Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Aitzakia bila

Aitzakia bila hasita, esan nezake medio honek, inguruko guztiek bezala, nazkatu arte aspertu ninduela Espainiako Futbol Errege Kopari eskainitako baliabide eta espazioaren tamainarekin. Futbola gizartean dagokion tokian jartzen saiatu beharrean, futbol-negozio espainiarraren burbuila puzten lagundu duela, eta Realak galtzea desiratzeraino eraman ninduela ia-ia jasandako alamen demasak. Baina ez da hori arrazoia.

Esan nezake zuzendaritzaren presioa jaso dudala honetaz idatzi edo hartaz ez idazteko. Zuzenean edo zeharka, esplizituki ala iradokizun gisa soilik, adierazi didatela kontu handiagoz idazteko edo, besterik gabe, ez gehiago idazteko, esateko baterako, CAFek, Sidenorrek, gure unibertsitateek, Carrefourrek, Coca Colak eta bestek palestinarren genozidioan duten arduraz, Israelgo estatuaren interesekin loturak eteten ez dituzten heinean; ez gogora ekartzeko NBEko errelatore berezi Francesca Albaneseren txosten guztiek baino autoritate gehiago balu bezala hitz egin zuen Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozaren esperpentoa. Baina gezur borobila litzateke hori. Askatasuna izan dut nahi nuenaz, nahi bezala, nahi nuen hizkuntzan idazteko. Askatasun erabatekoa.

Aitzakia merkeak bilatzen hasita, esan nezake sentitu dudala ziklo bat bukatu dela nire zutabegile ibilbidean, eta garaia dela begirada altxatu eta proiektu berriei ekiteko; asko irakatsi didala urteotako esperientziak; plazera izan dela orriotako espazioa hainbat zutabegile jantzi eta zorrotzekin partekatzea, eta ohorea, kriterio aberatseko hainbat irakurleri, hamabostero bizpahiru paragrafo eskaini ahal izatea. Baina higatutako hitz eduki gabeak lirudikete, eta halaxe lirateke, plazerari eta ohoreari buruzkoak salbu. Esker oneko hitzak ere gehitu beharko nituzke, seguru asko, zuzendariari, iritzi saileko kideei eta estimua adierazi didaten irakurle guztioi eskainiak. Baina horiek guztiak ere ez dira arrazoiak.

Gaurko honekin bukatu dira nire zutabeak medio honetan. Itzuliko naiz, akaso. Baina akaso ez. Hori da iragarri nahi nuena. Besterik ez. Aitzakiarik gabe.