Traktoreak kaleen jabe, lehorte eremu izendatzea eskatzeko
Lakuako Gobernuari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehorte eremu izendatzea eskatzeko, Atacak traktore protesta antolatu du Gasteizen. Ohartarazi dutenez, «hainbat hilabete dira jada prezipitaziorik gabe eta 40 gradu inguruko tenperatura altuekin».

Zarata gorgarria izan zen nagusi, gurpil erraldoiekin batera, Arabako hiriburuko kaleetan atzo, 30 bat traktorek, bata bestearen atzetik, protesta soinuak zabaldu baitzituzten nekazari eta abeltzainen aldarrikapenak eta beharrak argi adierazteko asmoz.
Ataca (Trebiñu eta Araba Landaren Alde) elkarteak deitutako dozenaka nekazari eta abeltzainek beren traktoreekin manifestazioa egin zuten Gasteizko kaleetan zehar, erakundeei eskatzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehorte eremu izendatzeko, baita lehen sektoreari laguntzeko «berehalako neurriak» hartzeko ere. Kaleen jabe egin ondoren, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin zuten elkarretaratze batekin amaitu zen ibilbidea.
Errepideak traktoreekin betetzearen helburua izan zen, halaber, Ukrainako edo Irango gatazka belikoek ongarrien eta erregaien prezioetan duten eragina agerian uztea, bai eta Arabako nekazari eta abeltzainek bermatzen dituzten kalitate estandarrak betetzen ez dituzten produktuei Europaren ateak irekitzen dizkieten merkataritza itunak salatzea ere.
Mobilizazioan hedabideei egindako adierazpenetan, Raul Beitia Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteko presidentea denak azaldu zuen lehorteak eragindako eremu izendatzea lagungarria izango litzatekeela profesionalentzat, hala, berariazko laguntzak jaso ahal izateko, batik bat, prezipitazioen gabeziak eta tenperatura altuen gertakariek sektorean eragiten dituzten ondorio larriak arintzeko.
«Hainbat hilabete dira jada prezipitaziorik gabe, eta tenperaturak 40 graduren bueltan dabiltza; gainera, ez da prezipitaziorik aurreikusten datozen hamabost egunetan ere», azaldu zuen Raul Beitiak. Ondorioz, ohartarazi zuen egoera horrek, honela jarraituz gero, besteak beste, okela, esnea, zerealak, udaberriko laboreak, ureztatzekoak, patatak, erremolatxak eta bazkak gutxitzea ekarriko duela ziurrenik.
Lehen sektoreari eragiten dioten arazoen aurrean Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak neurriak hartzeko eskatu die Lakuako Gobernuari eta eskumena duten gainerako erakunde guztiei, «jasanezina» izaten hasi den puntu batera iristen ari baita «behar-beharrezkoa» den sektore hau.
Bere aldetik, Gerardo Lopez de Suso Atacako kideak Imanol Pradalesen Kabineteari bazka erosketa bateratua antolatzeko orduan «behar bezain arin» ez aritzea leporatu zion adierazpenetan.
Europar Batasunetik kanpoko nekazaritza produktuen etorrerari dagokionez, salatu zuen batzuek «dena kanpotik sartzea nahi» dutela, nahiz eta EBtik kanpoko produktuek ez dituzten betetzen «hemen ekoizten dugunok betetzen ditugun berme eta eskakizunak».

Egia-ostetik negazionismora, saltsa arriskutsu bat

Hernani y Errenteria responden a Insausti sobre el sinhogarismo

Baskunes Katolika, Euskal Herriko komunitate tradizionalista berria

«En nuestras reivindicaciones ven una pérdida de sus privilegios»
