Bide beretik jarraitzeko asmoa, zapatila berriak jantzita
Eibarrek seigarren denboraldia jarraian jokatuko du Bigarren Mailan, aurreko ikasturteko bigarren itzuli bikainari jarraipena ematea helburu hartuta. Futbol profesionalean debutatuko duen Jokin Aranbarrik zuzenduko du aldaketa gutxi izan dituen plantilla orekatua.

Eibarrek Lehen Mailarako bidea aurkitu zuen aurreko denboraldian. Baina beranduegi egin zuen eta bigarren itzulia zenbaki historikoekin osatuta ere, lehenengoan pilatutako desabantailak saririk gabe utzi zuen talde armagina bosgarren urtez jarraian. Igandean emango dio hasiera ikasturte berriari helburu garbiarekin: bide beretik jarraitzea. Zapatila berriekin egin beharko du.
Infernua gertutik ikusi eta zerua ukitu ondoren, Beñat San Josek denboraldi amaieran kontratua berritu zuen, baina bi aste geroago, Rayo Vallecanok Lehen Mailan debutatzeko eskaini zion aukera aprobetxatu eta alde egin zuen. Donostiarraren fitxaketarekin egin bezala, Eibarrek arriskatu egin zuen berriro ordezkoa hautatzeko orduan: San Josek Bigarren Mailan esperientziarik ez bazuen, Jokin Aranbarri ordezkoak futbol profesionalean ere ez du. Azkoitiarrak, baina, badauka beste bertute bat esperientzia falta horren truke: ederki ezagutzen du kluba, 2016an heldu eta zortzi urtean harrobiko aulkien eskailera osoa osatu baitzuen. Bueltan da, azken bi denboraldietan Bilbao Athletic zuzendu ondoren. Bertan ezagututako Mikel Balenziaga izango du alboan Ipuruan ere.
Kluba bikain ezagutzeaz gain, Aranbarrik beste faktore bat ere badu bere alde: aldaketa gutxi izan dituen plantillaren jarraitutasuna, bajaren bat garrantzitsua izan bada ere. Jose Corpasen kasua, alegia. Eibarren bost denboraldi eman ondoren, gero eta garrantzi handiagoarekin, andaluziarrak ez zuen kontratua berritu. Javi Martinez, Aritz Arambarri, Toni Villa eta Marco Moreno ere joan dira -azkena&dle;Bahiara salduta-. Horrez gain, 2029ra arte berritu ondoren, Hodei Arrillaga Mirandesen ariko da utzita.
Bestalde, Anaitz Arbillak, Juan Bernatek eta Jairek urtebeterako luzatu dute kontratua, eta 2029ra arte Luis Lopezek. Horrela, 17 dira aurreko denboralditik jarraitzen duten jokalariak. Sei fitxaketa gehitu zaizkie. Markel Arana Barakaldon utzita jokatu ondoren itzuli da. Ipurua ezagutzen dute Spartatik datorren Imanol Garcia de Albeniz eta Las Palmasetik datorren Ivan Gilek ere; biek sinatu dute 2029ra arte. Bi urtekoa da Las Palmasetik datorren Pejiñoren kontratua eta urtebetekoa Unai Elgezabalena. Azken hori ere Eibarren aritutakoa; orain, lehen etapa hartan lortu ezin izan lekua betetzea espero du, Bigarren eta Lehen Mailan eskarmentua pilatu ostean. Azkenik, Valentziak Lucas Nuñez erdilari gaztea utzi dio Eibarri denboraldi amaierara arte.
Guztien artean plantilla orekatua osatzen dute, postu guztiak bikoiztuta. Igandetik aurrera erakutsi beharko dute, bidea ahaztu ez badute behintzat.
Helburu finkorik ez, anbizio eta ilusio garbiak bai
Anaitz Arbillak atzo azaldu zuenez, armaginek ez dute «helbururik jartzen» denboraldi hasiera honetan, baina ilusioa eta anbizioa garbiak dira. Bigarren itzuliko sentsazio eta jokoari eustea da erronka, eta, gero, «argi dago beti saiatzen garela mailaz igotzea bezalako jomugak jartzen, denok nahi dugulako gauza onengatik borrokatu. Egindako lanarekin ondo eta konforme sentitu nahi dugu».
Momentuz horrela izaten ari da, kapitainaren esanetan «talde sendoa» ikusi baita udako partidetan. A.U.L.




