Bernedo: debekuez harago, piztu dadila eztabaida
Hogei bat gurasok Bernedoko udalekuetan haien umeek bizitako esperientzia salatu eta, udazkenean, komunikabide jakin batzuek auzia puztu eta gero, Arabako Aldundiak udalekuak debekatu eta isuna ezartzea erabaki du. Atzo eman zuen Ana del Val Kultura eta Kiroletako diputatuak asteartean, beste behin, filtratutako albistea. Gaiari eman nahi dioten larritasuna ez dator bat mediatikoki egin duten kudeaketarekin. Kasuari modu eszeptikoan begiratzeko lehenengo arrazoi bat da hori.
Beste bat salaketari erreparatzea da. Adingabeak tartean daudenean tentuz ibiltzea ezinbestekoa da, baina, eskandalua bilatzen duten lerroburuak alde batera utzita, beharrezkoa da gogoratzea aireratutako salaketak zertan oinarritzen diren: dutxa mistoak erabiltzea, begiraleren bat biluzik ibiltzea eta bi astez «inkomunikatuta» egotea. Ildo horretan, azpimarratzekoa da Aldundiak debekua bestelako arrazoi administratiboengatik ezarri duela, ez salaketengatik. Alegia, salaketa mediatizatuak udalekuak ixteko bideak bilatzera eraman ditu. Berdin beste erakunde baten bidez aurten antolatu nahi diren egonaldiekin. Nabarmentzekoa hau ere: eskandaluak eskandalu, 200 familiak eman dute izena. Eszeptizismorako osagai gehiago.
Ez zaio baliorik kendu behar adingabekoen esperientziari, baina gauzak bere testuinguruan jarri behar dira. Hezkuntzaren eta aisialdiaren inguruan luze eztabaida daiteke, jakina, baina Euskal Udalekuak zer diren dakien inori ez zaio arraroa iruditu batzuei salagarri iruditu zaiena, preseski hori delako askori txalotzekoa iruditzen zaiona. Udaleku katoliko batean mezara joatea normala den bezala, ez da harrigarria feminismoa eta gorputz guztien onarpena eta desexualizazioa helburu dituen toki batean biluztasuna lantzea. Dutxa misto batek «trauma bat» eragin badezake, hori landu beharko da.
Badago zer hausnartu, zer hobetu edo zer aldatu udaleku guztiak espazio seguruak izan daitezen, guztientzat. Baina tranparik egin gabe. Euskara, transfeminismoa eta arautik kanpoko aisialdia jomugan dituzten eragileen konfluentziak puztu du Bernedoko afera. Eta artifizialki sortutako alarmari erantzunez egin diote aurre instituzioek, neurri oroz kanpo.

Potaje de causas contra el PSOE de Sánchez cocinado por UCO y UDEF

Herrigintza, Euskal Herriaren azken hamarraldietako giltzarri gutxietsia

La manifestación de enero de 2027 buscará sellar una realidad dolorosa
