Klixeen itsasoan itota

Spielberg-ek 1975ean “Jaws”-ekin mundua liluratu zuenetik, ehunka film murgildu dira marrazoen mundu zirraragarrian. Horien artean badaude maila duina lortu duten zenbait lan, baina, oro har, azpigeneroak emaitza oso irregularrak izan ditu. “Deep Water” ez da egin den okerrena, baina ez da nahikora iristen.
Los Angelesetik Shanghaira doan hegazkin komertzial batek larrialdiko itsasoratzea egin behar du sute baten ondorioz. Bizirik ateratzen diren bidaiariek elkarrekin jardun beharko dute, euren arteko desadostasunak gainditu eta bizirik irauteko bidea aurkitu, inguruan dabiltzan marrazo gosetien erasoetatik ihes egiteko.
Hegazkin-istripuen eta biziraupen-zinemaren arteko uztarketak erakargarria dirudi, eta une batzuetan hala da benetan, batez ere hasierako zatian. Filma ez da aspergarria: erritmo bizia dauka, aktoreek txukun betetzen dute euren lana, eta generoaren zaleek gozatzeko moduko pasarte batzuk aurkituko dituzte.
Arazoa da gidoia konbentzionalegia dela eta generoaren ia klixe guztiak birziklatzen dituela. Pertsonaiak ere arketipo nabarmenegien gainean eraikita daude, eta horrek zaildu egiten du haiekin benetako lotura sentitzea.
Hori guztia B serieko filmen kutsuarekin edo “Sharknado” bezalako proposamenen autoparodia kutsuarekin landu izan balute, agian emaitzak nortasun handiagoa izango zukeen. Baina filmak, kontrara, solemnitateari heltzen dio hainbat unetan; musika manipulatzailearen eskutik, bere burua serioegi hartzen du.
Tarteka eraginkorra bada ere, istorioak, pertsonaiek eta tonuak gorabehera nabarmenak dituzte.
Une batzuetan entretenigarria bada ere, marrazoen zinemaren erreferente berri bihurtzetik oso urrun dago; azpigeneroari ez dio apenas ekarpenik egiten.

Kostaldean edo mendixka batean, baina herritik atera gabe
Nula empatía, infinita torpeza

La familia Villate-Beitia contradice a la alcaldesa y le pide una rectificación

«Udalak alegazioa jarri dio lazoaren aukerari saihesbidearen alde eginez»
