Lorcaren «Yerma», antzerkitik zinemara
Lara Izagirrek ekoitzitako hirugarren film luzea izango da “Yerma”, euskara hutsean egina. Bilbon, Leioako EHUko Arte Ederren Fakultatean, eta Grezian filmatuko dute. Maria Goirizelaia antzerkigilearekin batera idatzi du gidoia, 2021ean taularatutako antzezlana oinarri izanik eta Federico Garcia Lorcaren obra abiapuntutzat harturik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatea zinema-plato bilakatu zen atzo; ikasleak aktore bihurtu ziren ordu batzuetarako eta idazmahaien ordez kameraz, mikrofonoz, tripodez eta fokuz bete zen Leioako fakultateko gelatxo bat. Ikasle horiek, bigarren lauhileko honetako astearte arrunt batean bezala irakasleren baten gidaritzapean egon beharrean, Lara Izagirreren zuzendaritzapean ibili ziren. Zinema-zuzendari eta gidoilari zornotzarra, eta atzetik inurri-lanean dabilen lantaldea, hasia da dagoeneko “Yerma” film luzea grabatzen. Federico Garcia Lorcak 1934an idatzi zuen obra hori; gerora taularatutako antzezlanaren interpretazio eraberritua da hau. Gainera, euskara hutsean salto egingo du orain pantaila handira.
Idazle espainiarraren trilogia baten parte da landa giroan garatzen den tragedia hau, “La Casa de Bernarda Alba” eta “Bodas de Sangre” antzezlanekin batera, zehazki. Neska gaztearen izena mantendu dute obraren izenburuan. Yerma Juanekin ezkonduta dagoen neska gazte bat da eta haurrak izatea du amets. Horregatik ezkondu zen harekin. Halere, Juanentzat hori ez da lehentasuna. Hala, XX. mendeko landa eremuko emakume baten egoera itogarria kontatzen du.
Bertsio eraberritu honetan, 36 urteko emakumea da Yerma, eta eskultura irakasle lanpostu finkoa lortu berri du EHUn. Etxe berria estreinatu ondoren, espero den egonkortasuna lortuta, ama izateko nahia gero eta indartsuagoa da berarentzat. Amatasunaren eta antzutasunaren gaineko presio soziala eta ugalketa lagunduaren dilema etikoak aztertzen ditu filmak, besteak beste. Hori bai, jatorrizko testua alde batera utzita, bertsio berri honek narratiba eraldatzailea planteatzen du, non protagonistak bere etorkizunari buelta emateko bidea aurkitzen duen.
Oholtzatik pantaila handira
Pelikulako hamar minutu hartuko ditu Arte Ederren Fakultatean atzo filmatutako eszenak. Goiz osoa eman zuten horretan. Etenaldi batean Lara Izagirre zuzendariak (Zornotza, 1985) eta Ane Pikaza aktoreak (Bilbo, 1986) tartetxo bat atera zuten hedabideekin hitz egiteko.
“Un otoño sin Berlín” eta “Nora” film luzeak ekoitzi ostean, gogotsu eta ilusio handiz hartu du hirugarren hau Izagirrek. Aitortu zuenez, duela hogei bat urte irakurri zuen Lorcaren obra, eta taularatu zutenean sortu zen pantaila handira eramateko ideia. Hain justu, Pikazak berak antzeztu zuen Yermaren papera.
«2022an etorri ziren nigana, antzezlan hau pelikula bat izan zitekeela planteatzera. Hasieran, beldur nintzen. Baina hurrengo egunean bertan gidoia eskatu nien», aipatu zuen Izagirrek.
Hirugarren pelikula honetan, «asko gozatzen» ari dela aitortu zuen, batez ere konfiantza eta eskarmentu handiagoz hartu duelako. Gainera, atzean talde «itzela» daukala azpimarratu zuen.
ARNASGUNE BAT
“Nora” pelikulan bezala, Pikaza du bidelagun film honetan ere. Irakasle gisa aurkeztu zen atzoko eszenan; antzerkian ere Yermaren papera egitea egokitu zitzaion. Praktika eta esperientzia motxila barruan izan arren, onartu zuen antzerkia eta zinema «kirol ezberdinak» direla. «Antzerkian, irten baino bost minutu lehenago urduri jartzen zara, badakizulako bi ordu egongo zarela zaldi baten gainean bezala», esan zuen.
Hunkituta ere bazegoen, berez Arte Ederretan lizentziaduna baita. Korridore horietan ibili zen ikasle garaian, alegia. Filmak izan dezakeen garrantziaz mintzatu zen Pikaza eta nabarmendu zuen «arnasgune bat» izan daitekeela emakume askorentzat: «Emakumeak gara, adin berekoak, eta gure belaunaldiko gai garrantzitsu bat jorratzen ari gara, ezkutuan mantendu dena. Horretarako, emakume asko elkarrizketatu ditugu, ama izateko desio handi bat izan dutenak eta lortu ez dutenak. Horiek bultzatu gintuzten proiektua aurrera eramatera».
Bestalde, Izagirrerekin batera filmaren gidoilaria da Maria Goirizelaia antzerkigilea ere (Bilbo, 1983) eta 2021ean estreinatutako antzezlana da filmaren oinarria. Goirizelaiak aipatu zuenaren arabera, berez antzerkia eta zinema kode ezberdinak izan arren, esentzia bera mantendu nahi izan zuten gidoian: «Istorio unibertsala da. Uste dugu gure inguruko emakume anitz sufritzen ari zirela egoera hori. Hortaz, merezi zuen pantaila handira eramatea».

Tímidos pasos europeos tras el maltrato a los activistas de la Flotilla

«Nire semeak balira bezala maite ditut Pantxoa eta Peio»

Apuntes para observar el primer eclipse solar total visible en un siglo

Arquitecto dentro del campo y empresario fuera de los terrenos
