EuskarAbentura, ibilian Euskal Herria josteko
Uztailaren 1ean Mauletik abiatu ostean, EuskarAbenturaren zortzigarren edizioak zati handiena egin du jada, eta ostiralean helduko da helmugara, Getxora. Xerpa talde batek gidatuta, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urte bitarteko 130 gazte ari dira parte hartzen. Bidean, Euskal Herria luze-zabalean zeharkatzeaz batera, euskal geografia, kultura eta historia bertatik bertara ezagutzen ari dira.
Antolatzaile gisa parte hartzen ari diren Maddi Egiguren eta Aitzol Gil de San Vicentek gaurko GARAn azaltzen duten bezala, EuskarAbentura ekimenak euskararen biziberritzean eta Euskal Herriaren artikulazioan ekarpen esanguratsua egiten du. Hasteko, aisaldian eta lagunartean euskaraz bizitzeko beste espazio bat irekitzen du gazteen artean, eremu informaletan ere euskararen erabilera bultzatuz. Bigarrenik, Euskal Herriko gazte euskaldunak harremanean jarri eta saretu egiten ditu, muga administratibo eta mentalak gaindituz eta euskararen aberastasunaz jabetuz. Hirugarrenik, Mauletik Getxora, Euskal Herria bere osotasunean ulertzeko parada eskaintzen du, ibilian «beste mapa bat barneratuz» eta «herri bat garen kontzientzia» piztuz: «Ohartzen dira Euskal Herria zazpi probintziaz osatuta dagoela eta elkarrekin bat garela», dio Egigurenek. Azkenik, kontsumismo basatiaren aurrean, aisialdi eredu jasangarria garatzen du, oinez eta bertako ondasun kulturalaren eta naturalaren eskutik deskubrimendu oparoak egin daitezkeela ikusaraziz.
Ostiralean amaituko da EuskarAbentura, baina halako ekimenek espedizioaz haragoko arrasto indibidual eta kolektiboa uzten dute. Arrastoa ahalik eta sakonena eta zabalena izan dadin, EuskarAbenturak lantzen dituen ardatzak esparru eta urte sasoi guztietara zabaltzea da erronka: herriz herri euskarazko gazte aisialdia areagotu, Euskal Herriko gazteen arteko trukaketak sustatu, Euskal Herriaren mapa birsortuko duten bitartekoak biderkatu... Horretarako, EuskarAbentura bezalako ekimenei dagokien babes eta baliabide instituzionalak emateaz gain, ezinbestekoa izango da politika publiko anbiziotsuak egitea.

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

«Zaila da memoria lantzea, jende aunitzek ez du arbasoen ardura ikusi nahi»

Militares israelíes piden detener las acciones «terroristas» de los colonos

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»
