Nazioa, bateraezin eta bateragarri
Lagunen arteko elkarrizketa. Denak unibertsitateko irakasleak edo irakasle ohiak; adin desberdinekoak, beraz. Bat-batean, eztabaida eragin zuen gaia irten zen. Gazteenak iradoki zuen agian zaharrok nazio identitatearen izaera aldakorraz, hutsalaz, hibridoaz... ez garela jabetzen. «Nazio identitateek ez dute zertan izan kontrajarriak. Bota dut», esan zuen amaieran, anatema bat zelakoan, eta besteok barre egin genuen. Zaharrenok, hain zuzen ere, planteatu genuen nazio identitateak bateraezinak direla, beti gailendu behar dela bat. Ez besteen gainetik, moralki aztertuta; hots, ez dago nazio “hoberik”; baina bai politikoki gainerakoen maila berean. Alegia, nazioak subirano izateko eskubidea du, edo, bestela esanda, zilegia da inoren menpe ez egoteko desioa.
Geroago pentsatuta, uste dut denok geneukala arrazoi apur bat baina abiapuntua gehiago argitu behar zen. Hau da, ukaezina da egungo identitateak, oro har, ez direla sendoak, aldaezinak edo monolitikoak. Identitate sexuala da oso adibide esanguratsua, gizarte harremanen izaera likidoaren isla. Baina nazioak, bere burua subirano irudikatzen duen momentutik, ezinbestean, inoren menpekotasunik ez onartzea dakar. Eta posible da nazioak elkarren ondoan eta errespetuz bizitzea? Baiki. Demokraziari men eginez, estatu plurinazionalak egon daitezke, nazioen arteko harreman berdinzaleetan oinarrituta. Hala proposatzen omen du Espainiako ezkerraren zati batek. Eta nazio identitate desberdinak bizi daitezke batera lurralde berean? Berriro ere, demokraziari jarraituz, baietz erantzun beharko litzateke, nazioa eta estatua ez baitira gauza bera.
Abertzaleok bultzatuko dugun euskal Estatuan espainiar, frantziar, euskal herritar edo bestela sentituko diren pertsonak biziko dira, Euskal Herria maitaturik, bertako biztanle baitira. Euskal Estatuarekin bat egin ez arren, gutxieneko leialtasunari eutsi beharko diote, nork bere nazio identitateaz harago. Hartara, bateragarriak eta bateraezinak dira aldi berean nazio identitateak.

Icono de una época, profesor y pensador abertzale de izquierdas

«Kixkur», presoen itxaropenen eta ezkutuko herriaren idazle

«No es conflictividad, es conciencia de clase, trabajar y vivir en Aiaraldea»

Un tuit «indecente» del PSE dinamita la reunión entre Esteban y Andueza
