«Ez nuen mina zukutu nahi,ez delako nirea bakarrik»
Zazpi urtetik behin kaleratu ditu orain arte Ione Gorostarzuk (Berastegi, 1984) poema liburuak. “Geratzen dena” da aurtengo uzta eta aitaren heriotza du abiapuntu. Hiru ataletan antolatu ditu olerkiak, heriotzaren «shocka» adierazten duten poesia indartsuenetatik hasita aurrera doan bizitzari mintzo zaizkien olerkietaraino bidaia osatuz.

Aitaren heriotza du «Geratzen dena» lanak abiapuntua. «Des egiten» (2012) eta «Ez da erditze» (2019) liburuek beste gai bat dute, baina hiruretan errepikatzen dena galera izan daiteke?
Egia da eta idazleok eta azkenean pertsonok ere beti gai bertsuen inguruan aritzen gara. Liburu batetik bestera badaude errepikatzen diren gai, tonu edota ikuspuntu batzuk. Galera izan daiteke hor dagoen zer edo zer, bai, zerbait irabazten dugunean beti galtzen dugulako beste zerbait.
Xabier Mendiguren editoreak nabarmendu zuen zu izan zinela amatasunaz idazten lehenetarikoa. Hori asko aldatu dela esan dezakegu?
Egia esan, handi gelditzen zait hori. Ni ez nintzateke hainbeste esatera ausartuko. Baina egia da ‘Ez da erditzea’ kaleratu nuenean, hortxe paretsu, Leire Bilbaok ‘Etxeko urak’ poema-liburua atera zuela. Hura ere amatasunaren ingurukoa zen. Eta denbora gutxian asko jorratu den gaia izan da; Katixa Agirrek, Alaine Agirrek eta beste hainbatek. Ikuspegi oso desberdinetatik egin dute, gainera. Uste dut ematen ari zaiola baduen lekua euskal literaturan. Azkenean, pizten zaituen horretatik sortzen duzu.
Hasieran hala diozu: «Hitzek hotsa dute/ hitzak jostailu dira/ batzuetan hitzek guk baino lehenago dakite/ zer esan». Horrek borobiltzen al du bildumaren funtsa?
Laburbiltzen du nondik idatzi dudan, bai. Hori atera zen behin liburua eginda nuenean; argi ikusi nuen horrek lehen orrialdean joan behar zuela. Liburuak hiru atal ditu eta hau atal horietatik kanpo dago. Sarrera moduko bat da. Ez dira liburuko ezaugarri guztiak aipatzen, baina bai esanguratsuenetako batzuk. Hotsa; uste dudalako nahikoa jokatu dudala belarriz eta hoskidetasunarekin. Eta jolasa; hitza jostailu bihurtzen saiatu naiz, dutenaz aparteko esanahitik tiraka eta ea nora eramaten ninduten jolas horrekin. Batzuetan hitz batzuk bakarrik nituen eta hortik tiraka azkenean ideiak iristen ziren. Hirugarren esaldia ere hortik dator. Batzuetan hitzek guk baino lehenago dakite zer esan. Batzuetan, jolas horretan, zerbait esaten duzu eta, aiba, gero etortzen zaizu esanahia. Beste askotan ez. Hor geratzen da. Baina hortik tiraka joan naiz leku desberdinetara, ukitu nahi nituen leku, ideia eta sentimendu horietara. Bidaia berezia izan da alde horretatik.
«Geratu» aditzak pisu handia du liburuan. Baina bi adiera posible ditu: iraun edo eten.
Hasiera batean, hainbat ideiarekin jolasten zen poema bat izan behar zen: geratzea dena, guztia geratzen zaizun shock edo kolpe hori, geratzen garenok, geratzen ez direnok, geratu, konformismo batetik edo nolabait geratu, ez geratu... Jolas horrekin poema bat egin nahi nuen, baina ez zen ateratzen. Hor neukan, zirriborroen artean, eta idazten nindoala bat-batean ikusi nuen hitz joko horrek eman zezakeela atal desberdinetarako. Argi une bat bezala izan zen eta hala ikusi nuen liburuaren egitura guztia.
“Geratzea dena” atala da bortitzena: heriotza bera, albistea jasotzen duzun une hori, hasierako zoramen ordu horiek... “Geratzen (ez) dena” atalean saiatu nintzen jokatzen hainbat galderarekin: zer geratzen den, zerk irauten duen, zerk ez duen irauten, joandakoak, ez dauden denak... Eta hirugarren atalean hainbat tematika nituen, desberdinak baina, gizarteari eta norberari kritika izanik, bazutenak arlo sozialago bat. Erabaki nuen “Geratzen garenak” izenburua jartzea; bizirik gaudenok baina ezin garenok geratu. Horrek dakarrelako munduko arazo, dinamika eta borroka horiek guztiak ez ikustea. Bai, askorako eman dit hitzak.
Poema batzuk oso deskriptiboak dira; eszena barruan kokatzen dute irakurlea.
Poema batzuk hitzekin egindako argazkiak izan litezke, nire ustez. Gorputzetik idatzitakoak dira, eta soinuetatik ere bai. Bidaia bat egin dut, bidaia bat aitarengana. Eta diskurtsoan, sentimenduetan, hitzetan sartu beharrean, oroitzapenetatik jo dut gehiago. Ez a priori horrela pentsatu nuelako, baina bidea oroitzapenak izan dira: irudi bat, usain bat, belarrarena, belar zuloarena, segaren soinua... Kasik gauza fisikoetatik iritsi naizela esango nuke.
Eutsi nahi izan diezun gauzei tiraka.
Bai. Euskarri bat behar nuen bestela abstraktuegi geratzen zitzaidan mundu batera iristeko. Aitarekin partekatutako une gehienak etxean bizi nintzenekoak dira. Txikitako giro horretara eraman nau. Gaur egun ez da giro arrotza niretzat, baina ez da hain nirea baserri mundu hori. Baina nire txikitako mundua da; animaliekin, etxeko tresnekin, baserri giro hori, belarra... Horretara eraman nau.
Aitarenaz geroztik, aldatu da heriotzarekin zenuen harremana?
‘Des egitea’-n heriotza agertzen zen. Uste dut, modu teorikoan behintzat, nik ez dudala inoiz tabu bezala hartu heriotza. Hasieratik ekarri nuen nire literaturara eta horri buruz hausnartu dut. Baina desberdina da pentsamenduan edo gorputzean bizitzea. Nik neuk, esaterako, aitona-amonarik ez nuen ezagutu eta benetako lehen heriotza gertukoa aitarena izan da. Horrek, noski, aldatzen dizu heriotza bizitzeko modu hori. Ezin nuen beste ezertaz hitz egin. Nik uste dut, behintzat hala bizi dut, zerbait bizitzen ari zarenean zure gorputzean, oso zaila dela hortik aparte beste zerbaitetaz idaztea.
Zentraltasuna hartzen du, nahiz eta gero munduak aurrera jarraitu.
Bai. Eta liburuan ere hori irudikatzen saiatu naiz. Ez nuen heriotzari buruzko liburu bat izatea nahi. Are gutxiago, aitaren heriotzaren ingurukoa soilik. Ez nuen horretaz hitz egin nahi; zerbait zabalagoa egin nahi nuen. Eta uste dut lortu dudala, errealitatea ere horrelakoa delako. Zuri gauza handiak eta txikiak gertatzen zaizkizu, denak batera. Baina gauza txiki horiek ere hor segitzen dute eta egunero ogia erosi behar duzu, lanera joan behar duzu eta telefonoan mezuak erantzun behar dituzu.
Norbaiten heriotza pertsona hori beste modu batean ezagutzeko parada da. Horren inguruan ere idatzi duzu. Zenbat pertsona kabitu daiteke pertsona bakar batean?
Pertsona bakoitzak beste pertsona baten alderdi bat ezagutzen dugu, lankide moduan, asteburuetako aldartean... Pertsona bat osoki ezagutzera gutxitan iristen gara. Poema bat beilatokian kokatua dago, kuriosoa egiten zitzaidalako. Beilatokiak sormen handirako ematen du; oso leku berezia da. Alde batetik, oso metodikoa da egin behar duzuna. Eskela, bat eta beste antolatu behar duzu. Batzuk lanean ari dira bertan, zure inguruko heriotza hori kudeatzen. Bestetik, eusten zaituen leku bat ere bada; ingurukoen babes eta maitasun handia jasotzen duzu. Badirudi denei bizitza aldatuko zaiela. Eta gero ez da egia; handik ateratzen zara eta bakoitzari, normala den bezala, neurri desberdinean eragiten dio heriotza bakoitzak. Horrez gain, bada beste elementu bat: hil den pertsona horren inguruan hitz egiten duzula normalean. Batak modu batera ikusten du pertsona hori; besteak, beste batera. Eta kuriosoa da nola iritsi pertsona baten alderdi desberdin horietara.
Morboa eta sentimentalismoa saihestu nahi zenituen. Zer arrisku ikusten zenuen?
Arrisku dezente ikusten nituen. Behin baino gehiagotan pentsatu nuen argitaratzeko pausoa eman aurretik zergatik argitaratu, merezi ote zuen... Arrisku literarioak eta ez literarioak sumatzen nituen. Alderdi pertsonalenetik hasita, ez nuen minaren erabilpen edo esposizio bat egin nahi. Ez delako nire mina bakarrik, inguruko mina ere bada ezinbestean. Nire senideak eta abar agertzen dira, zaila egiten zitzaidalako hori kenduta esan nahi nuen hori esatea.
Bestetik, ‘biktimismoa’ ez da hitza, baina ez nuen ‘mina’ zukutu nahi. Argi nuen niri gertatutakoa askori gertatu zaiela. Argitaratu behar banuen, argi nuen ni ezagutzen ez nauen irakurle bati ere, distantzia daukan bati ere, iritsi behar zitzaiola. Hau da, beste ikuspuntu bat eman behar nuela, ekarpen bat egin literaturari eta poesiari heriotzaren gaian. Nire asmoa izan balitz nire ingurukoei aita zenbat maite nuen eta zenbat min nuen esatea, beste gauza bat egingo nukeen.
Banuen beldurra ere ea non amaituko ote zen liburua. Heriotzarekin hasten da, baina nik ulertzen nuen garapen bat behar zuela, ezin zela minean bakarrik geratu. Ez nekien oso ongi nondik atera; hasierako poemak oso bortitzak eta indartsuak dira; pisu handia dute shock bat adierazi nahi dutelako. Beldurra nuen nola eutsi indar edo energia horri guztiari. Arintasun bat sartu nahi nuen, baina betegarri batzuk sartzeak ere beldurra ematen zidan. Nire nahia zen liburua arintzen joatea era natural batean baina aldi berean ekarpen bat eginez.

Tras prohibir las cenas, Insausti pide ahora ayuda a otros ayuntamientos

Etxebarria rectifica tras meter la pata con Celedón y el 3 de marzo

Los sarrios conquistan los roquedos al oeste del Irati y se asientan en Aezkoa
Nula empatía, infinita torpeza
