Sindikatuen erantzuna «ondorio larriak» izango dituen akordioari
Sindikatu guztiek, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) izan ezik, Osakidetzako Mahai Sektoriala uztea erabaki dute Osasun Sailak medikuekin sinatutako hitzarmenarekin ez daudelako ados. Mobilizazioak iragarri dituzte, grebak barne.

Osakidetzako Mahai Sektorialean parte hartzen duten sindikatu guztiek, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) izan ezik, mahaia uztea erabaki zuten atzo, EAEko Osasun Sailak foro horretara eraman duen azken proposamenarekin ez daudelako ados. Alberto Martinez sailburuak SMErekin akordioa iragarri zuen joan zen astean, guardien ereduaren inguruan eta librantzen sisteman aldaketak ezarriz, baita soldata alorreko hobekuntzak ere. Eta atzo sinatu zuten Mahaiaren bileran.
Osasun Sailak hitzarmena «historikoa» dela esan zuen, eta nabarmendu zuen «mediku eta fakultatibo espezialistak erakartzeko eta leialtzeko zailtasunei» erantzuten diela: «Mediku eta fakultatibo espezialisten jarduera profesionalaren baldintzak hobetzera bideratutako neurri espezifikoak bultzatzea da helburua, aldi berean plantillen egonkortasuna, asistentzia-jarraitutasuna eta herritarrei emandako arretaren kalitatea bultzatuz».
Sendagileen sindikatuak ere babestu egin zuen akordioa eta adierazi zuen osasun sistemaren «ardatza» medikuen kolektiboa dela. «Gure prestakuntza zabalaz eta erantzukizun bereziaz gain, urteko lanaldian jasotakoak baino ordu askoz gehiagoz lan egin behar dugun profesional bakarrak gara, pazienteei etengabeko arreta bermatu ahal izateko, profesionalen falta ordezteko eta itxaron zerrendak murrizteko, besteak beste».
«Horregatik, medikuen eta fakultatiboen arazo espezifiko bat kontuan hartu delako, proposamena sinatzea erabaki dugu, profesionalen lan baldintzak berehala hobetzea dakarrelako, batez ere atsedenaldiei, familia kontziliazioari eta gure lanaren nekagarritasuna aitortzeari dagokienez».
«UTZIKERIA ETA MESPRETXUA»
Satseren esanetan, akordioa «negoziaziorako foro legitimotik kanpo» adostu du Lakuak. Are, salatu duenez, Osakidetzako langileen %10,48 eta medikuen heren bat soilik ordezkatzen duen sindikatu batekin egin du. «Osakidetzako langileek urtebete inguru daramate profesional guztientzat funtsezkoak diren gaiak adosteko zain, baina Osasun Sailak ez die erantzunik eman eskaera horiei. Hala ere, medikuen grebak eragindako presioari amore eman dio eta akordio bat proposatu du, medikuei zuzendutako neurri ekonomikoetan oinarrituta».
Satsek atzo nabarmendu zuenez, grebak iraun duen zazpi hilabeteetan SMEk eta Osasun Sailak ez dute «proposamen bakar bat ere egin Mahai Sektorialean, eta bilerak egin dituzte Mahai Sektorialetik kanpo». Martinezen proposamenak «Osakidetzako gainerako profesionalekiko utzikeria eta mespretxua» adierazten ditu Satseren iritziz, eta, horregatik, «kalean erantzungo dugu».
GREBA MUGAGABEA
ELAk ere gogor kritikatu zuen Osakidetzak eta SMEk sinatutako akordioa. ELAren ustez, hitzarmenak ez du medikuen lan zama arintzen, guardia kopurua murriztu arren aparteko orduen bidez lan bera egiten jarraitzera bultzatzen dituelako ordainsari handiagoaren truke.
Egoera horren aurrean, ELAk eskatu zien gainerako sindikatuei udazkenean greba mugagabea deitzeko, Osakidetzako lan baldintzak eta kategoria profesional guztien egoera hobetuko dituen hitzarmen berria negoziatzeko. «Hamazazpi urteren ondoren lan baldintzen akordioa berritu gabe egon izanak erakusten du hobekuntzak borondate politikoaren araberakoak direla, eta Jaurlaritzak gatazka eta mobilizazioen aurrean soilik egiten dituela aurrerapausoak».
«FALTSUKI ITXITAKO GATAZKA»
LABek ere uste du langile kolektibo guztien ahotsa entzun behar dela, eta negoziazio kolektiboa ezin dela sindikatu bakar baten eta administrazioaren arteko aldebiko harremanera mugatu. «Mahai Sektoriala negoziazio kolektiborako esparru gisa deslegitimatu dute, nahiz eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak behin eta berriz adierazi duen Madrilek ezarritako mugak ezin zirela gainditu», adierazi zuen, eta azpimarratu «faltsuki itxitako gatazka honek ondorio larriak» izango dituela «Osakidetzako zuzendaritzarentzat, erabiltzaileentzat eta negoziazio kolektiboarentzat. Izan ere, osasun sistema publikoaren arazoak egiturazkoak dira, eta akordio honek ez ditu konpontzen; aitzitik, estali egiten ditu».
«Eredu oker bat betikotzen du akordioak eta ez die erantzuten kolektiboaren benetako arazoei», gehitu zuen LABek, eta mobilizaziorako garaia dela iragarri zuen. Udazkenean, lan baldintzak hobetzeko eta osasun zerbitzua indartzeko beste mobilizazio dinamika bat bultzatuko du, grebak barne. «Helburua mobilizazio ahalik eta zabalena bultzatzea da, gainerako sindikatu eta eragileekin elkarlanean, borroka estrategia eraginkorrena adostu eta aurrera eramateko».
«BALDINTZAK BEREIZTEN DITU»
CCOOk salatu zuenez, Osasun Sailak eta SMEk sinatutako akordioak «Mahai Sektorialaren edukia husten du eta plantilla osoaren lan baldintzak bereizten ditu». Gogorarazi zuen osasun sistema publikoa profesional guztien lanean oinarritzen den proiektu kolektiboa dela, eta plantillan bereizketak ezartzeak ahuldu egiten duela sistema.
Sindikatuak azaldu zuen bat datorrela «benetako egiturazko arazoak» daudela esatean eta «premiaz» heldu behar zaiela, «baina edozein hobekuntza Mahai Sektorialean jorratzeko» eskatu zuen, erakunde sindikal guztiekin batera. Iragarri zuen eskura dituen bide guztiak erabiliko dituela, «sindikalak zein juridikoak», Osakidetzako langileak babesteko.
Ildo horretan, UGTren iritziz, Osasun Saila eta medikuen sindikatuaren arteko akordioa «legez kanpokoa» ere izan liteke. Osakidetzari «medikuak bakarrik ardura» zaizkiola deitoratu zuen, eta ituna sendagileen lanari «gainkarga besterik ekarriko ez dion adabakia» dela salatu zuen. Konponbidea Osakidetzaren plantilla handitzean datzala uste du.
«ITZULERARIK GABEKO PUNTUA»
ESK sindikatuak ere gogor jo zuen akordioaren aurka, «itzulerarik gabeko puntua» dela azpimarratuz. «Akordioak langileak banatzen ditu, lehen eta bigarren mailako langileak sortzen ditu, interes partikularrak lehenesten ditu interes komunaren aurrean, eta Osakidetzaren egiturazko arazoei erantzun kolektiboak ematea zailtzen du. Oinarrizko printzipio baten porrota dakar: langileen lan baldintzak batera negoziatzen dira, ez kolektiboka».
«ESKn argi dugu: mahaian kolpea emateko unea iritsi da. Egoera goitik behera aldatu behar da, benetako negoziazioa berreskuratzeko, langile guztien lan baldintzak hobetu eta Osakidetzaren egiturazko arazoei aurre egiteko. Horretarako, ezinbestekoa da langile guztien erantzun sendo eta bateratua, negoziazio kolektiboa eta guztiontzako lan baldintza duinak defendatuko dituena. Hori da ESKren helburu nagusia eta horretan zentratuko ditugu gure energia guztiak: erantzun kolektibo bat eraikitzen, Osasun Saila negoziatzera eta Osakidetzako arazoei irtenbideak ematera behartuko duena», amaitu zuen.
Argi dago Osakidetzak medikuen borroka baretzea lortu duela, baina, gainerako sindikatuen erantzuna ikusita, badirudi gatazka sakon bat sortu duela EAEko osasun sistema publikoan.
Guardiak, osagarriak, ordutegia...
Osakidetza eta SMEren arteko akordioan arautzen dira medikuen guardiak. Hala, akordioak dio guardia presentzial bakoitzak librantza ekarriko duela, eta benetako lanaldi gisa zenbatuko dela. Ostiral, larunbata eta jaiegun bezperetako librantzak guardia egin eta hurrengo 25 egunetan hartu ahal izango dira. Eta, ordaintzerakoan, ospitalizazio osagarria gehi produktibitate finkoko osagarria kontuan izango dira. Produktibitate finkoko osagarria hilean 150 euro igoko da, eta, datorren urteko uztailaren 1etik aurrera, hilean beste 150 euroko gehigarria ezarriko da. Guztira, beraz, 300 euro.
Lehen mailako arretari dagokionez, lantalde bat sortuko da, sindikatu medikoak egindako proposamenak azter ditzan, «bai berehala aplikatzekoak, bai horiek osorik edo partzialki aplikatzeko kronograma». «Aplikatu beharreko» neurrien artean agertzen dira burokrazia murriztera bideratutako neurriak, eta ordutegi malgutasuna hobetzea. «Aplikazio geroratuko» neurriak ere agertzen dira, hala nola, jarduera asistentzialaren pilotajea: gehienez bost ordu, agenden autogestioarekin, eta gehienez 30 mediku-egintza egunean.
Gainera, ordutegi-malgutasuneko neurriak aplikatuko zaizkie medikuei, eta asistentzia-mailen arteko «autokontzertazioa» parekatzeko neurriak ere jasotzen dira akordioan. Lau orduko autokontzertazio-moduluak ezarriko dira, modulu bakoitzeko 328 euroko ordainsariarekin. Era berean, bi lantalde eratuko dira, lehen asistentzia mailakoa eta bigarren asistentzia mailakoa. Lantalde horiek teknikoak izango dira eta ordezkaritza paritarioa izango da Osakidetzaren eta SMEren artean, fakultatibo espezialistekin. Helburua da «osasun-sistemaren egiturazko erreformak diseinatzea eta egutegia zehaztea». Eta jarraipen batzorde paritario bat eratuko da, hiru hilean behin bilduko dena. I.S.

Kostaldean edo mendixka batean, baina herritik atera gabe

«Hay altos funcionarios con conflicto de intereses y se les ha dejado hacer»
Las perversas txoznas de Algorta

Iristea lortu duten milaka adingabeentzat «berehalako» babesa eskatu dute
