Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Izpilikua (eta III)

Samik bakarrik daki emazteak lurrin bakarra erabili ohi zuela: izpilikuarena. Eztei-bidaian zirela izpiliku lurrin botilatxo bat oparitu zion Samik emazteari eta une horretatik aurrera bere usaina bihurtu zen izpilikuarena. Urte bateko epean bere oroitzapenen narrazio koherentea egiteko zein errealitatea irudimenetik bereizteko gaitasuna galdu du mediku ohiak, baina bere garaiko musikak eta usain jakin batzuek buruko zarata isilarazi eta nolabaiteko sosegua ekartzen diote. Hortik, Carmenek lagunduta Omarrek nekazari azokan duen postura heltzen denean Samiri aurpegian marrazten zaion irribarrea. Izpilikua usaindu eta berehala emaztearen irribarrea datorkio gogora, baita izpiliku lurrina eskumuturretan jartzerakoan (gorputzeko atal horretan bakarrik jartzen zuen lurrina, hori ere berak bakarrik dakien datua) eskuekin egiten zuen keinua ere.

Kontrakoa da Omarren erreakzioa. Gurpil-aulkiko agurea ikusi eta jarraian ilundu zaio bisaia.

Carmen lehen aldiz bere postutik igaro zenetik bestelako bizitza baten aukerari buruz hausnartzen ibili da, bizitza bat zeinetan bere iragana eta nortasuna ezkutatu beharko ez dituen. Aipatua zion lan egiten duen zentroan agure irakiar bat bazela, agian elkar ezagutzeko aukera izango zutela. Garai hartan ez zekien zein zen bere izena, orain ere ez. Baina ez du inoiz ahaztuko nor den.