Jon GARMENDIA
Idazlea

Josette

Badira herri bati bizia ekartzen dioten tabernak, herritarren bizitzaren parte egiten direnak, sinbolo bihurtzeko. Baionako Café du Marché da bat. Merkatuaren ondoan kokatua, hiriaren erritmora taupaka ari dena: kafe usaina du egunsenti beretik, barazki freskoena, eta erdi amaitutako elkarrizketena, interesgarriak diruditen kontakizunak ez baitira sekula bukatzen. Arrastaka doazen kaxen eta katiluen tintin soinua nagusi, eta ostatuan pertsona baten presentzia: Josette Erramounena, 85 urterekin itzali berri den emazte langile batena.

Bankan sortua, gazterik joan zela Baionara lanera, euskaraz mintzo zela frantsesa nagusi den tokian, eta beti ostatuan zegoela, lanean; hortik aurrera ez dakit askoz gehiago, eta ez naiz hasiko halakoetan egiten den bezala figura indartzeko datuen bila, bere ekintzek hobeto definitzen dutela uste baitut. Ez zen asko begiratu behar, ulertzeko, ez zela soilik tabernako jabea, Baionan izateko eta bizitzeko modu baten zaindaria baizik.

Ostatuan sartzen zirenen izenak, ibilerak eta maniak ezagutzen zituen; ardo bat edo kafe bat zerbitzatzen zuen berak, edo arroltze eta xingar prestatu sukaldean, etxe zati bat eskaintzen dizunaren antzera. Xingar ferian, edo Baionako bestak iristean, hiria zuri-gorriz janztean, abiagune eta lur-portu bihurtzen zuen ostatua, hasi eta buka gaur, baina jarraitu bihar. Hori zeukan Josetten begirada lasaiak, bihar ere egunak argituko duela eta aurrera egin behar dela errateko abilidadea.