uneren batean trabatu arren, bertsolari puska dela erakutsi zuen. Bakarkakoan, gai honi abestu zion: «Istripua izan zenuenetik gaur lehen aldiz zutik jarri zara». Lehena: «Aramaioko biztanle orok ikasi ohi du primeran/ Arrasatera joan behar dela maiz larunbat ilunkeran/ ta gu horrela geratu ginen ta pentsa kontua zer dan/ ia gaueko hirurak arte zerbeza genuen edan/ ta gero zuen etxera bueltan autoz zinderamaztedan/ bihurgunean atera arte lau gurpil gainean hegan».

Otegi se marca un Arzalluz, Esteban le da al eslogan y Pradales cuela trampitas

Iriart ezkerreko abertzalea da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Hilario Urbizu iheslaria Mexikon hil da, 45 urte itzuli ezinik eman ostean

¿Está el modelo D con PAI camino de la extinción?
