EDITORIALA

Amnistiaren aurkako kolpeak ez du heldulekurik

Amnistia Legeak Europako zuzenbidea errespetatzen duela berretsi zuen atzo Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. Garrantzia kentzen saiatuko direnen aurrean, gogorarazi behar da ondorio zuzen batzuk izango dituela, beste auzibide batzuk desblokeatzen dituela, eta, oro har, mezu garrantzitsu bat bidaltzen duela: epaile espainolen matxinadak ez du helduleku juridikorik. Jakinagatik ere, ez dago sobera tarteka norbaitek gogoraraztea denak ez duela balio. Pedro Sanchezen eta haren Gobernua babesten duen gehiengoaren aurkako kanpainak Amnistia Lege horretan mugarria izan zuela jakinik, Luxenburgoko epaiak dimentsio politiko sakona dauka.

Gainera, ez da egia ez daukala ondorio zuzenik. CDRen aurkako “Judas” operazioan atxilotutako 13 pertsonei oraindik ez zaie amnistia aplikatu, Auzitegi Nazionalaren arabera, Europako direktiba «antiterrorista» urra zezakeelako. Hori horrela ez dela esan du Luxenburgok. Hortaz, 13 lagun horientzat, amnistiak berehalakoa izan behar luke. Era berean, Kontu Auzitegiko hainbat kasuk ere bertan behera geratu beharko lukete.

Beste kontu bat da prozesu subiranistaren buruzagiena. Carles Puigdemonten eta erbesteratutako beste bi kideren kontrako atxiloketa aginduek indarrean diraute, eta ERCko buru Oriol Junquerasen eta epaitu eta partzialki amnistiatu zituzten beste hiru gobernukideen inhabilitazio zigorrek bere horretan jarraituko dute oraingoz, Auzitegi Gorenak «fondo publikoak bidegabe erabiltzea» modu tranpatian aplikatu baitzuen. Atzoko sententziak, edonola ere, epaitegi espainolen bidea berraktibatu du, Auzitegi Konstituzionalak esan baitzuen ez zuela aferari buruz ezer erabakiko Luxenburgoko epaia ezagutu arte. Orain, buruzagi katalanen babes errekurtsoak aztertu beharko ditu. Erabaki loteslea izango da, baina Gorenak oraindik luza dezake auzia berriz Luxenburgora joz.

Auzipetuen bidea argitzen du atzoko epaiak, baina bide hori luzea da oraindik, eta orduko Katalunia ez da dagoeneko gaur egungoa. Izan ere, estrategia politikoak estrategia juridikoen mende uzteak baditu bere arriskuak, epaitegietan lortutako garaipenak ez baitira berez garaipen politiko bilakatzen.