GARA
DONOSTIA
POLIZIA EREDUAZ EZTABAIDAN

«Donostiak ez du ‘euskal poliziarik’ behar», aldarrikatu du LABek

Kanpotik ezagutu gabeko egoera bat jakinarazi zuen atzo LABek Donostian: hamabost udaltzainek lanpostua utzi beharko dute apiril honetan, Arkautiko oposizio bateratuan parte hartzeko. «Udaltzaingoaren plantillaren galera iraunkorra» dela aipatu zuen, eta argi utzi zuen «Donostiak ez duela Udaltzaingoa eta Ertzaintza nahasten dituen ‘euskal poliziarik’ behar».

Bingen Zupiria eta Jon Insausti, martxoaren 11n izandako bileran.
Bingen Zupiria eta Jon Insausti, martxoaren 11n izandako bileran. (IREKIA)

Apirila iristearekin batera, «udaltzain eta ertzain oposizio bateratuaren 34. promozioak formakuntza hasi behar du Arkautin hilaren bukaeran, eta beste behin ere, Donostiak galera izugarria izango du bere Udaltzaingoaren plantillan», salatu zuen atzo LABek hirian, gutxitan bistarazten den arazo bati oihartzuna emateko.

Zehatzago, gaur egun «Donostiako Udaltzaingoan lanean ari diren beste hamabost udaltzainek alde egingo dute aipatutako promoziora», jakinarazi zuen sindikatuak. «Are larriagoa da arazoa, kontuan hartzen badugu hamabost horietatik lau udaltzain jada Donostiako Udaltzaingoan funtzionario izendatutakoak direla. Bertan plaza hartu, bederatzi hilabeteko formakuntza egin, Donostian lanean hasteko arropaz eta materialez hornitu eta, ondoren, alde egingo dute. SZKU, irrati operadore eta atestatutako formakuntza jaso eta urtebetera, praktikak amaitu ondoren, beraien bizilekuetatik gertuago dauden udalerrietara joango dira lanera, dagoeneko behin eta berriz gertatu den moduan», laburbildu zuen.

BADA BESTE BIDERIK

Donostiako Udaltzaingoak egoera hori dela eta jasaten duen «galera iraunkorra» ekarri zuen LABek gogora. Honen funtsa zera da, azaldu zuenez: «Arkautiko Polizia Akademiako oposizio bateratuen mende dago». Hala ere, «horri amaiera emateko bidea egon badago, dagoeneko EAEn beste zenbait udaletan erakutsi den moduan». Iaz iragarri zen Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek udaltzain izateko lan eskaintza bateratua egingo zutela, Ertzaintzatik aparte.

Honako hau erantsi zuen sail sindikalak: «Joan den martxoaren 11n, Donostiako alkatea mahaiburu zela izan zen bileran, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren elkarlana goraipatu zuten Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Udaltzaingoko agintariek segurtasunaren izenean: patruila bateratuen, prestakuntza planen eta Egiako komisaria proiektuaren garrantzia azpimarratu zuten, etorkizuneko bidea izan zitekeela iradokiz. Delituen portzentaje eta kopuruaren beherakada adierazten duten datuekin batera, ‘euskal polizia’ ere behin eta berriz aipatzen zutela ikusi genuen aldizkarietan. Donostiak ez du Udaltzaingoa eta Ertzaintza nahasten dituen ‘euskal poliziarik’ behar. Donostiak behar duena kalitatezko udaltzain zerbitzua izatea da, auzoetara iristen dena, gertukoa izango dena eta euskalduna», aldarrikatu zuen LABek.

BEREZKO LAN POLTSARIK EZ

«Errealitatea, tamalez, beste norabide oker batetik doa aurrera. Promozio guztietan alde egingo duten udaltzainak formatzen jarraitzen dugu. Ez dugu Donostiako Udaltzaingorako berezko lan poltsarik sortzen Donostiako Udalean. Eta arazo estruktural larriei ez diegu benetako irtenbiderik ematen. Atal txikiak osatu gabe eta etengabe formatutako udaltzainen galerari amaierarik eman gabe, ez dago egungo joera iraultzerik».

Egoi Aldalurrek eta Ibon Ostolazak sinatzen dute adierazpena, sail sindikalaren izenean. Horra bertan jasotzen diren zenbait galdera: «‘Euskal polizia’ benetan indartzea Udaltzaingoari dagokio ala betebehar hori Ertzaintza eta Udaltzaingoa nahastuz beste batzuen beharrak asetzeko eginiko proposamena da? Arazoak al ditu EAJk 8.000 ertzainen helburua betetzeko, 7.000ko muga psikologikotik jaitsi denean? Horri irtenbidea emateko bidea da honakoa? Egia al da Egiako komisaria mistora 25 udaltzain bidaliko dituela Donostiako Udalak, Morlanseko Udaltzaingoaren komisaria nagusian dauden arazoak konpondu gabe? Hori al da EAJren etorkizuneko polizia eredua, eredu mistoa? Noiz beteko du Martin Ibabek udaltzainoi duela hiru urte emaniko hitza?».

INSAUSTI ALKATEARI ESKEA

Jon Insausti alkateari «Donostiako Udaltzaingoaren Komisaria nagusian argazki politak ateratzeko joera alde batera uzteko» eskatu zioten, «eta udaltzain, langileen ordezkari eta herritarrekin gehiago hitz egitea, Udaltzaingoa eta Udaltzaingoaren zein atal nola indartu behar dituen jakiteko».

«EAEk badu bere ‘euskal polizia’: Ertzaintza. Beraz, konpon ditzala Bingen Zupiria sailburuak bere polizia indarrarekin dituen arazoak Donostiako Udaltzaingoa modu maltzurrean erabili gabe», adierazi zuen LABek.

«Ertzaintzako azken hauteskunde sindikalak Euspelek irabazteak zeresan handia du, zalantzarik gabe», baloratu zuen sindikatu abertzaleak.