Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
WIDOW’S BAY

Isolamendutik itxaropenera

Telesailari izena ematen dion Widow’s Bay herrixka pintoresko eta erakargarria da, Ingalaterra Berritik 65 kilometrora dagoen uharte batean kokatua. Baina erabat isolatuta dago, ez dago wifirik, estaldura eskasa da, eta azpiegiturek iraganaren arrastoa daramate oraindik. Horrez gain, bertako bizilagun askok irmoki sinesten dute uhartea madarikatuta dagoela. Giro horretan, Tom Loftis alkatea etsipenaren eta itxaropenaren artean dabil, bere komunitate higatua berpizteko ahalegin nekaezinean.

Itxaropen izpi bat piztuko da “The New York Times”-eko kazetari batek bisita egiten duenean eta uharteari buruzko artikulu baikor bat argitaratzen duenean; badirudi, azkenik, turistak iritsiko direla.

Premisak berak iradokitzen du beldurra izango dela ardatz nagusietako bat, baina seriearen berezitasun handiena umorea txertatzeko duen fintasunean datza. Beldurraren eta komediaren arteko oreka zehatza eta neurtua da: une ilunek ikara eragingo dute, eta une arinek, berriz, irribarre naturala. Beldurrak, Stephen Kingen iruditeria aberats eta ilunetik edaten du; umoreak, aldiz, egunerokoaren absurdoan eta ironian aurkitzen du bere arnasa, satirara gerturatuz, gag errazetik urrun.

Matthew Rhysen interpretazioak indar berezia ematen dio kontakizunari. Bere pertsonaiak arrazionaltasunaren eta superstizioaren arteko talka gorpuzten du: geldirik dirudien ingurune bat modernizatzeko nahiaren eta mitoek errotik zeharkatutako komunitate baten erresistentziaren artekoa.

Itxuraz konbentzionala den istorioa kontakizun aberats eta liluragarri bihurtu dute sortzaileek. Zalantzarik gabe, 2026ko telesail berezienetako bat da honakoa: maisutasunez uztartzen ditu pertsonaien sakontasuna, komedia beltz sotila eta ustekabeko beldurraren indarra.