Amaia EREÑAGA
ZETAK, KATEDRALERAKO BIDEAN

«Mitoaroa III»-ren unibertsoak Bilboko bihotza hartu du

Artista gutxik du Pello Reparazek erakutsi duen adin guztietako jendea mobilizatzeko gaitasuna. Prentsaurreko instituzional bat behar zuena izan -Bizkaiko Diputazioaren apustu ekonomikoa sendoa izan da, milioi bat eurokoa- topaketa eta kontzertu jendetsua bihurtu zen atzo eguerdian. Eta, Zetak-en unibertsoan, Bilbo euskalduna oso.

Pello Reparaz, kamioaren gainean, ikusleriari hitz egiten.
Pello Reparaz, kamioaren gainean, ikusleriari hitz egiten. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Baina ba al du ezer berririk kontatzeko?». Gure buruetan galdera horri bueltaka genbiltzala, Kale Nagusitik gora jo genuen atzoko goiz eguzkitsuan. Zetak-en “Mitoaroa III” ikuskizunaren inguruko aurkezpen instituzionalerantz gindoazela, dagoeneko gehiena aurkeztuta zegoela uste genuen. Bizitzan askotan gertatzen den legez, beti duzu oker zaudela ohartzeko aukera...

Zer genekien aurretik? 2025ean Iruñean eta Donostian bi lehenak eginda, aurtengo ekainaren 19an eta 20an egingo dela San Mamesen, Katedral-ean, “Mitoaroa III”, Pello Reparaz eta bere Zetak proiektuaren hirugarren ikuskizuna. Formatu handikoa izango dela, taldearen aurrekoak baino handiagoa -80.000 pertsonarentzako edukiera, guztira-, eta euskal musika talde batek sekula egin duen handiena; kontzeptuala izango dela -Pello Reparazen “zigilua”- , George Orwellen mundua oinarritzat hartuta, distopikoa.

Etorkizunean kokatuta, bi orduz fikziozko mundu batean murgilduko gaituzte musika, narrazioa eta teknologia erabiliz, galdera bat mahaigaineratzeko: nor gara eta nora goaz? Bitartean, salto, dantza eta ikuskizun oso batekin gozatuko dugu.

Bien bitartean, “atariko” edo entsegu orokor bat izan daitekeena bizitzeko aukera izan genuen. Diputazioaren aurrean, Bilboko Kale Nagusian, ehunka lagun. Adin guztietakoak, gazte zein adindunak. Kopurua handitzen joan zen eta, une batean, atzera kontaketa bukatu zenean, albo batetik joaldunak eta gure mitologiako pertsonaiak agertu ziren. “Mitoaroa III”-ren aurrerapentxo bat izan zen: «Zerbait garrantzitsua gertatzera doala sentiarazten zaituena», aurkezleak esan zuen bezala. Denok -orokorra izan baitzen- une oro mugikorrak gora genituen eta aurkezleak berak sareek eragiten diguten inkomunikazioa eta indibidualismoa aurpegiratu zigun. Beraz, hori izango al da “Mitoaroa III”-ren ardatzetako bat?

NEURRI HANDIETAN

Lehenengo Fitorekin gertatu bezala, eta gero ETSrekin -Bizkaia Arena hiru aldiz bete zuen- eta, orain, Zetaken “Mitoaroa III” honekin, Bizkaiko Diputazioak gure kulturaren aldeko bidean beste urrats bat egin duela aipatu zuen Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak. «Gure kulturan sinesten duen, gure kultura baloratzen duen eta bere talentuan konfiantza duen gizarte batez ari naiz», berretsi zuen. Milioi bat euro inguruko dirulaguntza eman dio Diputazioak “Mitoaroa III”-ri, Etxanobek esan zuenez.

Apustu indartsua, baina 700 lagunez osatutako lantalde batekin ikuskizun bat garatzea beste “kategoria” batean jokatzea da. Zenbatekoa da Zetaken aurrekontua? «Saldu diren sarrerekin jasotakoa dagoeneko gastatuta dago», zehaztu zuen Reparazek. Bera ezagututa, sinesgarria; ikuskizuna jartzen du beti bere aurretik. Lehenengo eguneko sarrerak agortuta daude; bigarren egunerako 2.000 gelditzen dira.

Bi hilabete eskas falta direnean, dena martxan dago. Edukiei dagokienez, ez zuen asko aurreratu; bai, esaterako, San Mamesek berak markatuko duela, bere dimentsioengatik, ikuskizuna. «Ederra da gertatzen ari den guztia, baina konplexua ere bai, proiektuak bere arantzak dituelako -aitortu zuen Reparazek-. Eta bide eta mundu berri hauek ahalik eta hobekien kudeatzen ari gara; Zetak eta gure ‘mobida’ guztia bilakatu den munstroa ahalik eta hobekien kudeatzen ari gara».

Eta kalean zeuden ikusleen deiei kasu eginez, Pello Reparazek hiru kantuz osaturiko mikrokontzertu bat eman zuen: bera ahotsean eta Enrike Solinis lautean. Eta mugikorrak gora berriro: Erdi Aroko instrumentu horren oihartzuna eta Arbizuko musikariaren modernitatea... “Mitoaroa III”-ren gosez.