Betiko botere gosea betebehar moralez jantzita
AEBk Iranen aurka egindako erasoetan eta Venezuelan Nicolas Maduro presidentea bahitzeko inbasioan adimen artifiziala erabili izanak kritika gogorra eragin duenean, Palantir Technologies konpainiak, AEBko Pentagonoarekin milaka milioiko kontratua duenak, manifestu bat argitaratu berri du, elite teknologikoek «nazio defentsan, Mendebaldearen berrarmatzean eta AAk markatutako aro berri batean» esku hartu behar dutela aldarrikatzeko. Venezuelan eta Iranen bezala, AEBn bertan ere erabili izan dute Palantirren teknologia; esate baterako, Minneapolisen, migranteen aurkako oldarraldian ICEren eskuetan jarrita. Israelek ere baliatzen du Gazan eta Libanon, eta Mendebaldeko hainbat herrialderekin ere sinatu izan ditu kontratuak; besteak beste, frantses eta espainiar estatuekin.
Silicon Valleyko enpresa hori Peter Thielek sortu zuen, eta hark Alexander Karp jarri zuen konpainiaren buruan, ordezkari nagusi gisa. Karpek berriki argitaratu duen liburu batean oinarrituta, manifestuaren funtsa betebehar «moral» bat omen da: teknologia-enpresa handiak ezin dira mugatu kontsumo-aplikazioak sortzera; aitzitik, nazioaren defentsan eta Mendebaldeko boterea berreraikitzen parte hartzeko betebehar morala dute. Diotenez, gizon-emakumeak gizateria kudeatzeko gauza ez direnez, teknologiak arduratu behar du horretaz. Ez dira eleberri bateko distopia batez ari, «errepublika teknologiko» batez baizik, haren iragarpena da.
Manifestuak agertzen duen joera ez da berria, baina esplizituki defendatzen dute orain, Donald Trumpen agintaldian, hain zuzen, momentu eta egoera aproposa baliatuta, demokrazia zantzu oro ezabatzeko proiektuak herritarrak asaldaraziko ez dituelakoan edo. «Zibilizazioa salbatzeko» proposamena ez da berria; ezta askatasunaren izenean herritarren gaineko erabateko kontrola aldarrikatzea ere, edo berdintasunaren gainetik hazkundea. Zaharra da hori guztia betebehar moralez janztea, milaka milioiko betebehar moralez, alegia. Herritarren subiranotasuna konpainia pribatuen eskuetan nahi dutenen aurrean, erakunde publiko sendoak behar dira, baina herritarren kontrol sendoa izango dutenak.

Icono de una época, profesor y pensador abertzale de izquierdas

«Kixkur», presoen itxaropenen eta ezkutuko herriaren idazle

«No es conflictividad, es conciencia de clase, trabajar y vivir en Aiaraldea»

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»
