Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Maletak

Orain dela urte batzuk “Ipuinen bidaiaria” ipuin ikuskaria estreinatu nuen. Gizon bati, urtetan bere herrialdetik urrun lanean egondakoa, herrira itzultzerakoan galdetzen diote nola eman zituen urte horiek guztiak urrutiko lurraldeetan. Bere erantzuna laburra da: lanean. Orduan, ohartzen da eraman zuen maleta zahar hura etxeratzerakoan hutsik dagoela, zer kontatu ez duela. Horrekin kezkatuta, erabakiko du lagunek edo senitartekoek euren bidaietatik ekartzen dizkioten opariak baldintza bakar batekin onartuko dituela: opariak istorio bat ekarri behar du. Opariak maleta zahar hartan gordeko ditu. Etxera bisitan norbait etortzen denean, maleta zabaldu eta bertan bildutako opariak ateraz, bakoitzaren istorioa kontatuko du, munduan barrena bidaia fantastikoa eginez.

Uda bidaia aroa da. Munduko txokoak ezagutzeko parada ematen dute oporrek, eta, norberaren ahalmen ekonomikoaren arabera, gertuko edo urrutiko munduak bisitatzera abiatuko gara. Itzulitakoan, ordea, zer kontatuko dugu? Zein izango da bidaia horren oroimena? Entzulearen iruditeria fantastikoa elikatuko duen gertaera liluragarririk izango dugu kontatzeko? Edo, aldiz, sega-potoan gordetako milioika argazkiekin torturatuko ditugu horien ezagutza eskatu ez diguten gertukoak? Sakelakoak bihurtu ote ditugu gure bidaien maletak?