X. ETXEBARRIA
KURDISTANGO PROZESUA

Esperantzarako heldulekuari eutsi nahian Kurdistanen

Urtebete pasa da PKK-k armak utzi eta bere desegitea ezagutarazi zuenetik. Ordutik ez da hauteman aldaketa esanguratsurik Turkiako Gobernuaren politikan. Ondorioz, kurduen artean ezinegona eta mesfidantza areagotzen ari dira.

(David MINOVES)

Abdullah Ocalan lider kurduak Imraliko espetxetik egindako eskaerari erantzunez, 2025eko maiatzaren 12an eman zuen ezagutzera PKK-k alderdiaren 12. kongresuan hartutako erabakia: armak utzi eta egitura militarrak desegitea. Erabaki historiko horrek, 40 urtez 45.000 hildako eragin dituen Turkiako Estatuaren eta PKK gerrillaren arteko gatazka armatua aurrez inoiz ezagutu gabeko eszenatoki batera eraman zuen. Ondoren, uztailean, Irakeko mendietan egindako ekitaldi batean, PKK-ko hainbat gerrillarik beraien armak erre zituzten nazioarteko ordezkaritza baten aurrean. Mugimendu kurduak bake prozesua aurrera eramateko konpromisoa berretsi nahi izan zuen.

Irakeko ekitaldian, talde armatuko komandanteek «Turkiako Estatuaren demokratizazioan pausoak eman eta kurduak demokrazia horretan integratzeko aukerak» sortzen zirela adierazi zuten. Bestetik, Ankaratik, Reccep Tayyp Erdogan Turkiako presidenteak «terrorismorik gabeko aro berri bat» aldarrikatu zuen, eta turkiarren eta kurduen arteko «laguntasunezko besarkada bat» gauzatzera deitu zuen.

Prozesu honek, une oro, MHP alderdi ultranazionalista turkoaren babesa izan zuen. Orduan ere, nazioarteko askotariko politikariek prozesuari babesa adierazi zioten eta Ankarako Gobernuari pausoak ematea eskatu zioten adierazpen baten bitartez.

Keinu horiek guztiek esperantza neurtu bat eragin zuten komunitate kurduaren barruan, oso presente baitituzte azkenean porrot egin duten beste bake prozesu batzuen aurrekariak. Ordutik, Turkiako Parlamentuko alderdien artean -DEM alderdi kurduaren, MHP ultranazionalisten eta Erdoganen AKPren artean bereziki- elkarrizketa ugari egon dira, baita Ocalanekin ere, bakartuta dagoen espetxean, bake prozesuan aurrerapausoak emateko. Baina Turkiako barne politikan ez da aldaketa nabarmenik gertatu azken urtean, eta Erdoganek betiere segurtasun eta terrorismo auzi gisa hitz egin du prozesuaz. Aldi berean, Rojavan eraikitako Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoari eraso egiten jarraitu du Turkiako Armadak. Ondorioz, prozesuarekiko mesfidantza areagotzen ari da Kurdistanen. Testuinguru horretan, DEM alderdiak, PPKren adierazpen historikoaren urteurrenean, mobilizazioak deitu zituen Turkiaren mendeko Kurdistango hiri nagusietan eta Istanbulen eta Ankaran. Bertan Ocalanen askatasuna eta Erdoganen Gobernuak pausoak ematea exijitu zuten. Jendetsuak izan ziren, eta Poliziaren presentzia itogarria izan bazen ere, ez zen istilu esanguratsurik egon.

NEGOZIAZIOEN AGENDAN ASKOTARIKO GAIAK DAUDE baina pisu berezia dute preso politikoen auziak -egun, Turkiako espetxeetan 18.000 inguru daudela kalkulatzen da- eta gerrillari ohiak birgizarteratzeko prozesuak. Turkiako Parlamentuan gaia lantzeko sortutako batzordeak, gerrillarien itzulera ahalbidetuko lukeen legedi propio bat sortzea proposatu zuen, baina egoera blokeatuta dago gaur egun.

Dena den, mugimendu kurduaren barneko antolakunde zibilak prozesua sustatu eta Turkian prozesu demokratizatzaile bat eraikitzeko ekimenak egiten ari dira. Horren erakusgarri da maiatzaren 12tik 16ra Diyarbakirren egin zuten Bakearen eta Askatasunaren Aldeko Foroa. Diyarbakirreko Udal Gobernuaren babesarekin, DEM alderdiaren esku berau, eszenatoki berriaren aurrean komunitate kurduaren etorkizuneko erronkez aritu ziren. Besteak beste, Kolonbiako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko adituekin gatazkaren ondorioez, biktimez, bakearen eraikuntzaz, kulturaz, ekologiaz, hizkuntzaz eta hezkuntza sistema propioaz mintzatu ziren. Mugimendu kurduaren esperantza da bake prozesuko negoziazioen barnean, preso, iheslari eta biktimen auziaz gain, Turkiaren demokratizazioan sakondu eta kurduen hizkuntza, hezkuntza eta kultura eskubideak ere agendan txertatzea, autonomia eta eskumenak lortu eta politika propioak garatu ahal izateko.

Bitartean, azken asteetan Turkiako politikako giroa gaiztotzen ari da. CHP oposizioko lehen alderdi sozialdemokrataren egoitza nagusian sartu zen polizia, alderdiko burua atxilotzeko asmoz. Horrek protesta eta istiluak eragin ditu. Turkiako presidentetzarako hauteskundeak 2028an izango dira, eta badirudi bake prozesuaren patua neurri handi batean alderdi handiek hitzordu horrekin dituzten aurreikuspenek baldintzatuko dutela.