Gorka LAURNAGA
Stop Fosilak sareko kidea
GAURKOA

Bakea, ogia, lurra

Funtsezkoa jokoan dago. Jokoan dagoen funtsezko hori lema zahar batekin labur dezakegu: “Bakea, ogia, lurra”. Bizitza duin baten segurtasunaren zutabeak hirurak eta hirurak ezegonkortasun handi batean, petrolioa bezain likidoa den garaian. Oro har, baina, bereziki, 2026an, bakea, ogia eta lurra arriskuan jartzen ari den faktore nagusietakoa hidrokarburoekiko hiperdependentzia baita. Halako testuinguru batean, burujabetza energetikoa lehentasunezko politika bihurtu da. Ikuspegi teoriko-materialista batetik, tamainako aldaketa teknologiko bat inoiz ez da izan aldaketa teknologiko huts bat, baina, gainera, modu zehatzean ikus daiteke aldaketa horrek inplikazio garrantzitsuak izan ditzakeela ikuspuntu geopolitiko, ekonomiko edo klimatikotik.

Bakea. Ekialde Hurbilaren banaketa kolonialetik hasita bi mundu gerren tartean, LPEEren sorrera eta AEBren Israelekiko aliantza estrategikoak edo 2003ko Iraken inbasiotik igaro eta azken mugimendu militarretara arte -Ukraina, Venezuela, Iran−; horiek denek zentzu gutxiago lukete lur azpiko altxor termodinamiko horien beharrik gabe. Hidrokarburoek hiru ezaugarri gako dituzte, gutxienez, gerraren erregai bihurtzeko. Bat, oso kotizatuak dira. Bi, oso monopolizagarriak dira. Hiru, AEBren energia dira. Haren hegemoniaren gakoa izan baita konglomeratu teknofosila, kontsumitzaile eta esportatzaile handiena bihurtzeraino, hain zuzen, kapitalismoaren eta cowboyaren ideologia konkistatzailea barneraino errotua duen herrialdea denean. Pisuzko motibo asko daude pentsatzeko etno-nazionalismo irrazional batek hartu duela horren bandera, «Amerika berriro handi egiteko», klima zientzia pikutara bidaltzeko, Johnnyk bonbak askatzen dituen arintasun berdinaz. Energia berriztagarriek bigarren eta hirugarren baldintzak arrakalatzen dituzte: askotarikoagoak dira, munduko toki guztietan daude eskuragai −baita Euskal Herrian ere−, eta ez dira azken kontsumoko elementuak, azpiegiturak baizik. Behin inportatuta, 20-30 urteko “askatasuna” ematen dute eta, hein handi batean, birzikla daitezke. Gainera, Txina da oraingoz teknologia horren %80 inguru esportatzen duena -industria lehiakorragoa duelako, ez monopolioa duelako−, eta haren kanpo politika AEBrenaren oso bestelakoa izan da ehunka −edo milaka− urtez. AEBri arrazoiak kendu eta energia lehengai banatua bihurtzea, gerrari erregaia litroka kentzea da.

Ogia. Nahiko zentzu literalean ogia bera arriskuan dago munduko toki askotan, Ormuzetik igarotzen baita munduko ongarri kimikoen %30. Zentzu metaforikoago batean ulertuta, krisiaren mehatxua dugu gainean. Fatih Birol Nazioarteko Energia Agentziako zuzendari exekutiboaren arabera, datorren krisia «aurrekoak konbinatuta baino gogorragoa» izango da. Zaila da aurreikusten kolpea zenbateraino arinagoa edo larriagoa izango den. Asian bereziki gogorra izatea espero da, baina Europak ere garesti ordaindu dezake atlantismo irrazionala -AEBko GNL inportazio garestiak hiru aldiz biderkatu ditu 2021etik-. Hala ere, krisia denontzat ez da berdin: Repsolek hiru aldiz biderkatu ditu irabaziak Ormuztik eta soilik Europar Batasunean 81 milioi euro gehigarri irabazten ari dira eguneko petrolio enpresak. Baina, oraingoz, kolpeari hoberen aurre egin dioten herrialdeak, inflazioa tarteko, ezkutu berriztagarria dutenak dira. Adibidez, Espainiak %75 jaitsi du gasaren prezioen eragina elektrizitatean 2019tik eta elektrizitate prezio altuenenetakoak izatetik baxuenetakoak izatera pasatu da. Petrolio bidezko ibilgailuek bost aldiz gehiago sentituko dute erregaiaren igoera elektrikoek baino. Eta elektrizitatea merkatzea edo laguntzea karburanteak laguntzea baino klase politika eraginkorragoa da: errenta altuek onura gehiago jasotzen baitute proportzioan karburanteak lagunduz gero -autoa gehiago erabili, urrunago bidaiatu eta zilindrada handiagoa duelako, besteak beste-. Elektrizitatea, aldiz, oinarrizkoa da guztiontzat eta errenta baxuenetan fakturaren zati handiagoa hartzen duenez, laguntza handiagoa da proportzioan.

Lurra. XXI. mendean lurraz baino Lurraz hitz egitea egokiagoa da, bigarrena lehenengoaren baldintza baita. Izatez, herrialde batzuetan lurren emankortasunak %40ko galera izan dezake desertifikazioagatik. Bi urtetan, Afrikako adarrean 13 milioi abelburu hil dira, ur eta pentsu faltagatik. Datorren udak edo udazkenak bereziki beroak izan daitezke, klima aldaketaren igoera El Niño fenomenoarekin lotu daitekeelako. Horri ongarri kimikoen krisia gehitzen badiogu, 2026ko bigarren erdia edo 2027ko hasiera hil ala bizikoa izan daiteke jende askorentzat. Berriro ere, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) arabera, energia eoliko eta fotovoltaikoa ekonomia deskarbonizatzeko neurri eraginkorrenak dira gaur-gaurkoz. Gainerako proposamen askok betetzen ez dituzten bi ezaugarri baitituzte: Bat, deskarbonizatzeko potentzial handia dute. Esaterako, eskura dauden hiru teknologiekin isuriak ia %70 gutxitu daitezke. Bi, soluzio eskalagarri eta azkarrak dira. Adibidez, Uruguairen mix elektrikoa fosilen %50eko dependentziatik %2ra igaro zen hamar urtetan (2005-2015). Ez dira ez tekno-optimismoan ez gehiegizko idealismo sozialean oinarritzen, beren eraginkortasuna enpirikoki frogatu dute, eta horrelakoak dira urgentziaz behar diren irtenbideak.

Bakea, ogia, Lurra. Desberdinak diruditen hiru gai, fosilen bitartez konektatuak. Paradoxikoki, Trumpen azken mugimenduek teknologia elektrikoen adopzioa azkartzea eragin du. Eta, hala ere, astiroegi goaz. Berriztagarriak guztiaren konponbide izatetik urrun daude, baina gure garaiko lehergailu handietako hiru, inperialismo yankia, krisi ekonomikoa eta klima larrialdia, mugimendu berean eta errealki ahultzeko aukera ematen dute, burujabetza berriztagarriaren bitartez. Eta guk ere ekarpena egin dezakegu guretik. Testuinguru horretan, maiatzaren 30ean Hernanin antolatu dugun jardunaldian Euskal Herri energetikoki burujabe bateranzko norabidean sakontzen ahaleginduko gara eta bertara gonbidatu nahi dugu gaian interesa izan dezakeen oro. Amildegira arrastaka garamatzate fosilek eta haiei lotzen gaituen zilbor hestea mozteko garaian gaude.