Dobla, dantza sektorea indartzeko mugaz gaindiko egitasmoa
Euskal Herriko lurraldeetan dantzaren sektorea indartzeko helburuz jaio da Dobla egitasmoa, herrialdeko bost erakunderen eskutik. Hasiera batean hiru urteko proiektua izango da, eta sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta jasangarritasuna hobetzeko ekintza zehatzak abiatzea da asmoa. Lehen saioak uztailean abiatuko dira, sektoreko profesionalei, konpainiei, erakusketa espazioei eta gainerako eragileei zuzendutako dinamikekin.

Euskal Herriko lurraldeetan dantza sektorea indartzeko asmoz abian jarritako proiektu berria da Dobla, Pirinioen bi aldeetako bost erakundek sustatutako egitasmo berria. Zehazki, Lakuako Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala eta Malandain Ballet Biarritz daude proiektu honen abiapuntuan eta, atzo Biarritzen egin zuten aurkezpen publikoan zehaztu zuten sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta jasangarritasuna hobetzeko ekintza zehatzak eskainiko dizkiela arloko profesionalei.
Ekimenaren sustatzaileen esan zutenez, hurrengo hiru urteetan Dobla proiektuak lurraldeko konpainien nazioartean proiekzioa sustatuko du, artistei eta erakusketa espazioei prestakuntza eta laguntza eskainiko dizkie, dantzarako agertoki eta publiko berriak bilatuko ditu, sektorearentzat eredu ekonomiko jasangarriagoak bultzatuko ditu eta lurraldeko profesionalen eta erakundeen arteko lankidetza sendotuko du, beste eginkizun batzuen artean.
Izan ere, aurkezpenean dantzak lurralde kohesioa indartzeko bertuteak dituela nabarmendu zuten. Alde batetik, dantza «euskal nortasunaren adierazle» dela azpimarratu zuten, baita «publikoaren elkartasun sentimendua elikatzen» duela ere. Bestetik, egungo testuinguruak «ereduak eboluzionatzera» bultzatzen dituela aipatu zuten eta sormen koreografikoak «bere estetika guztietan» nabarmendu behar direla defendatu zuten.
Ildo horretan, proiektuak mugaz gaindiko dantza sektorearen «egituraketa indartu» nahi duela azpimarratu zuten, eta horretarako 1,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko da Dobla proiektura.
Azaldu zutenaren arabera, baliabide horiekin lortu nahi dute sorkuntzarako eta lan artistikoen zirkulaziorako aukerak handitzea, «dantzak, euskal kulturaren adierazpide garrantzitsua izanik, komunitatea sortzeko eta gizarte kohesioa indartzeko gaitasun berezia baitu».
Aurkezpenean erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza; horien artean, Lakuako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek. Kultur sistema indartzeko eta dantza sektorerako aukera berriak sortzeko orduan erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia nabarmendu zuen Iturbek, baina sare horiek iraunkorrak izan behar dutela ere esan zuen, bere hitzetan, horrela ahalbidetuko baita lurraldeko talentu sortzaileak nazioartean proiektatzea.
SARE IRAUNKORRA
Dobla proiektua, aurrez aipatu bezala, Lakuako gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Malandain Ballet Biarritzek sustatu dute eta, atzoko aurkezpenean aipatu zutenez, hasiera batean behintzat hiru urteko iraupena izango du.
Ekimena aurrera eramateko Europar Batasunaren finantzaketa izan du Interreg Poctefa 2021-2027 programaren bidez, eta horrekin lortu da proiektuaren aurrekontu osoaren %65 estaltzea.
Dobla egitasmoaren lehenengo ekintzak uztailetik aurrera jarriko direla martxan ere iragarri zuten, eta lehen ekintza horiek dantza arloko profesionalei, konpainiei, erakusketa espazioei eta gainerako eragileei zuzenduta egongo dira.
«Programaren helburua da mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza sustatzea, lurraldearen garapenerako eragin iraunkorra izango duten proiektu estrategikoak babestuz», berretsi zuten atzoko aurkezpenean.

«Hau da gure herria, hau da gure selekzioa, hauek dira gure koloreak»

«Konponbide demokratikoa behar du euskal gatazka politikoak»

A un centro para ancianos con 67 años por tener discapacidad
El PNV, la FIFA y la política de la marcha atrás
