Jorge Diaz-Rullok 9c maila proposatu du «Café Colombia» bidearentzat
Martxoaren 13an, eskalatzaile madrildarrak Margalefeko (Tarragona) lerro horren lehen igoera egin zuen. Denera, bost urte eta 240 bisita behar izan ditu muturreko zailtasun horretako munduko bosgarren bidea biribildu ahal izateko.

«Oraindik zaila egiten zait sinestea benetakoa denik ere! Azken urteotan, den-dena proiektu horren inguruan oinarrituta egon da. Une zail asko egon dira, baina, nolanahi, egingarria zela amets egiten jarraitzen nuen. Nire muga guztiak ahal nuen modu guztietan gainditu ditut. Ñabardura txikienarekin ere obsesionatzen nintzen. Inoiz baino gogorrago egin dut borroka, eta ezinezkoa zirudien maila hori lortzen asko saiatu naiz. 240 egun igaro eta gero, dena lerrokatu zen eta nire ametsa egia bihurtu da azkenean ere. Betirako gogoan edukiko dudan borroka izango da hau».
Adierazpen horiek Jorge Diaz-Rullok egin zituen martxoaren 13an “Café Colombia” bidea (Margalef, Tarragona) kateatu bezain pronto. Bost urte eta 240 bisita eskatu dizkion helburu horren jarraipena egin duen edonork jakin bazekien lehen igoera horrek oihartzun zabala izango zuela mundu osoan zehar. Eta horrela diogu, zeren eskalatzaile madrildarrak “Café Colombia”-n egin duen balentriak kirol eskaladaren historian berezko lekua hartuko duelako.
Halaber, arrakasta erdietsi eta bidetik jaitsi bezain pronto eginiko adierazpen horietan ez zuen “Café Colombia”-ren inguruan proposamenik egin. Esaterako, lerroaren mailaren edo zailtasunaren inguruan. Horrelakorik egin ahal izateko, egun batzuez hausnartzen izan da, eta aste honetan bertan bere sare sozialetan “eztandaren” hotsak entzun ziren, alajaina.
Laburbilduta, Diaz-Rullok zera baieztatu zuen: «9c mailako proposamena egiten dut»; alegia, dagoenik eta gogorrena. Egun, kirol eskaladak 9c du zailtasun gorena, eta orain arte munduan egin den bosgarren proposamena da, Adam Ondraren “Silence”, Seb Bouinen “DNA”, Jakob Schuberten “B.I.G.” eta Sean Baileyren “Duality of man” bideez gain.
Argi eta garbi geratu da muturreko maila hori gainditzeko eskalatzaile honek lan eskerga egin duela. Bederen, denbora asko. Izan ere, 240 bisita egin dizkio, Margalefeko Racó de la Finestra sektore ikonikoan dagoen marra hori biribiltzeko. Prozesu luze horretan Diaz-Rullok behin baino gehiagotan aipatu ditu bere proiektuaren inguruko gorabeherak.
Bide horrek dituen ezaugarrien inguruan, adierazi zuen «benetako munstroa» dela. Protagonistak berak esanda, ikaragarria da alde guztietatik begiratuta: «Lerro zuzena da: 30 metroko ibilbidea eta 40 mugimendu ditu. Eroria ere handia: 45 gradukoa. Heldulekuei dagokienez, oso txikiak eta zorrotzak dira. Eta, oro har, atseden hartzeko aukerarik ia ez dago. Behetik ikusita ez dirudi egingarria denik ere, baina hura eskalatzeko heldulekuak beharrezko diren lekuetan kokatuta daude».
Eskalatzaile espainiarrak Anghelo Bernal kolonbiarrak ekipatutako “Café Colombia” lehen aldiz bisitatu zuen 2021eko udazkenean. Jakina, jatorrizko bidea osatzeko ezinezkoa iruditu zitzaion, eta sekzio ezberdinetan buru belarri jarri zen lanean. Urte horretan, adibidez, “Café solo” kateatu zuen, eta 9b maila proposatu zion hari. Jatorrizko bidearekin metro batzuk partekatzen ditu, baina, ondoren, zuzen jarraitu ordez, ezkerraldera egiten du ibilbidea. Hurrengo urtean madrildarra gai izan zen goiko sekzioa menderatzeko hainbat konbinazio egin eta gero. Besteak beste, “Carlota de Colombia” (9a+) eta “The journey in Colombia” (9b) lerroekin.
2023an, berriz, lerro osoan kontzentratu zen, eta une jakin batzuetan oso gertu egon zen lehen igoera hori behin betiko sinatzeko. Diaz-Rullok berak onartu zuenez, lerroaren azken giltzan edo mugimendu zailenean «hainbat eroriko» izan zituen. Alabaina, ez zuen etsi eta diogun bezala “Café Colombia”-ri puntu gorria jarri berri dio. Azkenean.
Munduko 9c mailako bosgarren proposamen horretan arrakasta izateko, argi eta garbi geratu da protagonista hori bikain moldatu dela Margalefeko estilora: erregeleta irristakorrak, hatz bat eta biko heldulekuak, oinen zehaztasuna, hatzen indarra…
Horren guztiaren inguruan, Diaz-Rullok hitz batzuk gaineratu ditu ere: «Indar fisiko handia eskatzen du, eta hatzekin trebetasuna ere bai. Horri guztiari gorputzak sufritzen duen tentsioa gehitu behar zaio. Teknikoki oso zorrotza da, eta erresistentzia handia eskatzen du. Jakina denez, nortasun handiko proiektu horretan buruak berebiziko garrantzia izan du. Besteekin alderatuta, alderdi hori oso ezberdina eta nahasia da. Urte asko izan dira ekinaldiak egiten, eta normala da une jakin batzuetan itxaropena galtzea eta arrakasta ez izateagatik frustrazioaren mende egotea».
«ORAINDIK ZALANTZAK»
Diaz-Rullok “Café Colombia” bidean izaniko bost urteko prozesua amaitu zuenetik orain arte oso adierazpen gutxi egin ditu. Horien artean eskalatzaileak esan du kateatu zuen egunean ez zuela «sentsazio berezik» nabaritu. Hala eta guztiz ere, onartu du eskalatu dituen «lau minutu ederrenak» izan zirela.
Aipamen gutxi batzuk salbu, biribildu berri duen helburuaren mailaren inguruan ez zuen hitz bat bera egin. Egun batzuk hausnartzen egon ostean, azken egunotan iritzia eman du. Hain zuzen, bere sare sozialen bitartez aurreratu du “Café Colombia”-k 9c maila duela. Nahiz eta muturreko zailtasunean eskarmentu aberatsa duen, oso zaila egin zaio proposamen hori ematea.
Aurretik, besteak beste, “Bibliographie” eta “Mejorando la Samfaina” zituen; biak ala biak 9b+. Baita 9b/+ mailako pare bat ibilbide, eta ia hamar 9b.
Hortaz, Diaz-Rullok oinarri sendoa izan du behin betiko proposamena egiteko: «Lehen igoera batentzat proposamen bat egitea beti da zaila, bereziki azken urteotan mugara eraman nauen proiektu batean. Egundoko ardura sentitu dut, besteak beste, nire aburuz munduko lerro zailenetako bat delako. Horregatik guztiagatik, eten bat egin eta lasai asko hausnartu dut azken hitza eman aurretik», onartu du eskalatzaile espainiarrak.
Bestalde, eskalatzaile madrildarrak gaineratu du maila hori proposatu aurretik saiatu dela emozioak alde batera uzten eta ahalik eta analitikoena izaten: «Ezagutzen ditudan kide batzuei iritzia eskatu diet, neurri batean izaera horretako jarduera bat maiz gure gainetik izaten dugulako. Nolanahi ere, zalantzak izaten jarraitzen dut, eta horiek ezingo ditut uxatu beste eskalatzaile batzuek ‘Café Colombia’ probatu eta iritzia ematen duten arte», onartu du, nolanahi.
Protagonistak onartu du bide horrek esfortzu maila ikaragarria eskatu diola, eta horrelakorik, fisikoki zein mentalki, ez duela bizi beste helburu batzuk egiteko garaian. Horrekin batera beste alderdi batzuk aipatu ditu, halaber: «Kondizioak eta azalaren egoera zailtasun gehigarriak izan dira. Horrek guztiak proiektuan egun gehiago igarotzera behartu ninduen. Bideari egotzitako mailan isla zuzena ez badute ere, ezin dira bidearen esperientzia orokorretik banatu. Dena den, aurretik egin ditudan 9b+ mailako bideak baino gogorragoa iruditu zait».
Hori aipatu eta gero, eskalatzaileak iradoki du “Café Colombia” bidea agian 9c baino gogorragoa izan daitekeela: «Nire eskarmentuan oinarrituta, hori iruditzen zait. Adibidez, Dareth Grader tresna erabiltzen badut edo bide guztia sekzioka aztertzen badut, 9c+ izan daiteke. Baina egia esan ez dakit zer den 9c+ bat. 9c/+ mailaren inguruan ere ez dut iritzi argirik. Horregatik guztiagatik 9c maila proposatzen dut. Uste dut aukera zintzoena eta agerikoena dela. Bederen, orain arte egin ditudan bide zailenen goitik dago. Azkenik, mailaren kontua alde batera utzita, pozarren nago izaera horretako eskalada bat erdietsi dudalako. Etorkizuneko errepikapenen eta bide horrek duen mailaren inguruko iritzien zain nago», amaitu du, pozik eta asebeteta, Diaz-Rullok.

Pandas de Euskal Herria

Alerta por el nivel de arsénico y plomo junto a la planta de Sader en Zorrotza

Ejemplo de la traslación del eje del país

El PNV se ve acuciado desde ahora a «enseñar que sigue en pie»
