Bingen Zupiria, aski da
Aski da, beti eta etengabe, egiten duena egiten duelarik, Ertzaintza zuritzearekin. Oso aspalditik datorren okerra da; esango nuke gorputz polizial hori sortu zenetik. Eta baieztapen honen oinarria zientifikoa da: ez Parlamentuan, ezta agerraldi publiko batean ere, inoiz ez duzue onartu poliziarekiko jarrera kritikorik. Beti, modu sistematikoan, poliziaren alde. Kasurik larrienean ere ez duzue onartu ardurarik. Izan Iñazi ETAko militantearen heriotzaren aurrean, edo izan, Juan Pardo, zeina hil zitzaien Arkautiko komisarian, zein Iñigo Cabacas futbolzalea. Beti defendatu duzue poliziaren jarrera.
Aurreko egun hauetan Global Sumud Flotillako militanteei emandako jipoiak ere begi bistan utzi du poliziarekiko duzuen dependentzia, sumisioa ez esateagatik. Hasieran, lehen adierazpenetan, bazirudien oraingoan egingo zenutela benetako autokritika, baina bai zera. Berriro ere, besteek dute errua. Telebistako irudiek besterik esan arren, Ertzaintza biktima bezala aurkezten saiatu zara. Aski da, Bingen. Denak ez du balio. Herritarrak ez gara leloak; alferrik ari zarete gezurra gezurraren gainean erabiltzen.
Gizarteko sektore batek Ertzaintza gorrotatzen duela diozu. Ez al da zuzenagoa Ertzaintzak gorrotatzen gaituela esatea? Ukatuko didazu euskaraz mintzatzen garen gehienetan Ertzaintzarekin tirabirak izaten ditugula? Ez al da egia ertzainen arteko hizkuntza ia beti gaztelera dela, euskara hizkuntza baztertua izatera mugatuz? Jakina da Arkautin, modu publikoan, ezker abertzalearekiko espresio iraingarriak erabili ohi dituztela, nagusien onespen osoaz. Ertzain askok gorrotatzen gaituzte bestelako Euskal Herri solidario eta askatzailea defendatzen dugunok; faxistak manifestatzen direnean, aldiz, lagunkoi nabaritzen zaie. Hori da sakonean dagoen arazoa.
Azken hauteskunde sindikaletan hagitz agerian gelditu da zein den ertzain gehienen jarrera ideologikoa; eta nola beraien balio nagusiak autoritarismoa eta sektore baztertuekiko mespretxua diren. Eta hori ez da herri honetako gehiengoak nahi duen polizia eredua. Parlamentuko agerraldian esan duzu Ertzaintzak ez zuela arrazoi ideologikoengatik jokatu, baina lurrean zeuden militante solidarioak egurtzen ari ziren ertzainen irudiek beste zerbait adierazten dute; beharrizanik gabe, beraien eskuetan zeuden herritar desarmatuak gogoz jipoitzen ageri baitira.
ETAk borroka armatua utzi zuela badira 15 urte. Eta soilik eskuin muturrak erabiltzen du makulu hori bere gizarte eredu autoritarioa ezkutatzeko. Eskuin muturrak eta zuk, modu lotsagarrian, defendatu ezin dena babestu nahirik. Ertzaintza ez da biktima, inpunitatera ohituta dago. Eta horretan zure alderdiak ardura latzak ditu. Ertzaintzak Gobernuaren menpe egon behar luke, baina une honetan, itxura guztien arabera, batzuk gailendu zaizkizue, desobediente bihurtzeraino. Eta hori oso kezkagarria da. Herri honek ez du merezi arazoak bideratu beharrean istiluak sortzen dituen poliziarik.
Zupiria jauna, ez begiratu gizarteari. Ertzaintzaren arazoa ez da ezker abertzalea, ezta Euskal Herriko langile grebalariak ere; zorionez, egon badago gazteria errebeldea eta, normala denez, ez diote Ertzaintzari sinpatia handirik, baina hortik euskal poliziaren aurkako kanpaina antolatua dagoela esatera metro asko daude eta ez da egia, zuk ongi dakizun bezala.
Berandu baino lehen, Ertzaintza demokratizatu behar da, polizia eredua errotik eraldatu behar da. Bere esku dago gizartearen konfiantza berreskuratzea, baina horretarako norabidea aldatu behar du. Bere sinesgarritasunaren oinarria ez datza gehiago militarizatu eta adierazpen askatasuna murriztean, herritarrengandik hurbil dagoen polizia izaera berritzaile batean baizik. Euskal Herriak merezi du horrelako ahalegin bat. Kezkagarria da Ertzaintzak daraman bidea.

«Ayamonten jendea ehunka etortzen zaizu esanez: ‘Yo soy de Ondarroa’»

Potaje de causas contra el PSOE de Sánchez cocinado por UCO y UDEF

Peiremans+ taldeak zazpi kontzertu emango ditu abenduan

Otegi a Esteban: «¿Usted con quién gobierna? ¿No gobierna con el PSOE?»
