Amaiur EGURROLA
Ernaiko bozeramailea
GAURKOA

Euskal Herriak irabaziko du

Edozein estrategia pentsatzeko orduan funtsezko egitekoa da epe laburreko gertakarietan baino, begirada altxatu, eta perspektiba luzeagoa hartzea. Horrela, momentuan momentu gure tripak nahasten dituzten aferei ez ezik, gure herriarentzat zein gure belaunaldiarentzat determinanteak suertatu daitezkeen auziei dagokien garrantzia eman ahal diegu. Bada, igaro berri den Gizonezkoen Munduko Koparen 23. edizioa, horren adibide ezin hobea dela esango nuke.

Txapelketa luzatu den egun hauetan zehar, asko izan dira tripak nahastu dizkiguten momentuak. Hainbeste, non batzuetan, goragaleari eusteko arazoak ere izan ditugun. Nazkatu gaituzte gure herrian zehar ikusi ditugun espainolen eta frantsesen kamiseta horiek, pantailek zein gure ezagunaren komentarioek. Eta batez ere, euskaldun izateagatik eskubideak ukatzen zaizkigun kontzientzia hartzeko balio izan digu bizitakoak. Euskal Selekzioen ofizialtasuna ukatzeak eta gureak ez diren selekzioak inposatzeak, hain zuzen ere.

Asko izan gara estualdi horretan, hain zuzen ere, gertatutakoa Euskal Herria nazio ukatua den kontzientzia dugun guztiok. Bide beretik, asko izan gara gure herriaren askatasunaren aldeko borroka hautu bat baino, ezinbesteko eginbeharra dela berretsi dugunok.

Aitzitik, aipatu bezala, estualdiak estualdi, perspektiba luzeagoa hartzea ezinbestekoa da. Ildo horretan baikorrak izateko sobera arrazoi ditugula esango nuke. Ezbairik gabe, unean uneko auziei erreparatu eta borrokatzea ezinbestekoa da. Baina, era berean, horiek uneko erreakzioetan geratu ez daitezen, epe luzeko bideak jorratzeko akuilu izan behar dira. Horrela, hilabete honetan zehar hamaika herritan, hamaika modutan ernaldu dira Euskal Selekzioaren aldeko aldarriak, eta horiek Euskal Herriaren aldeko borrokan jarraitzeko aski emankorrak izan daitezke.

Munduko Koparen azken edizioa, Euskal Herriaren eta frantziar zein espainiar estatuen arteko gatazkaren erakusle argia izan da. Gainera, asko izan gara gatazka horren aterabidea Euskal Herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea izatean dagoela aldarrikatu dugun herritarrak. Are, testuinguru honek lagundu du ideia horrekin bat egiten dugun herritarrak gero eta gehiago garela erakusteko. Konparaketa azkar batekin azkar egiaztatu dezakegu. Gonbidapen bat, piztu zuen telefonoak eta bilatu orain urte bi Eurokopa Txapelketaren testuinguruan Euskal Selekzioaren alde martxan jarritako dinamika herritarrak. Alderatu horiek, hilabete honetan zehar piztutako hamaika egitasmoekin. Salto nabarmen bat dago, bai kopuruz zein horien eragin mailan ere. Bada, horiek Munduko Koparen testuinguruari lotutako aldarrikapen zehatzak baino joera orokorrago baten adibide direla esango nuke. Bizi dugun garaiarekin eta honi aterabide askatzaile bat emateko Euskal Herritik ditugun erronkekin elkarlotuta dagoena, hain zuzen.

Luze jo dezake bizi dugun garaia ezaugarritzeak, maiz osatu ditugu gisa horretako analisiak eta ez naiz errepikatuko. Baina labur esanda, gure garaiak sistema kapitalistaren fase neoliberalaren agorpena eta are basatiagoa eta autoritarioago izango den fase berri baten hasierak ezaugarritzen du. Horren baitan, kapitalismoaren kontraesanek are bortitzago estutuko gaituzte, eta prekaritatea jendartearen geroz eta sektore gehiagotara zabalduko da. Zurrunbilo horren baitan, burujabetza ukatua duen gurea bezalako herri txiki batek, ez du tresna nahikorik egoera horri aurre egiteko. Horrela, bai gure herria zein herri honetako gazteok, egoera gordin eta ziurgabe baten aurrean gaude.

Alta, egoera gordina izan arren, Euskal Herrian badaude baikorrak izateko eta beste etorkizun bat irudikatzeko arrazoiak. Gurean, hamarkadetan zehar zein egun, aurrera eramandako hamaika borroken ondorioz, egon badaude hainbat baldintza egoera horren aurrean eusteko ez ezik, alternatiba askatzaile bat gorpuzteko. Alegia, aukera dugu kapitalismo basatiari kontrajarriko zaion eta herri sektoreak zentroan jarriko dituen alternatiba bat eraikitzeko.

Bada, alternatiba horrek ezinbestean Euskal Estatuaren forma hartzen du. Hain zuzen, Euskal Herrian bai zapalkuntzak zein horien gaindipenerako borrokak nazio eskalan kokatzen direlako. Are, auzi horiek guztiak nazio gatazkan sintetizatzen dira. Alegia, Euskal Herriaren askatasun nazionala lortu ezean borroka horiek guztiek ez dute aurrera egiterik izango. Gainera, kontzientzia nazionala, zapalkuntza anitzei aurre egiteko ezinbestekoa den identitate eraldatzailea gorpuzteko sekulako lanabesa da.

Bizi dugun une honetan, norberaren nazioarekiko atxikimendua identitatearen eraikuntzarako funtsezko aldagai bihurtu da. Alegia, geroz eta gehiago dira bai Euskal Herrian zein munduko beste hainbat txokotan, bizi ditugun garai ezegonkor eta ziurgabe hauetan, gertuko eskalan ziurtasunak zein babesguneak topatzen dituzten herritarrak.

Hain zuzen, esango nuke fenomeno horrekin lotuta dagoela hilabete honetan zehar ikusi dugun herri aktibazioa. Eta horrek sekulako potentziala du, Euskal Herrian hamarkadetan zehar errotutako sen eraldatzaile, eta besteak beste antifaxista, hedatu eta garai honek eskatzen duen neurriko aktibazioa eragiteko gauza izan daitekeelako, hain zuzen.

Egoera horretan, gainera, bai Ernaik zein beste hainbat agentek herritar andanaren ezinegonekin konektatu dute, hain zuzen, Euskal Herriaren nazio izaera zein Euskal Selekzioaren aldarrikapena zentroan jarrita. Eta horri guztiari bide emateko, hainbat bide zabaldu dira; elkarretaratzeak, pankartak eta baten batek faltan sumatuko dituen kamiseta batzuk. Azken buruan, inposizioak zeharkatutako zita hau, gure herriaren askatasunaren aldeko borrokan geroz eta herritar gehiago gaudela erakusteko aukera bihurtu dugu. Hain izan da handia altxatu den olatua, non eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko aldarrikapenera aspaldiko lagunak eta ezagunak elkartu garen. Horiei guztiei, aurrerantzean ere borroka horretan murgiltzen jarraitzeko gonbidapena luzatu nahiko nieke. Garaiak hori ere eskatzen baitu.

Beraz, espainolisten eta jakobino atzerakoien erakustaldien gainetik, baditugu pozik egoteko arrazoiak. Badaude garaiak eskatzen duen neurriko herri erantzuna bultzatzeko aukerak. Eta gainera, horretarako guztirako, milaka gara prest gauden gazteak. Gure herriarekiko eta gure belaunaldiarekiko erantzukizunez, urrats bat aurrera egiteko prest. Tartean, irailaren 13an Donostian.

Jarrai dezagun bide horretan. Euskal Herriak irabazi arte!