MUST+PRO topaketen bigarren edizioa abian da Bilbon
Bilbok hartu du aurtengoan Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak musika industriarentzat antolatzen duen Must+Pro ekimena. EHUren Bizkaia aretoan izango dira bi egunez sektoreko hainbat diziplinatako profesionalak eta dagoeneko iragarri dute 2027ko edizioa Gasteizen izango dela datorren martxoaren 17an eta 18an.

Atzo goizeko 10.00etan abiatu zen arren, 11.00etan egindako ekitaldi instituzionalarekin eman zitzaion irekiera ofiziala aurtengo Must+Pro topaguneari. Iker Durana Musika Bulegoko kudeatzailea izan zen hitza hartzen lehena Amaia Ispizua MIEko lehendakariaren hitzaldi labur baten ostean. «Sektoreari entzun eta galdegin ostean, Must+Pro topaketen ekimenarekin jarraitzea» erabaki zutela aipatu zuen. Aurtengo edizioan Euskal Herriko programatzaile eta sektoreko langileez gainera, atzerritik ere partaidetza izango dela nabarmendu zuen Musika Bulegoko kudeatzaileak.
Aurtengo programaren barruan, hainbat ildo jorratuko dira, «sektorekoekin eta iaz parte hartu zutenekin edukitako hartu-eman eta elkarrizketetan oinarrituta». Hala, arlo juridikoa, adimen artifiziala eta big data eta osasun mentala izango dira presentzia nabarmena izango duten gaiak. Horrez gainera, gure kultura ekosistemaren inguruan ere arituko dira, eta horren adibide, gaur arratsaldean, 16.30ean hasita, NAIZ Irratiko Iraia Cambra kazetariak parte hartuko duen mahai ingurua da, “Euskal musika eszenaren osasun azterketa”.
Andoni Iturbe luze eta zabal aritu zen eta Eusko Jaurlaritza lege zirriborro bat garatzen ari dela aurreratu zuen, «Euskadiko kultur sisteman lehen legea eduki dezagun» sektorearen profesionalizaziorako bidean. «Askotan beste sailekin harremanak izan behar ditu kulturak eta arrotza egiten zaie egiten dugun lan hori. Horrek bukatu egin behar du eta gure sektorean egiten dena ondo azaldu behar diegu, elkarren artean loturak sendotu eta kulturari zentralitatea emateko bidean», esan zuen Kulturako sailburuordeak. Kolaborazio publiko-pribatuaren garrantziaz ere aritu zen zornotzarra eta Musika Bulegoari bide horretan egiten duen lana aitortu zion. Barne produktu gordinaren %3, 1.730 milioi inguru euro, musikaren sektoreak sortzen duela ere adierazi zuen Iturbek, datu esanguratsu moduan, gerora NAIZ Irratiaren uhinetan Amaia Ispizuak berak ere azpimarratu zuen moduan.
MUSIKHARIA BEREZIA
Behin aurkezpenak egin eta gero, irratsaio berezia egin zuen NAIZ Irratiak EHUko Bizkaia aretotik eta bertatik pasatu ziren Durana eta Ispizua. Makrokontzertuen inguruan aritu ziren, besteak beste, Musika Bulegoko kudeatzailea eta Musika Industriaren Elkarteko zuzendaria, MusikHaria saioan. Kezkaz begiratzen diote gaiari biek ala biek, batez ere, areto txikietan dagoelako musikarien haztegia. Ispizuak, prekaritatea bereziki pairatzen dutenengan jarri zuen fokua, areto, teknikari eta, nola ez, musikariengan, «hauek gabe beste guztiok alferrik gaudelako sektorean». Duranaren arabera, makrokontzertu eta jaialdiek jasotzen dute diru publiko gehien eta horrek ere kezka sortzen du, «hasiberrientzat aukera gehien areto txikietan dagoelako eta haiek zaindu behar direlako eta ez dute behar beste laguntza jasotzen, nahiz eta gehien haiek programatu astez aste».

El Ararteko inicia un expediente por la carga de la Ertzaintza en Loiu

Miembros de la Flotilla denuncian impunidad y complicidad con Israel

La Ertzaintza apalea y detiene en Loiu a los miembros de la Flotilla
