Iria EPALZA MARKOARTU
Alkartasuna fundazioko kidea
KOLABORAZIOA

Extrema-dura erradikala

Gaztetan Piperrak taldearen “Gora Sartaguda” abesten genuenok ez genuen uste 34 urteren ostean, lelo hori berriro etorriko zitzaigunik burura albisteak entzutean... eta bai, extrema y dura izan da Extremadurako gobernu akordioa. Radikal-ak, hartu dituzten neurriak, baina erradikalki xenofoboak.

2026ko irailetik aurrera, ez da arabiar klaserik emango eskoletan. Atzerritik etorritako adin txikikoentzako zentro berririk ez da eraikiko, eta jada daudenetako plazak murriztuko dira. Espainiari legez onartzea dagozkion migratuen zerrendari uko egingo diote. Migrazioa sustatzen duten GKEei dirulaguntzak etengo dizkiete. Sindikatuen dirulaguntzak erdira jaitsiko dituzte. Garapenerako lankidetzarako funtsa gutxienekora uzkurtuko dute. Europak ezartzen duen agenda berdeari planto egingo diote. Zerrendak infernua ere leku atseginagoa bilakatzen du. Extrema y dura... benetan be!

Eta agian erradikalena zera da: milioi bat pasatxo biztanle dituen Extremadurak (1.055.197 urte hasieran) nazionaltasuna lehenetsiko duela hemendik aurrera. Hala adostu ei dute gobernukide izango diren bi ultraeskubiko alderdiek. Arazoak arazo, arreta instituzionala lehenik nazional direnei eskainiko zaie, eta gero, sobera bada, besteei. Zer zentzu dauka «prioridad nacional» delako horrek mugan bizi den lurralde batentzat? Ez ahaztu Badajoz hiriak berak Portugalekin muga egiten duela. Baina, ai!, mugaz bestaldekoentzat ezer ez, eta 850 kilometrotara dagoen zaragozar anaiari lehentasun nazionala emango diogu, oso-osorik! Muga naturala egiten duen Guadiana ibaia ere lotsatuta ezkutatu egiten da.

Eta nortzuk dira bada besteak? Estatistiken arabera, egun Extremaduran bizi den %4,1 besterik ez -Espainiako kanpotar tasa baxuena duen erkidegoa−, gehienak Maroko eta Venezuelatik etorriak nekazaritza sektorean lan egitera. 43.000 lagun, Extremaduran bizi, hezi eta lan egiten dutenak, bertako demografia arazo latzari konponbidea ekarri diotenak, bertako lurrak landu eta lurra zaintzen dutenak, bertako bizitza aurrera ateratzen laguntzen duten lagunak, bertakotzat onartzen ez dituztenak.

Badirudi Extremadurak sekulako immigrazio arazoa duela gainean, baina Extremadura zerbait bada, extrema eta dura izateaz gain, emigrazio herria ere bada. Amerikak “konkistatu” zituzten Francisco Pizarro eta Hernan Cortesetik hasita (azken hau bertako batekin enamoratua!) egun Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun hamazazpi Centro Extremeño-etako 75.000 kideetaraino. Espainian barreiatuta, 750.000 dira. Eta askoz gehiago Frantzia, Alemania eta Suitzara bizitza hobearen bila joandakoak. 1960tik 1975era, gobernukide diren bi alderdiek goresten duten frankismo garaiko «desarrollismo» betean (edo Gerra Zibileko galtzaileek pairatu zuten errepresio ankerrenean), biztanleriaren %40k alde egin zuen bertatik. Eta bertakoak, gutxi, barkatuak, eta zahartzen doaz. Bertakotu direnei esker ostera, lurra lantzen jarraitzen dute, piramidea gaztetu egin da eta demografia arazoa lausotu.

Ederra litzateke bestekotuak izan ez ziren 75.000 euskal extremadurar horiek udako oporrak probestu eta Extremadurara bidaia egitea. Ahaideak agurtu, arbasoen lurra sentitu, eta, batez ere, gobernukideekin hizketaldi luzea edukitzeko. Argi adierazteko nekez uzten duela sorterria sustraiak han dituenak, baina nekez ereindako lur berriek ere ematen dutela lorea, egoki ureztatuak badira. Eta horrela, bertakoentzat egindako Gobernu berri honek fruituak jaso nahiko balitu, ito baino, sustrai berriak ondo bermatu eta elikatu beharko lituzkeela; hori delako errotzea, hori delako erradikala izatea.