ANE ALAVA
IRUÑEA

San Fermin eguneko prozesioak hartu ditu Iruñeko kaleak

Uztailaren 6ko jendetzaren eta etengabeko mugimenduaren ostean, bareago zirudien goizak atzo Iruñean. Itxuraz baino ez, ordea. Kaleak berriz ere mukuru ziren, baina denak zain zeuden, erraldoiak, dantzariak, San Fermin eta udalbatza noiz iritsiko.

Udalbatza, Kuria kalean barna.
Udalbatza, Kuria kalean barna. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Atzo goizean oso bestelako irudia zuen Iruñeak. Aurreko egunean zeharkatu ezin ziren kaleetan batetik bestera igaro ahal zen, arazo handirik gabe. Ez zen jende faltagatik; kale bazterretan pilatuta zegoen, erraldoiak, dantzariak eta San Fermin noiz igaroko zain.

Zuriz eta gorriz jantzia zegoen hiria. Ia ez zen, ordea, bi koloreen baturarik ikusten; kalimotxoz bustitako kamiseta arrosak salbuespena baino ez ziren. Dotorezia zen nagusi. «San Fermin egunean badut aitzakia soinekoa janzteko», esan zuen gazte batek. Fededuna izan gabe, prozesioa ikustea jaietako ohitura da harentzat; ondoren, bermuta eta fritoa hartzeko aitzakia ere bai. Beste batzuentzat, berriz, prozesioa erraldoiez gozatzeko aukera da. Bazen goizaldetik aulkia hartu eta santua ikusteko toki onena bilatu zuenik ere, «eroso itxaroteko».

Ohi baino geldialdi gutxiago egitea aurreikusita bazegoen ere, ordutegia ez zen asko aldatu. Ordu biak pasatxoan heldu zen prozesioa Mercaderes kalera. Ordurako deseginak ziren goizeko pasilloak, eta poteo giroa zegoen nonahi.

Kuria kalean gora egiten lehenak buruhandiak izan ziren. Jarraian, erraldoiek piztu zuten giroa, “Ikusi mendizaleak” aho batez kantaraziz. Ozen entzun zen: «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak!». Heldu zein txikien txalo zaparrada jaso zuten; eguzkipean dantzan eta jirabiraka orduak zeramatzaten konpartsako kideek.

Giroa erabat aldatu zen apezpikua eta apaizak kalera iritsi zirenean. Txistuak ugaritu ziren, eta «UPN kanpora!» oihuak ere ozen entzun ziren udal ordezkaritza hurbildu zenean. Iruñeko alkate Joseba Asiron iritsi zen azkena, Garbiñe Bueno, Maider Beloki eta Joxe Abaurrea alderdikideekin batera. Talde berean zihoan Cristina Ibarrola ere. Hura agertu zenean txaloak eta txistuak nahastu ziren momentu batez, baina berehala gailendu ziren txaloak eta jauziak La Pamplonesa udal bandaren lehenengo konpasak entzun orduko.