GARA
GASTEIZ

Euskal Sagardoaren uzta, oparoa baina espero baino txikiagoa

Euskal Sagardoa jatorri deiturako sagardo ekoizleek lau milioi kilo sagar baino gehiago bildu dituzte, eta, horri esker, hiru milioi litro sagardo baino gehiago egin ahal izan direla jakinarazi zuten atzo Gasteizen egindako agerraldian.

Gasteizen aurkeztu dute larunbatean egingo den Euskal Sagardo Eguna.
Gasteizen aurkeztu dute larunbatean egingo den Euskal Sagardo Eguna. (EUSKAL SAGARDOA)

Euskal Sagardoaren 2025eko uzta oparoa izan da aurrekoarekin alderatuta, baina espero zena baino txikiagoa, atzo goizean Gasteizen egindako agerraldian kontatu zutenez. 2023an sei milioi kilo fruta bildu ziren eta lau milioi litro sagardo ekoitzi ziren. Iaz Euskal Sagardoa jatorri deituraren babespeko sagardo ekoizleek lau milioi kilo sagar baino gehiago bildu zituzten, eta, horri esker, hiru milioi litro sagardo baino gehiago egin dituzte.

Euskal Sagardoa jatorri deitura osatzen duten 47 sagardotegiek 2025eko uztako sagardoa aurkeztu zuten atzo Gasteizko Aihotz plazan. Unai Agirre jatorri deituraren koordinatzaileak zehaztu zuenez, 112 produktu egin dituzte, 170 ekoizleren sagar autoktonoak erabiliz.

Sagardo horiek orain arte txotxean dastatu ahal izan dira, eta, orain, botilan merkaturatzen hasi dira. Hala, Agirreren esanetan, 2025eko uztak sagardo orekatu, fresko eta aromatikoak sortu ditu, baina, oro har, aurreikusi zitekeena baino gorputz gehixeago dute.

Jatorri deitura «urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua» dela nabarmendu zuten sustatzaileek. Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituztela azaldu zuten: %100 bertako sagarrarekin eginak dira eta kalitate bermea dute. Baina hirugarren ezaugarri bat ere badutela gehitu zuten: dibertsifikaziorako aukera zabaltzen ari direla, «horretan zeresan handia dute, sagasti berrien diseinuak eta merkatura egokitzen jarraitzeko sagardogileek duten interesak.

Dena den, azken urteotan produktu bereziak merkaturatzen ere ari dira: lursail jakineko sagardoak, sagar mota jakinekoak, ondutakoak, egurrean garatuak, eta abar. Horrez gain, sagardo apardunak jatorri deituran sartzeko pausoak eman direla azaldu dute eta laster izatea aurreikusten dutela. Bide horretan sagardo apardunak ere ekoitzi dituzte hainbat sagardotegik, bai eta izotzezko sagardoak ere; horiez gain suzkoak eta bestelako sagardo desberdinak ere dastatzeko aukera egon da iragan berri den denboraldian.

SAGARDO EGUNA, LARUNBATEAN GASTEIZEN

Euskal Sagardoak Arabara ekarri du aurkezpena, Topa! Gasteizeko ekitaldien barruan. Helburua da ostalariek sektorea eta produktua ezagut dezatela eta «izen eta abizenak» dituzten sagardo kartak edukitzera anima daitezela.

Ildo horretan, atzo gauean profesionalei zuzendutako afariaz gain, larunbatean, ekainaren 6an, Sagardo Egun herrikoia egingo da Gasteizko Aihotz plazan. Egun osoan zehar, jatorri deiturako hamahiru sagardo dastatzeko aukera egongo da, Mikel Garaizabalen eskutik.

Musikak ere izango du bere lekua ekitaldian, kaleko musika egongo da eguerdian eta DJ Malandro arituko da arratsaldean. Horrez gain, Eusko Label produktuen dastaketa ere izango da Txomin Parrillaren eskutik.