AMAIA EREÑAGA
IRUN

Erroma, Merida eta Cuscoren bidegurutzean kokatu gaitu Oiasso Museoak

“Bide guztiek Erromara daramate eta guztiak Cuscotik abiatzen dira” izenburua jarri dio Oiasso Museoak zabaldu duen bi erakusketetako bati. Udan gure iraganera bidaiatzea proposatzen digu.

Cusco eta Erroma lotu ditu Oiasso Museoak.
Cusco eta Erroma lotu ditu Oiasso Museoak. (OIASSO MUSEOA)

Egungo Irungo zorupean ezkutatuta dagoen antzinako Oiasso erromatar hirian sartzeko atea da Oiasso Museoa. «Bidasoa ibaiaren bokalean, Hispaniaren eta Akitaniaren arteko mugan, Oiasso baskoien portua izan zen antzinaroan», argitzen du museoak berak. Proposatzen digun iraganerako bidaian murgiltzeko, inauguratu berri dituzten bi erakusketa bereziki aproposak dira.

Bati izen bitxia jarri diote: “Bide guztiek Erromara daramate eta guztiak Cuscotik abiatzen dira” (2027ko urtarrilaren 10era arte). Munduaren alde banatan dauden bi hiri historiko handi lotzen ditu erakusketak: Erroma -Erromatar Inperioaren bihotza- eta Cusco -Inken Inperioaren hiriburua-. Oiasso Museoak eta Arkeolan Fundazioak Txileko Andeetako Arkeologia Museoarekin egindako lankidetza proiektuaren fruitua da erakusketa, eta inken ikuspegia eta Erromaren boterearen inguruko ohiko ikuspegia aurrez aurre jartzen ditu.

Bigaren erakusketan zeramika da abiapuntua. “Ars Fatum, mintzatzen diren pertsonak” erakusketan (irailaren 27ra arte), hamarkada bat bete berri duen Terracota Merida tailerraren zeramika-bilduma aurkezten da, Samuel Lopez-Lagok diseinatutakoa. Piezetako batzuk Madrilgo Sofia Erregina Museoan salgai egon dira. Terrecato Meridako kideak estatuko artisautza sarietan finalista izan dira eta Meridako Antzerki Klasikoko Nazioarteko Jaialdiaren edizio bakoitzerako maskara bat sortzen dute.