Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Gizontasunak krak egiten duenean

Liburu garrantzitsua da Mikel Sotoren “Mirande: herriminez, ezin-minez”, neguko lorea euskal saiakeragintza kamutsean. Egiten duen ekarpenagatik Miranderen bizitzan ilunak diren pasarteak argitzen, egilearen ahalegina nabarmena da, eta, bestetik, estilo narratibo akademizista alboratzea lortzen duelako artxibo lan zorrotza auzitan jarri gabe.

Bereziki gustuko dudan pasarte bat da idazleak garatzen duenean Miranderen delako nazismo ez-praktikantean gizontasun eta familia instituzioen kraskatzeak edukitako pisua. Alegia, Mirande gaztearentzat astindua izan zela bere aita eta beste hamaika gizon frantses zintzok zeinen otzan bete zituzten tropa nazien aginduak Frantzia okupatu zutenean. Egiaztatzea gordinki «semeak uste zuena baino ahulagoa zela aita, edo, beste modu batera esanda, gizonagoak ziren naziak aita baino». Bere lagun bretoiekin bete zuen Mirandek gizon frantsesen koldarkeriak utzitako zulo hori, aktibista, abertzale, antifrantses, nazien kolaboratzaile gudan, naziak gerora eta intelektualki jantziak ziren horiekin.

Gizontasunak krak egiten duenean mozorro ugari erortzen dira eta horrek jendearen barrenak mugitzen ditu, onerako eta txarrerako. Miranderen kasuan gizontasun eredu sendoagoen bila, Sotoren obran aipatzen den “Emakume bat Berlinen” obra anonimoan, kontrara, sobietarrak Berlinera hurbildu ahala nazismoaren gogor planta karetak erori ziren emakumeen oinetara.

Mirandek berak aitortzen zuen arrazionalismoa mito huts bat besterik ez dela eta, hortaz, emozioei kasu egin behar diegu muturreko aldaketa sozial oro zenbaki hotz edo analisi materialista soilekin azaldu nahi dutenen aurrean. Bill Clintonen hauteskunde kanpainako “It’s the economy, stupid!” famatuaren kontrara, alegia. Salbuespen batekin. “New York Times” egunkariaren arabera 1.400 milioi dolar irabazi dituzte Trumpek eta bere familiak hura AEBko presidente denetik, negozio lotsagabeei esker. Kasu ez ote dabilen burtsa trikimailu eskasak egiteko munduari su ematen ari.