GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
NORMAL

Bob Odenkirk akziozko thriller batean

Nobody” filmeko protagonista eta gidoilaria, Bob Odenkirk eta Derek Kolstad (azken hori “John Wick”-en sortzailea izateagatik aski ezaguna), berriro elkartzen dituen akziozko thrillerra da “Normal”. Kasu honetan, Ben Wheatley zinemagile britainiarrak bete ditu zuzendari lanak.

Normal izeneko herri txiki eta lasai batean, bertako sheriffaren heriotza goiztiarraren ondorioz, Ulisesek (Bob Odenkirkek gorpuztua) jarduneko sheriffaren kargua hartu beharko du. Handik gutxira, kanpotar bikote batek hiriko bankua lapurtu eta, oharkabean, Normal herrixkaren atzean dagoen sekretu iluna ezagutuko dute.

Bertako biztanle guztiak prest daude edozer egiteko, eta ez dira ezeren aurrean geldituko herriaren sekretuak babestu eta beren bizimodu berezia gordetzeko. Ulisesek erabaki zail bati aurre egin beharko dio, eta hainbeste sekreturen artean bizirik irauteko borrokatu beharko du. Bat-batean, denak saiatuko dira hari tiro egiten, baita bere laguntzaileak ere.

BOB ODENKIRK ETA SAUL GOODMAN

Odenkirken ibilbidea umore absurdo eta esperimentaletik antzezpen dramatikoetara igaro da. “Breaking Bad”-eko Saul Goodman abokatu karismatiko, xelebre, ahaztezin eta etika gutxikoa izan da, zalantzarik gabe, orain arte egin duen lanik onena.

Telesailaren bigarren denboraldira arte agertu ez bazen ere, hain indartsua izan zen bere presentzia, publikoaren faboritoetako bat bihurtu baitzen. 2015ean, gainera, “Breaking Bad”-en spin-off eta prekuela bat sortu zuten, pertsonaiaren jatorrietan zentratua: “Better Call Saul”, maisulana.

Odenkirkek Emmy sarietarako hainbat izendapen jaso zituen eta bere interpretazioagatik oso txalotua izan zen. Lan horrek bere ibilbidea birdefinitu zuen, ordura arte nagusiki komediari lotua zegoena, eta lehen mailako aktore dramatiko gisa zuen estatusa sendotu zuen.