EDITORIALA

Oldarraldia gelditzeko, bi faseko akordioa

Oldarraldi judizialaren aurrean euskara eskakizunak babesteko adostasuna lortu dute EAJk eta EH Bilduk, bi indarrok atzo jakinarazi zutenez. Gaur EH Bildu abstenitu egingo da Gasteizko Legebiltzarrean EAJk Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko aurkeztuko duen testua aurrera atera dadin. Hala ere, akordioaren arabera, EAJren proposamenak «bere helburu nagusiak betetzeko egiturazko nahikotasunik» ez balu, oldarraldi judizial espainiarra geldiarazteko nahikoa ez balitz, alegia, EH Bilduk proposatu izan duen bidetik joko lukete, besteak beste, Kataluniako eta Galiziako ereduak oinarri hartuta. Herrialde horietan, administrazio publikoetan lan egiteko, nahitaezkoa da legez bi hizkuntza ofizialak jakitea.

PSE, espero izatekoa zenez, ez dago bere jarreratik mugitzeko prest, euskal hiztunen eta langileen eskubideen arteko ustezko talkaren aitzakian, eta EAJk hura gabe jarraitu du legearen erreformaren prozesuan. EH Bilduk akordioa bilatu du hasieratik, bi aldeen konpromisoa duen akordioa. Ezker subiranistak berea ez den lege proiektua erraztuko du, haren eraginkortasuna erakusteko epe zabal bat utzita. EAJk, berriz, gehienez hiru urteko epean bere proposamena ez dela gai ikusiz gero, beste bide orri bat onartuko luke, EH Bilduren proposamenak jasotzen dituen zenbait elementu dituena, hain zuzen: Kataluniako eta Galiziako ereduak, Auzitegi Konstituzionalaren doktrina, errealitate soziolinguistikoa eta herritarren hizkuntza eskubideak indartzeko baliagarriak izan daitezkeen bestelako erreferentziak.

Akordioa ez da bi proposamenen sintesia, haien batura baizik, bata bestearen ondoren aplikatzekoak. Oraingoz ez da ezeren bermea, eta egia da, euskararen aurkako erasoen gogorra ikusita, berme sendoa behar dela; nolanahi ere, haren garapenak eman lezakeen emaitzaren zain, akordioa bera da aipagarriena, aurrera ateratzeko borondatea, Legebiltzarreko gehiengo nabarmen batek erakutsia. Ikusteko dago zer-nolako ibilbidea egingo duen, betiere kontuan izanik euskal administrazioek beren zerbitzuak ele bitan emanez euskal hiztunen eskubideak bermatzea dela helburua.