Estuasun txikia gaindituta, Laso finalerdietara sailkatu da
Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak erritmo bizia jarri du Atano III.enean, Dario bera ere kikiltzeraino. 2-16ko markagailua alde, garaipenak ziurra zirudien, baina Dariok erreakzioa bilatu du, finalerdietan multzoburu izateko xedez, eta hori behintzat lortu du.

Buruz buruko partida batek gorabehera askorako ematen du. Askotariko estutasunak sortu ohi dira. Horren adibide izan zen atzo Atano III.a pilotalekuan bizitakoa. Lasok aise menderatu zuen partida hasiera, 2-16ko partzialarekin, baina gogotik izerditu behar izan zuen ziurtzat ematen zen garaipena ondo lotzeko.
Dario estu hartu zuen nafarrak, errioxarraren dohain ugariak ezerezean utzita, izan sake indartsuekin, gantxoarekin edo jarritako erritmo biziarekin. Erauntsi baten gisara igaro zen nafarra Darioren gainetik eta, beraz, finalerdiekin pentsatzen jarri zen.
Gainera, multzoko buru izateko aukera ere eskura ikusi zuen; are gehiago, Dariok, 3-16ko sakean pasa egin zuenean. Errioxarra ez zen gai sakea mantentzeko ere. Baina txarrenetik onena atera zuen, edo gehiegi bete zen Laso, eta mamu guztiak azaleratu zitzaizkion nafarrari.
Dario hasi zen jokoa menderatzen eta, tantoz tanto, ortzi mugan gehiegi pentsatu gabe, lortu zuen helburu nagusia ere: multzoburu izatea. Hamahiru tanto behar zituen, eta bat gehiago ere egin zuen.
Garaipenaren borrokan sartuko zela zirudienean, Lasok bere abilezia atera zuen, zauria garaiz itxi eta 22. tantoraino iristeko.
ALTUNA III.A, KALEAN
Modu honetan, Unai Lasok ere lortu du finalerdietarako sailkapena, Dariorekin batera. Hala, egungo txapeldun Altuna III.a aukerarik gabe geratu da. B multzoa, bestalde, hurrengo astean erabakiko da.
Johan-Atain eta Urreisti-Basque, indartsu Bilbon
Iron Cup txapelketako lehen jardunaldia jokatu zen herenegun Bilboko Deportivo pilotalekuan eta bi bikote nagusi izan ziren: Johan-Atain alde batetik eta Urreisti-Basque bestetik.
Aurrelari biarriztarrari eta atzelari markina-xemeindarrari kosta zitzaien neurria hartzea, baina garaiz berdindu zituzten indarrak, Libois-Ibarluzea bikotearen aurka. Azkenerako, bi setetan irabazi zuten (10-15 eta 12-15) eta beraz, lau puntu batu zituzten.
Bi setetan menderatu zituzten, halaber, Urreistik eta Basquek Erkiaga eta Manci (9-15 eta 5-15). Donibane-Lohizuneko txapelketa irabazita, sasoiko daude mutrikuarra eta Bidartekoa. GARA

«Nire semeak balira bezala maite ditut Pantxoa eta Peio»

Arquitecto dentro del campo y empresario fuera de los terrenos

Apuntes para observar el primer eclipse solar total visible en un siglo

«No cambio nada de lo que he vivido, acarreo con las decisiones adoptadas»
