Historia ez da errepikatzen: amildegirantz bultzatzen dugu
Historiatik ikasten dugu historiatik ez dugula ikasten». Georg Wilhelm Friedrich Hegel-en esaldi ezaguna sarritan ulertu izan da gizakiaren ezintasunaren adierazpen gisa, iraganeko akatsak saihesteko dugun ezgaitasunaren froga balitz bezala. Hala ere, interpretazio horrek ez du benetako arazoa harrapatzen: ez gaude huts moral edo kognitibo baten aurrean, ezintasun estruktural baten aurrean baino. Hegelen ustez, gizarteek ez dute jarduten iraganeko lezio abstraktuak kontuan hartuta, baizik eta une historiko bakoitzean agertzen diren behar eta kontraesan materialek gidatuta; horregatik, historiatik «ikastea» ez da posible Ilustrazioak planteatu zuen moduan. Garai bakoitzak bere burua berezitzat du, bere arazoak berritzat, eta horrek eragozten du iraganeko esperientziak modu zuzenean aplikatzea; ondorioz, historia ez da kopia gisa errepikatzen, baizik eta ondorio gisa, bere barne-logiken bidez.
Testuinguru horretan ulertu behar da Mark Fisher-ek proposatutako errealismo kapitalista. Fredric Jameson eta Slavoj Zizek-en esaldi ezagunetik abiatuta −errazagoa dela munduaren amaiera imajinatzea kapitalismoarena baino−, Fisherrek erakusten du kapitalismoa ez dela soilik sistema ekonomiko bat, baizik eta errealitatea bera ulertzeko marko bakarra bihurtu dela. Ez da metafora bat, diagnostiko bat da: kapitalismoa ez da aukera bat, pentsa daitekeenaren muga bera da. Hemen ideologiaren izaera bera aldatzen da: ez da jada eztabaidatu edo defendatu behar den sinesmen sistema bat, baizik eta esperientzia eta errealitatea bera antolatzen duen oinarria edo atzealdea, ia ikusezina baina erabat eraginkorra. Neoliberalismoak, ildo horretan, garaipen handiena ez du lortu ideologia gisa nagusitu denean, baizik eta ideologia izateari utzi dionean; hau da, osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta zaintza bera enpresa logikaren arabera antolatzea naturala dela dirudienean. Horren ondorioz, alternatiba ez da soilik ukatzen: pentsaezin bihurtzen da.
Horrekin batera, Slavoj Zizekek azpimarratzen duen ideia funtsezkoa da ulertzeko nola mantentzen den egoera hau: arazoa ez da jendea engainatua egotea, afera honek berdin diola baizik, eta, are gehiago, eguneroko bizitza egonkor mantentzearen beharrak sistema bere horretan onartzera eramaten duela. Ideologia gaur egun ez da sinesten den zerbait, egiten den zerbait da; subjektuek sistema kritika dezakete baina, hala ere, bere logiken arabera bizi dira. Aldi berean, diskurtso hegemonikoak errealitatea modu interesatuan antolatzen du: kapitalismoa askatasunarekin identifikatzen da inoiz baino askatasun material eta kolektibo gutxiago dagoen garaian; merkatuaren autorregulazioa aldarrikatzen da, nahiz eta krisi bakoitzaren konponbiderako ezinbestekoak izan esku-hartze eta diru publikoa; eta meritokrazia goraipatzen da baldintza materialek bizitzak zehazten eta baldintzatzen dituztela estaliz. Propaganda ez da gezur zuzena, errealitatearen antolaketa bera baino, zeinean zenbait elementu azpimarratu eta beste batzuk sistematikoki ezkutatzen diren, errealitatearen antolaketa selektiboa bihurtuz.
Analisi hori sakontzeko, Giovanni Arrighi-ren ekarpena funtsezkoa da, kapitalismoa ziklo sistemikoetan ulertzen baitu. Ziklo bakoitza ekoizpen fase batetik finantza fase batera igarotzen da, eta azken honetan kapitala espekulaziora bideratzen da, eta horrek sistemaren mugak agerian uzten ditu. Une horretan, krisia ez da ustekabeko gertakizun bat, baizik eta metaketa logikaren ondorio zuzena. Testuinguru horretan ulertu behar da faxismoaren agerpena: ez da ideologia erreakzionario bat soilik, krisi kapitalistetan agertzen den forma politiko espezifikoa da, burgesiaren hegemonia modu demokratikoan mantentzea ezinezkoa bihurtzen denean. Horren ordez, boterearen berrantolaketa autoritarioa ezartzen da, estatuaren zentralizazioaren, indarkeria instituzionalizatuaren eta gizartea diziplinatzearen bidez. Faxismoak ez du sistema hausten, berregituratu egiten du, metaketa logika bera bermatzeko; horregatik, ezin da ulertu anomalia gisa, baizik eta krisi kapitalista garaiko egiturazko edo aukera estruktural gisa.
Hori guztia kontuan hartuta, gaur egungo egoera ezin da salbuespen gisa interpretatu. Finantzarizazioa, desberdinkeria, lanaren prekarizazioa eta autoritarismoaren gorakada ez dira fenomeno isolatuak, baizik eta dinamika beraren adierazpenak. Ez gara iragana modu literalean errepikatzen ari; haren baldintza estrukturalak berreraikitzen ari gara, eta horrek erakusten du historiaren logikek oraindik ere indarrean jarraitzen dutela. Horregatik, gaur egungo unea ezin da krisi ekonomiko gisa soilik ulertu, muga historiko gisa baino, non sistemaren kontraesanek bere erreprodukzioa kolokan jartzen duten.
Eta puntu horretan, historiaren galderaren afera berriro agertzen da, baina beste modu batean formulatuta. Historiatik ikastea ez da iragana kopiatzea, baizik eta hura posible egin zuten baldintzak ulertzea eta horien gainean jardutea. Izan ere, historiak ez du berez askapenera eramaten; bere kontraesanek irekitzen duten eremuan, emaitza ez dago aurrez zehaztuta, eta krisiek askotan dominazio forma berriak sortu dituzte. Horregatik, gaur egungo auzia ez da historia errepikatzen den ala ez, baizik eta ea gai izango garen bere logika eteteko, ala berriro ere, baldintza berrien azpian, berreraikitzen utziko diogun.

Icono de una época, profesor y pensador abertzale de izquierdas

«Kixkur», presoen itxaropenen eta ezkutuko herriaren idazle

«No es conflictividad, es conciencia de clase, trabajar y vivir en Aiaraldea»

Xabier Sánchez Erauskin, periodista comprometido y muchísimo más
